Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren irudiko, «gizalegearen kontrako ekintza» bat izan zen herenegun Bilbon gertatutakoa. 05:20 aldera abisua jaso zuen Ertzaintzak, Abandon, Gogorregi txosnatik hurbil, istiluak zeudela erranez. Poliziak atzo esplikatu zuenez, berrehun bat lagun hasi ziren ertzainen kontra, eta haiek istiluen aurkako materialekin erantzun zuten bueltan. Hamalau lagun atxilotu zituzten guztira, desordena publikoak egitea egotzita. Zupiriak gaur egin ditu estreinako adierazpenak, irratian, eta «oso larritzat» jo du egoera; batik bat, «jende oso gaztea» zegoelako liskarretan.
Edonola ere, eta Bilboko Aste Nagusitik harago, udako besten balorazio orokorra egin du, eta kontatu «lasaitasuna» nagusitu dela beti. «Hori Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko elkarlanaren ondorioa da; horrek bermatu du segurtasuna herriko festa guztietan», haren iritziz.
«Ezin da onartu aldiro-aldiro zalantzan jartzea Ertzaintzaren jarduna edo haren izaera demokratikoa, nahiz eta jokabide desegokiren bat gertatuz gero, jakina, esan egin behar den»
BINGEN ZUPIRIA Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua
Baina hori ez zen izan larunbateko kasua, eta «arduratuta» agertu da horrekin Zupiria. Hamalau atxilotuetatik bortz adingabeak dira, eta sailburuaren ustez gero eta jende gazteagoa ari da «etengabe Polizia seinalatzen». Ertzaintza «gizarte honen Polizia demokratiko eta legitimoa» da Segurtasun sailburuaren ustez, eta, hortaz, «ezin da onartu aldiro-aldiro zalantzan jartzea bere jarduna edo bere izaera demokratikoa, nahiz eta jokabide desegokiren bat gertatuz gero, jakina, esan egin behar den».
Zupiriak azaldu duenez, poliziei botilak eta harriak jaurti zizkieten, alegia, «modu oso oldarkorrean eta bortitzean» hartu zituzten, eta Udaltzaingoak laguntza eskatu zion Ertzaintzari. «Gazte batzuentzat Ertzaintzaren kontrako indarkeria festetako egitarauaren parte bihurtu da, eta gauza batzuk ezin dira hain erraz onartu», salatu du.
Horiek horrela, istiluetan parte hartu zuen pertsona bakoitza identifikatzea espero du, eta «dagokion ikerketa poliziala» eginen dutela. Gero, «etxean jasoko dute izan duten portaeraren araberako isuna».
EH Bildu, Polizia ereduaz
Besten gaineko balorazioa egin du gaur Maria Del Rio EH Bilduko eledunak ere, eta, herengun izandako liskarra gaitzetsiagatik, erran du halako istiluak «gertaera puntualak» direla, ez direla ohikoak Bilboko Aste Nagusian. «Irmoki gaitzesten dugu gertatutakoa, noski, baina nahi gabe dimentsio handia ematen diegu halako ekintzei, eta uste dut ez dutela Aste Nagusia ordezkatzen». Edonola ere, polizia ereduaz hitz egiten segitu behar dela uste du, «hezkuntza sistemaz edo osasun sistemaz hitz egiten dugun moduan».