Bizikidetza arazo bat ikusten du Donostiako alkateak hirian bertan: kaleko afari solidarioek «delinkuentzia tasak handitu» egiten dituztela, eta afariak banatzen diren lekuetan «esku hartzeak bikoiztu» egiten direla. Jon Insausti Donostiako alkateak errandako hitzak dira, kaleko afari solidarioak zergatik debekatu dituen argudiatzeko. Bada, kontrako efektua eragin dute haren erranek: debekua ezarri eta bi egunera, gaur, Donostiako Plaza Berria bete-bete zegoen, eta afari solidarioa inoizko jendetsuena izan da. Manifestaziora deitu du gaurko KAS Kaleko Afari Solidarioak ekinaldi boluntarioak, gertakariak salatzeko eta Insaustiri mezu argi bat bidaltzeko: «Exijitzen dugu debekua kentzea, harik eta erakundeek inor kanpoan utziko ez duen alternatiba erreal eta bideragarri bat antolatu arte».
Baina zerrenda ez da hor bukatu: «Exijitzen dugu migrazioa eta delikuentzia lotzen dituen diskurtsoak sustatzeari utz diezaiola. Eta exijitzen dugu herritarren ekimen solidarioak gutxiesteari eta kriminalizatzeari utz diezaiola».
Abiatu da mobilizazioa Plaza Berritik, manifestariek «Elkartasuna ez da delitua», oihukatzen duten bitartean. «Afaltzea ez da delitua!». Batukada batek Gipuzkoa plazaraino darama manifestazioaren isatsa: eskutik hartuta doaz manifestariak, kalearen alde banatan ilara luze-luze bat osatuta. Txaloak, zartagin hotsak eta oihuak bertzerik ez dira aditzen: «Debekuen gainetik, KAS aurrera». Foru Aldundiaren aitzinean egin dute estreinako geldialdia. Txaloak, zartagin hotsak, eta oihu gehiago.
Eta handik Narrika kalera, eskuin-ezker turistak dituztela. «Afaltzea eskubide bat da!». Abuztuaren 31 kaletik sartu dira berriz ere Plaza Berrira, baina jada ez dago utzitako moduan: Udaltzainek hartu dute eremua. «Afaria ematea ez da delitua, eskubidea da!», erran diete.
Udalaren «mespretxuak»
Behin denak plaza barrenean direla, Jon Barandiaran KASeko kidea manifestua irakurtzen hasi da: «Udalak ez du alternatiba bateraturik planteatu nahi izan, eta, gainera, mespretxatu egin du hiri honetako eta inguruetako ehunka herritarrok egiten dugun lana, urte hauetan guztietan eskubiderik oinarrizkoenak ez dituzten pertsonekin egunero elkarbizitzen lortu dugun ezagutzari muzin eginez».
Salatu du Insaustik errandakoek pertsona zaurgarriengan «gorrotoa eta beldurra» sustatzen dituela; are, «eskuin muturrarekin» bat egiten duela. «Gure lana gutxiesteaz gain, seinalatu eta kriminalizatu egiten gaitu». Bide batez, nola alkateari hala instituzioei eskatu die bazter uzteko «hitz populistak», eta lanean hasteko, «urgentziaz».
Makina bat eltze hutsik, eta bertze hainbertze ontzi beteta: zarata ateratzeko lehenak, sabelak betetzeko bigarrenak. «Afaria egingo dugu, alkateari kasurik egin gabe», izan dira manifestuaren azken hitzak. Eta lurrean eseri dira denak, elkarren ondoan afaltzen. Batzuek etxetik ekarri dute jatekoa, eta hala egin ez dutenei KAS taldekoek eman diete. «Egoera honi irtenbide duin bat emango diogu».