150 hizlari arituko dira 'Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II' kongresuan

Abenduaren 16tik 18ra bitarte egingo dute kongresuaren bigarren aldia, Donostiako EHUko campuseko Carlos Santamaria zentroan. Arantza Santesteban, Itxaro Borda, Gorka Bereziartua eta Josebe Iturrioz daude, besteak beste, parte hartzaileen artean.

Alba Garmendia, Iñaki Zabaleta eta Haritz Azurmendi, gaur Donostian kongresuaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
Alba Garmendia, Iñaki Zabaleta eta Haritz Azurmendi, gaur Donostian kongresuaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko urriaren 15a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txiki geratu zaie Donostiako San Telmo museoa Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren antolatzaileei. Jakinek EHUko Joxe Azurmendi katedrarekin elkarlanean antolatutako ekimena da, eta 2019an egin zuten lehenengoz. Maiatzean jakinarazi zuten kongresuaren aldi berri bat prestatzen ari zirela, eta bertan parte hartzeko proposamenak jasotzeko deialdia jarri zuten martxan. Haritz Azurmendi Jakineko kidearen arabera, lehen aldiaren tamainako zerbait prestatzea pentsatu zuten hasieran, baina jendearen harrerak eman zien sorpresa. Proposamenak iristen hasi ziren heinean, ikusi zuten jendea «elkartzeko gogoz» zegoela: «Nahiko azkar konturatu ginen San Telmo museoko espazioak ez zirela nahikoa izango». Hain zuzen, 150 hizlari elkartuko ditu Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II kongresuak; EHUko Donostiako campuseko Carlos Santamaria zentroan egingo dute, abenduaren 16tik 18ra.

Alba Garmendia kongresuko talde antolatzaileko kideak «saio paralelo asko» egongo direla adierazi du. Izan ere, zentroko bost aretotan egingo dituzte saioak, 40 inguru orotara. «Gaitegiz eta hizlariz era askotako saioak izango dira», gehitu du. Proposamenak jasotzerako orduan bi formatu lehenetsi zituzten antolakuntza taldekoek: saio indibidualak eta sinposioak. Saio indibidualetan denetarik dagoela aipatu du Garmendiak; esaterako: Adimen Artifizialaren inguruan arituko dira Galder Gonzalez, Goizalde Badiola, Joseba Permach eta Iñaki Zaldua; nazioaren kontzeptua landuko dute Arantza Santestebanek, Pako Sudupek eta Asier Mugertzak; eta literatura izango dute hizpide Itxaro Bordak, Gorka Bereziartuak eta Ane Arandiak.

«Kongresu hau ez da Joxe Azurmendiren lanen bueltan egindakoa. Haratago doa, eta hori erakusten dute sinposioek»

ALBA GARMENDIA Kongresuko talde antolatzaileko kidea

Sinposioei dagokienean, elkarrizketara bideratzeko proposamenak jaso dituztela kontatu du Garmendiak; batzuek Joxe Azurmendi dute ardatz, beste batzuek, aldiz, ez: «Kongresu hau ez da Joxe Azurmendiren lanen bueltan egindakoa. Haratago doa, eta hori erakusten dute sinposioek». Hogei egingo dituzte guztira, eta honakoak dira horietako batzuk: trantsizio ekosoziala landuko dute Aitziber Sarobek, Itxaso Apraizek eta Oier Etxebarriak; kooperatibismoaren inguruan bi saio egingo dituzte, eta horietako lehenengoan arituko dira Ainara Udaondo, Zigor Ezpeleta eta Ander Etxebarria —Andoni Eizagirrek egingo ditu gidari lanak—; eta filosofiaz eta biologiaz arituko dira Miren Iraeta, Maite Arraiza eta Josebe Iturrioz, Danele Sarriugartek gidatutako saioan.

Jada zabalik dago entzule gisa joateko izen ematea; UEUren webgunean egin daiteke, kongresuaren bezperara arte edo edukiera bete arte. Jakinen webgunean dago eskuragarri egitarau osoa.

Azurmendi, komikian

Kongresua abenduaren 16ko goizean (09:30) hasiko da Carlos Santamariako auditoriumean, Easo abesbatzaren emanaldiarekin, eta abenduaren 18an (13:30) emango diote itxiera. Azken ekitaldi horretan Ainhoa Olaso, Usue Egia, Mikel Urdangarin eta Miren Narbaiza arituko dira solasean. Joxe Azurmendi eta Angela Davis. Esperantza zoro batez komikia hartuko dute oinarri saioan. Komiki horrek Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen iaz, eta abenduan aurkeztuko dute.

Biltzarrak bi helburu nagusi izango ditu, Iñaki Zabaleta Joxe Azurmendi katedrako zuzendariak azaldu duenez. Lehena, euskal pentsamenduaren garapenean laguntzea da, eta, bigarrena, euskal pentsalarien komunitatea biltzea eta osatzea; «euskal arazoez pentsatu nahi dutenen bilgune izatea», funtsean. 2025eko uztailaren 1ean hil zen Joxe Azurmendi, eta Zabaletaren esanetan, heriotza hark honakoa ekarri zien gogora: «Ezin garela geratu, gauza asko dugula egiteko». Hain zuzen, kongresua berriro antolatzen hasteko indarra eman ziela gaineratu du.

Euskal pentsamenduaren ur-jauzia-ren lehenengo aldiarekin batera sortu zen Joxe Azurmendi katedra, 2019an. Zabaletak esplikatu du urte batzuk pasatu direla ordutik, eta jardunari eustea lortu dutela: «Euskal pentsamendua garatu dugu, gure ikuspuntutik eta euskaraz». Katedrak azken urteotan aurrera eramandako zenbait ekimen ere aipatu ditu, esaterako, tesiei, masterrei eta gradu amaierako lanei emandako laguntzak, bai eta Ur-jauzia bilduma ere. Azurmendi ez ahazteko deia ere egin du, bere esanetan, ez baita iragana, aurrera begira landu beharreko pentsalari bat baizik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA