jon olano

Afariak eta segurtasuna

2026ko uztailaren 28a
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jon Insausti Donostiako alkateak eman du datua: udalak 316 otordu ematen ditu Otorduak programaren bitartez. Beste ehun emango ditu aurrerantzean, Jaurlaritzarekin programaren finantzaketa 500.000 euro handituta. Segurtasun eta bizikidetza arazoak sortzen omen dira afariak partitzen diren lekuetan, eta osasun publikoa ere ezbaian omen dago.

Hiru konstatazio. Bat: Kaleko Afari Solidarioek gauero-gauero 270-300 laguni ematen diete jaten, modu boluntarioan; ia udalak bere baliabide guztiekin bezainbeste. Bi: KAS debekatuta baina Otorduak programan beste ehun otordu sartuta, 200 bat lagun geratuko dira gauero afaldu gabe; ez dirudi horrek segurtasuna areagotuko duenik: ez jan gabe geratzen direnena, ez inguruko bizilagunena. Segurtasun politikarik eraginkorrena bizi baldintzak asetzen dituena da.

Eta, batez ere, hiru: udalak bi aukera zituen KASekin: lankidetza edo debekua. Insaustik aliatu bakarra aipatu du: Eusko Jaurlaritza. Gizarte mugimendu ororen asmorik behinena da bere aldarrikapena politika publiko bihurtzea, instituzioek beren gain hartzea. Horixe da KASena ere. Udala eskuz esku aritu zitekeen boluntarioekin, segurtasuna eta osasun baldintzak bermatzeko, afari bila doazenei afari batez haragoko irtenbideak emateko. Baina, debekua hautatuta, herri egitasmoekin harremantzeko eredu bat ere aukeratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA