Donostiako Udalbatzak 515 milioi euroko aurrekontua onartu du 2027rako, %3,9 handiagoa

Udalak irailean proposatutako aurrekontuak baino hamahiru milioi euro gehiago ditu. Mantentze lanetarako erabiliko dute diru gehien: 109 milioi.

Donostiako Udalbatza, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako Udalbatza, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko azaroaren 6a
15:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailean, Donostiako Udalak 502 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen, baina azkenean kopuru horrek gora egin du. Izan ere, atzo Donostiako Udalbatzak 515,6 milioi euroko aurrekontua onartu zuen 2027rako; aurtengoa baino %3,9 handiagoa da. Udalak nabarmendu du «historiako aurrekonturik sozialena» dela eta zerbitzu publikoak indartzeko modua emango duela. Gastu sozialetarako 45 milioi euro jarriko dituzte, aurten baino 4,5 milioi gehiago. Hala ere, mantentze lanetarako jarriko du diru gehien udalak: 109,7 milioi euro; aurten 104 milioi izan dira. 

Jon Insausti alkateak azpimarratu du datorren urteko aurrekontuak aukera ematen duela Donostiak «aurrera egiten jarraitzeko», eta «garaian garaiko behar nagusiei erantzuteko». Mantentze lanetan eta garraio publikoan arreta berezia jarri du udalak. Datorren urtean baliabide gehiago jarriko dituzte hiriko eremuak garbitzeko, hondakinak biltzeko, eta gune publikoak kontserbatzeko. Garraio publikoan, berriz, Dbus autobus zerbitzuari 38 milioi euroko ekarpena egingo dio udalak; inoiz egin dion ekarpenik handiena izango da. 

Gastu sozialari dagokionez, aurrekontuak «funtsezko programak» indartzen dituela dio udalak, hala nola etxeko laguntza eta gizarte larrialdietarako laguntzak. Jendea gizarteratzeko eta laguntzeko programak ere handituko dituzte, eta inbertsioak egingo dira udalerriko ekipamenduak hobetzeko; besteak beste, Bretxako gizarte zerbitzuen zentro berrian, Erdiguneko erretiratuen etxean eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuan.

Aurrekontuaren lehentasunetako bat etxebizitza dela azpimarratu du udalak. Etxebizitza babestuen eta eskuragarrien promozio berriak bultzatzen jarraituko dute. Hirigintza arloak 23 milioi euroko aurrekontua du 2027tik 2030erako, eta bertan sartzen dira, besteak beste, Illarra Berri eta Txomin Enea II proiektuak. Horrez gain, udalak lanean segitzen du Loiolako kuarteletan 1.700 etxebizitza eraikitzea helburu duen proiektuan.

Gainera, aurrekontuetan dirua jarri dute Okendo kultur etxea konpontzeko, Egian Udaltzaingoak eta Ertzaintzak erabiliko duten komisaria bat eraikitzeko, eta suhiltzaileen parkea handitzeko.

Zergak igo

Donostiarrek zerga gehiago ordaindu beharko dituzte —%6,5 handituko dira zuzeneko zergak—, baina kanpotarrek ere egingo diete ekarpena udal kutxei. Insaustik azaldu duenez, espero dute turismo egonaldien gaineko tasak 5,4 milioi ekarriko dituela. 

EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuaren «jarrera negoziatzailea» nabarmendu du Insaustik. «Bazkideen botoez gain gehiago behar ez genituen arren, udal gobernuak azken minutura arte talde guztiekin harremanak areagotu ditu, alderdi politiko guztien zuzenketak onartzeko», gehitu du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA