Setiaturik esnatu da gaur Eusko Legebiltzarraren egoitza Gasteizen. Eraikina erabat inguratu eta gotortzen zutenak ez ziren, ordea, manifestariak, ertzainak baizik. Izan ere, Loiuko gertaerengatik protesta egiteko eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari erantzukizunak eskatzeko 09:00etan deitua zen protestaren aurrean, polizien presentzia eskergarekin inguratu du Ertzaintzak Legebiltzarra. Florida pasealekutik hurbilduz gero, paseari goiztiarrek poliziaren zazpi furgoneta zenba zitzaketen, baita bi patruila auto ere. Legebiltzarreko ate aurrean, uniformedun dozena erdi ertzainek eta kaleko jantzidun beste bik zaintzen zuten sarrera.
Goizeko bederatziak pasatxo zirenean, hogei bat manifestari ziren Legebiltzarraren aurrean, tranbiaren bideaz bestalde, bilduak ziren pertsonak. «Eusko Jaurlaritzatik sionismoa kanpora! Ertzaintza, EAJ, Sionismoaren Konplize» zioen pankartaren atzean kontzentratu direnen kopurua pixkanaka hazten joan da, Palestinako banderen kopuruarekin batera, eta hamarretarako baziren 50 bat pertsona bertan bildurik. Palestinaren aldeko eta sionismoaren aurkako aldarriak oihukatu dituzte, baina ez da inolako istilurik izan.
Protestaren ituan, gainera, huts egin dute manifestariek: 12:00etan da hitza hartzekoa Bingen Zupiria sailburua, Segurtasun batzordean, eta Legebiltzarra zaintzen ari zen ertzainetako bati argi entzun zaio kaleko jantzidun kideari esaten: «12:00etan bertan etorriko da sailburua». Manifestariek, ordea, Zupiria goizeko bederatzietan bertan agertuko zela uste zuten, eta hamaiketara arte soilik eskatu dute kontzentratzeko baimena. Ziurrenik, beraz, ez dira sailburuarekin gurutzatuko.
Haserrea eta erantzukizun eskea
«Oso haserre gaude», laburbildu du manifestarien artean nagusi zen sentimendua Yolanda Payueta Lopez de Roblesek, Global Sumud Euskal Herria plataformako kideak. «Ez genuen espero holako jardunik polizien aldetik, egin izandako gainerako harreretan ez da arazorik egon», salatu du Ertzaintzak Loiun, Global Sumud flotillako aktibisten harreran izandako jarduna. Zupiriak aipaturiko «probokazioak» kategorikoki ukatu ditu Payuetak, eta «indarkeria soilik ertzainen aldetik» egon zela ziurtatu du.
«Ekimen zibil eta baketsua izan zen, eta jendearen aurka oldartu ziren poliziak», salatu du aktibistak. Segurtasun sailburuari «erantzukizuna bere gain» hartzea eskatu diote, baita dimisioa emateko ere, baina haien eskarak harago doaz: «Polizia eredua jarri nahi dugu mahai gainean. Erakunde sionistaren formazioa eta materiala jasotzen ditu Ertzaintzak», argudiatu du Payuetak, polizia autonomikoak Israelgo estatuarekin dituen loturak jomugan jarrita. Lotura horien «erabateko haustura» aldarrikatu dute gaurkoan.
Horixe aldarrikatzen aritu dira manifestariak, goizeko hamaikak aldera protesta desegiteko ordua iritsi zaien arte. Bost minutu lehenago hasi dira pankartak tolesten, eta hamaikak eta bosterako ez zegoen ia kontzentrazioaren arrastorik, Ertzaintzaren furgonetak kenduta. Horiek han geratu dira, Legebiltzarra inguratzen.