Txiki geratu zaie Donostiako San Telmo museoa Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren antolatzaileei. Jakinek EHUko Joxe Azurmendi katedrarekin elkarlanean antolatutako ekinaldia da, eta 2019an egin zuten lehenengoz. Maiatzean jakinarazi zuten kongresuaren beste aldi bat prestatzen ari zirela, eta parte hartzeko proposamenak jasotzeko deialdia egin. Haritz Azurmendi Jakineko kidearen arabera, lehen aldiaren tamainako zerbait prestatzea pentsatu zuten hasieran, baina ezustea hartu zuten jendearen harrera ikusita. Proposamenak iristen hasi ziren heinean, ikusi zuten jendea «elkartzeko gogoz» zegoela: «Nahiko azkar konturatu ginen San Telmo museoko espazioak ez zirela nahikoa izango». Hain zuzen, 150 hizlari elkartuko ditu Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II kongresuak; EHUren Donostiako campuseko Carlos Santamaria zentroan egingo dute, abenduaren 16tik 18ra.
Alba Garmendia kongresua antolatzeko taldeko kideak adierazi du «saio paralelo asko» egongo direla. Izan ere, zentroko bost aretotan egingo dituzte saioak, berrogei inguru orotara. «Era askotako saioak izango dira gaitegiaren eta hizlarien aldetik», gehitu du. Proposamenak aztertzeko orduan, bi formatu lehenetsi zituzten antolakuntza taldekoek: saio indibidualak eta sinposioak. Saio indibidualetan denetarik dagoela aipatu du Garmendiak; esaterako: Galder Gonzalez, Goizalde Badiola, Joseba Permach eta Iñaki Zaldua adimen artifizialaren inguruan arituko dira; Arantza Santestebanek, Pako Sudupek eta Asier Mugertzak nazioaren kontzeptua landuko dute; eta Itxaro Bordak, Gorka Bereziartuak eta Ane Arandiak literatura izango dute hizpide.
«Kongresu hau ez da Joxe Azurmendiren lanen bueltan egindakoa. Haratago doa, eta horixe erakusten dute sinposioek»
ALBA GARMENDIA Kongresuko talde antolatzaileko kidea
Sinposioei dagokienez, elkarrizketa sustatzeko proposamenak jaso dituztela kontatu du Garmendiak; batzuek Joxe Azurmendi dute ardatz; beste batzuek, aldiz, ez: «Kongresu hau ez da Joxe Azurmendiren lanen bueltan egindakoa. Haratago doa, eta horixe erakusten dute sinposioek». Hogei egingo dituzte guztira, eta hauek dira horietako batzuk: Aitziber Sarobek, Itxaso Apraizek eta Oier Etxebarriak trantsizio ekosoziala landuko dute; gainera, bi saio egingo dituzte kooperatibismoaren inguruan, eta horietako lehenengoan Ainara Udaondo, Zigor Ezpeleta eta Ander Etxebarria arituko dira —Andoni Eizagirrek egingo ditu gidari lanak—; eta Miren Iraeta, Maite Arraiza eta Josebe Iturrioz filosofiaz eta biologiaz arituko dira, Danele Sarriugarte gidari dutela.
Jada zabalik dago entzule gisa joateko izen ematea; UEUren webgunean egin daiteke, kongresuaren bezperara arte, betiere edukiera ez bada lehenago betetzen. Egitarau osoa eskuragarri dago Jakinen webgunean.
Azurmendi, komikian
Kongresua abenduaren 16ko goizean (09:30) hasiko da, Carlos Santamariako auditoriumean, Easo abesbatzaren emanaldiarekin, eta abenduaren 18an (13:30) emango diote amaiera. Azken ekitaldian Ainhoa Olaso, Usue Egia, Mikel Urdangarin eta Miren Narbaiza arituko dira solasean. Joxe Azurmendi eta Angela Davis. Esperantza zoro batez komikia hartuko dute oinarri saioan. Komiki horrek Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen iaz, eta abenduan aurkeztuko dute.
Biltzarrak bi helburu nagusi izango ditu, Joxe Azurmendi katedrako zuzendari Iñaki Zabaletak azaldu duenez. Lehena, euskal pentsamenduaren garapenean laguntzea, eta, bigarrena, euskal pentsalarien komunitatea biltzea eta osatzea; «euskal arazoez pentsatu nahi dutenen bilgune izatea», funtsean. 2025eko uztailaren 1ean hil zen Joxe Azurmendi, eta Zabaletaren esanetan, heriotza hark zerbait ekarri zien gogora: «Ezin garela geratu, gauza asko dugula egiteko». Hain zuzen, gaineratu du indarra eman ziela kongresua berriro antolatzen hasteko.
Euskal pentsamenduaren ur-jauzia-ren lehenengo aldiarekin batera sortu zen Joxe Azurmendi katedra, 2019an. Zabaletak esplikatu du urte batzuk pasatu direla ordutik, eta jardunari eustea lortu dutela: «Euskal pentsamendua garatu dugu, gure ikuspuntutik eta euskaraz». Katedrak azken urteotan aurrera eramandako zenbait ekinaldi ere aipatu ditu, esaterako, tesiei, masterrei eta gradu amaierako lanei emandako laguntzak, bai eta Ur-jauzia bilduma ere. Azurmendi ez ahazteko deia ere egin du, irizten baitio aurrera begira kontuan hartu beharreko pentsalari bat dela, eta ez dela iraganaren parte.