Etxebizitza alternatiba bat eman diote Donostian etxegabetu behar zuten familiari

Saretxek azpimarratu du «antolakuntza kolektiboan oinarritutako garaipena» izan dela. Halere, «higiezinen arloko arrazakeria» nabarmendu du, eta interes elektoralisten araberako jokamoldeak gaitzetsi.

Saretxeko kideak etxegabetzearen salatzeko prentsaurrekoan, urriaren 13an, Donostian. JAVI COLMENERO / EFE
Saretxeko kideak etxegabetzearen salatzeko prentsaurrekoan, urriaren 13an, Donostian. JAVI COLMENERO / EFE
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko azaroaren 20a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Atzo, azaroak 19, justu hilabete bete zen Egiako familia hau etxegabetu behar zutenetik, eta, sindikatuak egindako lanari esker, gaur etxebizitza alternatiba jaso duela ospatu nahi dugu». Hitz horiekin azaldu du Saretxek etxebizitza alternatiba bat eman diotela Donostiako Egia auzoan etxegabetu behar zuten familiari.

Saretxek urriaren 13an eman zuen familia horren egoeraren berri, eta, biharamunean bertan, etxegabetzearen bertan behera uztea lortu zuen, behin-behinean. Hain zuzen ere, sindikatuak azpimarratu zuen ezin zela familia hori etxegabetu, Espainiako Gobernuak urriaren 6an onartutako errege dekretuaren arabera egoera zaurgarrian baitago. Azkenean, etxegabetzea bertan behera uztea erabaki zuen epaileak, zaurgarritasun txostena lortu bitartean. Behin-behinekoa zen ebazpena, eta gehienez ere bi hilabeteko epea eman zien txostena eskuratzeko. 

Baina hara: beste etxebizitza bat esleitu zaio familiari. Horiek horrela, «adingabeak dituen familia hau ez da kale gorrian geldituko», Saretxek jakinarazi duenez. «Auzoan bizitzen jarraitu ahal izango du, urte hauetan eraiki duen ingurua eta komunitatea mantenduz». Sindikatuak «antolakuntza kolektiboan oinarritutako garaipena» izan dela azpimarratu du, baita eskerrak eman ere «hori posible egin duten auzokide guztiei».

Behin lorpena txaloturik, halere, «higiezinen arloko arrazakeria» salatu du sindikatuak, gaur goizeko agirian. Hain zuzen ere, Saretxek uste du Egiako familiaren egoerak agerian ezarri duela «etxebizitzaren gatazka ere zeharkatzen duen arrazakeria estrukturala». Familiak ez zuen etxebizitza utzi kontratua amaitu zenean, «ez zuelako beste bizilekurik aurkitzeko aukerarik», sindikatuaren ustez. «Egoera horretan, higiezinen arloko arrazakeriak rol garrantzitsua jokatu zuen, familiak etxebizitza eskuratzeko izan zituen oztopoak areagotuz».

Hots, udalaren eta instituzioen jokamoldeak positibotzat harturik ere, sindikatuak uste du norabide aldaketa hori ezin dela egoera politiko eta sozialetik bereizita ulertu: «Hauteskunde testuinguruak hasieratik markatu du 2026-2027ko ikasturtea. Egoera horretan, ez da harritzekoa Donostiako Udalak eta haren alderdi gobernukideek, EAJk eta PSE-EEk, halako neurriak hartu izana. Izan ere, etxebizitzaren problematikaren adierazpen gordinenetako bat dugu esku artean, etxegabetzeen arazoa, eta halako alternatibak eskaintzea irudi publikoa zaintzeko baliagarria izan daiteke».

Bide beretik, oroitarazi dute etxegabetzeak ez direla kasu bakanak, baizik «auzoetan egunero gertatzen den errealitate bat». Are gehiago, Saretxeren arabera, «udalak ez du erakutsi egiturazko arazo honi aurre egiteko benetako borondaterik, eta etxebizitzaren negozioa sustatzen jarraitzen du». Bereziki larria iruditzen zaie, hain zuzen, familiari eskainitako etxebizitza alternatibaren berri El Diario Vasco egunkariak eman izana, familiak berak horren berri izan aurretik: «Udalak komunikabide bati eman zion familiaren etorkizunari buruzko albistea, familia bera oraindik informatu gabe zegoela».

Horren aurrean, komunikabideei dei egin die sindikatuak, «tentuz jokatzera eta denontzako irtenbideak bultzatuko dituzten kazetaritza ikuspegiak erabiltzera».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA