Donostiako Udalbatzak 515 milioi euroko aurrekontua onartu du 2027rako, %3,9 handiagoa

Udalak irailean proposatutako aurrekontuak baino hamahiru milioi euro gehiago ditu. Mantentze lanetara bideratuko dute diru gehien: 109 milioi.

Donostiako Udalbatzan ateratako argazki bat. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako Udalbatzan ateratako argazki bat. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko azaroaren 6a
15:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailean, Donostiako Udalak 502 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen, baina azkenean kopuru horrek gora egin du. Izan ere, atzo Donostiako Udalbatzak 515,6 milioi euroko aurrekontua onartu zuen 2027rako; aurtengoa baino %3,9 handiagoa da. Udalak nabarmendu du «historiako aurrekonturik sozialena» dela, eta zerbitzu publikoak indartzea ahalbidetuko duela. Gastu sozialetara 45 milioi euro bideratuko dituzte, aurten baino 4,5 milioi gehiago. Hala ere, mantentze lanetarako jarriko du diru gehien udalak: 109,7 milioi euro. Aurten, 104 milioi bideratu dituzte horretarako. 

Jon Insausti alkateak azpimarratu du datorren urteko aurrekontuak aukera ematen duela Donostiak «aurrera egiten jarraitzeko», eta «unean uneko behar nagusiei erantzuteko». Mantentze lanetan eta garraio publikoan arreta berezia jarri du udalak. Datorren urtean baliabide gehiago bideratuko dituzte garbiketara, hondakinen bilketara, eta gune publikoen kontserbaziora. Garraio publikoan, berriz, Dbus autobus zerbitzuari 38 milioi euroko ekarpena egingo dio udalak; inoiz egin dion handiena izango da. 

Gastu sozialari dagokionez, aurrekontuak «funtsezko programak» indartzen dituela dio udalak, hala nola etxeko laguntza eta gizarte larrialdietarako laguntzak. Jendea gizarteratzeko eta laguntzeko programak ere handituko dituzte, eta inbertsioak egingo dira udalerriko ekipamenduak hobetzeko; besteak beste, Bretxako gizarte zerbitzuen zentro berrian, Erdiguneko erretiratuen etxean eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuan.

Aurrekontuaren lehentasunetako bat etxebizitza dela azpimarratu du udalak. Etxebizitza babestuen eta eskuragarrien promozio berriak bultzatzen jarraituko dute. Hirigintza arloak 23 milioi euroko aurrekontua du 2027tik 2030erako, eta bertan sartzen dira, besteak beste, Illarra Berri eta Txomin Enea II proiektuak. Horrez gain, udalak lanean jarraitzen du kuarteletan 1.700 etxebizitza eraikitzea helburu duen proiektuan.

Mugikortasuneko, segurtasuneko, kulturako eta gizarte ekintzako jarduerak ere aurrekontuetan sartzen direla azaldu du udalak. Arlo horiei dagokienez, zenbait jarduketa izendatu ditu: Okendo kultur etxearen birgaitzea, Egiako komisaria edo suhiltzaileen parkea handitzea.

Zergak igo

Donostiarrek zerga gehiago ordaindu beharko dituzte kostuei aurre egiteko. Insaustik azaldu duenez, zuzeneko zergek %6,5eko igoera izango dute. Dena den, zeharkako zergen inguruan ere hitz egin du alkateak: Turismo egonaldien gaineko zergatik datozen diru sarreren aurreikuspena jaso dute lehen aldiz aurrekontuan, eta udalak kalkulatzen du bertatik 5,4 milioi euro ateratzea.

EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuaren «jarrera negoziatzailea» nabarmendu du Insaustik. «Bazkideen botoez gain gehiago behar ez genituen arren, udal gobernuak azken minutura arte talde guztiekin harremanak areagotu ditu, alderdi politiko guztien zuzenketak onartzeko», gehitu du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA