Eusko Jaurlaritzari leporatu diote Osakidetzako LEPetan euskaldunak «zigortzea» eta «baztertzea»

Beste behin ere itzulpen akats larriak aurkitu dituzte Osakidetzako LEPean: azaroko etsaminetan, gutxienez hamar galderetatik batean zeuden errakuntzak. Aintzat mugimenduak, EHEk, ELAk eta LABek salatu dute egoera, Donostiako Ospitale Unibertsitarioan.

Donostiako Ospitale Unibertsitarioaren aurrean egindako elkarretaratzea. JON URBE / FOKU
Donostiako Ospitale Unibertsitarioaren aurrean egindako elkarretaratzea. JON URBE / FOKU
14789412 kepa
2026ko azaroaren 23a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Disminuyendo, itxuraz, handitzen da euskaraz; eta moderado, berriz, arina. Horixe bera pentsa daiteke Osakidetzak aurtengo eta datorren urteko LEP lan eskaintza publikoko azterketetarako prestatutako galderak irakurriz gero. Hiztegiari begiratuta, ordea, disminuir ez da handitu, baizik eta gutxitu edo apaldu, eta moderado, ertaina edo moderatua. «Ez da lehen aldia», kritikatu dute Aintzat osasungintza euskalduntzeko mugimenduak, EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek, eta ELA eta LAB sindikatuek. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari exijitu diote «berehalakoan eta gutxienez» hemendik aurrerako azterketen «kalitate egokia» bermatzea.

Osakidetzako LEPetan euskaldunoi iruzurrik ez irakur zitekeen gaur arratsaldean Donostiako Ospitale Unibertsitarioaren aurrean zabaldu duten pankartan. Elkarretaratzea eginez, Aintzat mugimenduak, EHEk, ELAk eta LABek salatu dute Osakidetzako LEPen azterketetan «euskarari eraso» egiten ari zaizkiola.

sinadurak biltzen proba osagarriak euskaraz egiteko aukera eskatzeko

Osakidetzako hainbat medikuk kanpaina bat abiarazi dute, gaixoen hizkuntza eskubideak bermatzeko asmoz. Ekimenaren helburua da proba osagarriak —analisiak, irudi bidezko diagnostikoak, endoskopiak eta bestelakoak— euskaraz egiteko aukera eskaintzea pazienteei, modu eraginkorrean eta sistematikoki. Haien ustez, hori bermatzea «ezinbesteko urratsa» da, «osasun zerbitzuen kalitatea eta irisgarritasuna hobetzeko». 

Horiek horrela, osasun profesional guztiei gutun bidez eskatzen ari zaizkie eskaria sinatzeko. «Zure sinadurak ekarpen esanguratsua egingo du osasun sistemaren hobekuntzan, eta herritarrekiko hurbiltasuna eta konfiantza sendotuko ditu», adierazi diete. Bildutako sinadurak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusira helaraziko dituzte.

 

Emandako prentsaurrekoan esplikatu dutenez, deialdi horretako azterketak ikuskatu dituzte, eta, haien hitzetan, «euskararekiko utzikeria eta gutxiespena agerikoak» dira. Atzealde-aurrealdeko jarri dute posteroinferior hitzaren ordain gisa, atze-beheko jarri beharrean; años, berriz, uneak itzuli dute, nahiz eta urteak behar lukeen; eta administrar hitzaren baliokidea hartu ei da, eta ez eman. Horretaz gain, zenbait hitz c-rekin agertzen dira, k-rekin agertu beharrean; azentu markak non-nahi; «b y c okerrak dira» eta gisa bereko esaldiak; eta gaztelerazko akronimoak gaizki itzulita edota zuzenean gazteleraz jarrita.

«Euskarazko azterketa ereduak espainierazkoaren itzulpen txarrak dira; ondorioz, azterketak euskaraz egiteak zigortu egiten du euskalduna», azpimarratu dute. Izan ere, eragile horien arabera, «itzulpen akats larri horiek zuzenean kalte egin diezaiekete azterketa euskaraz egitea aukeratzen duten hautagaiei, gaizki itzulitako galdera baten ondorioz oker erantzuteko arriskua baitute, eta horrek nota apalagoa ekar diezaieke».

Hori gutxi izango balitz bezala, gehitu dute «azterketak euskaraz prestatzea ere oztopatzen» dietela, ikasmateriala gazteleraz bakarrik baitago. «Beraz, birritan baztertzen gaituzte». Hori horrela, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote euskarazko ikasmateriala sortzeko, azterketetako akatsak zuzentzeaz gain.

Akatsak, zuzendu gabe

Osakidetzak azterketak egin aurretik argitaratzen ditu galdera zerrenda horiek. Gai espezifikoetako sortek berrehun, hirurehun edo bostehun galdera izan ohi dituzte, kategoriaren arabera; eta azterketarako 110 galdera aukeratzen dituzte guztira, argitaratutako galdera guztien artetik. Besteak beste, erizaintzako azterketan, 52 akats arin eta 24 larri aurkitu dituzte: 76 akats guztira. Eta erizain laguntzaileen, zeladoreen eta zerbitzuetako langileen etsaminetan, berriz, berrogeitik gora. «Kontrara, gaztelerazko azterketetan akats esanguratsurik ez dago», gaitzetsi dute.

LABek jakinarazi duenez, urriaren 23an eskatu zioten Osakidetzari galdera akastunak kentzeko 2023-2024-2025eko LEParen bigarren faseko etsaminetatik. 16.000 galderen artean, 2.019 akats aurkitu zituzten; galderen %12,62k zuten akatsen bat, alegia. Horiek dira azaroan egiten dabiltzan azterketak.

6.150

Zenbat galderatan aurkitu dituzten akatsak. LEParen bi faseak batera hartuta, 37.200 galderetatik 6.150tan itzulpen akats larriak aurkitu dituzte euskarazko bertsioan; hau da, galderen %16,53k dute halako akatsen bat.

Are, gehitu dutenez, bigarren faseari buruzko LABen txostena jaso ondoren, Osakidetzak hirugarren faseko galdera sorta berriak argitaratu zituen azaroaren 2an. Azterketa horiek 2027ko otsailean egitea aurreikusia dute. «Hirugarren faseko 21.200 galderen artean, euskarazko itzulpen akats larriak aurkitu ditugu 4.131tan», zehaztu du LABek.

«Egoerak okerrera egin du LABen ohartarazpenaren ondoren argitaratutako hirugarren faseko sortetan: akats larriak dituzten galderen proportzioa ia zazpi ehuneko puntu handiagoa da, bigarren fasean baino», ohartarazi dute. Bi faseak batera hartuta, 37.200 galderetatik 6.150tan itzulpen akats larriak aurkitu dituzte euskarazko bertsioan; galderen %16,53tan, alegia. Sindikatuak akats guztiak batu ditu, eta Interneten ikusgai jarri.

Aurrekariei erreparatuta, eragileek ez dute uste Eusko Jaurlaritzak neurririk hartuko duenik. «Akatsak zuzendu bakarrik ez, azterketa hauek euskaraz diseinatu beharko lituzkete, eta ez beti espainieraz diseinatu eta gero itzulpenak egin. Hori baita hein handi batean hain gaizki itzulita egotearen arrazoia», nabarmendu du Adrian Zelaia Aintzat mugimenduko kideak.

Ildo berean, EAJ eta PSE-EE egin ditu egoeraren erantzule, «Jaurlaritzaren arduradun nagusiak izanik, haien ardura baita ziurtatzea herritarrek berme berberak dituztela LEPetan parte hartzeko, euskaldunak izan ala ez».

Gaixoen kalterako ere bai

Aintzat mugimenduaren, EHEren, ELAren eta LABen ustez, «herritarron eskubideen» kontrakoa da gertatzen ari dena, baita «kalitatezko osasun sistema publikoaren aurkakoa» ere. Haien hitzetan, azterketetan antzemandako akatsek ez diete soilik LEPean parte hartzen duten ikasleei eta osasun langileei kalte egiten: «Ez digute euskaraz bizitzen eta gaixotzen utzi nahi», ohartarazi du Zelaiak.

Euskalduntze prozesu hori praktikara eramateko, esparru akademiko eta idatzizko esparru horietan «eskua sartzeko ordua» da, Aintzat taldekoaren hitzetan; «bai langileontzat eta baita pazienteentzat ere». «EAErako eskatzen duguna, noski, Euskal Herri osorako eskatzen dugu», gehitu dute.

«Akatsak zuzendu bakarrik ez, azterketa hauek euskaraz diseinatu beharko lituzkete. Hori ez egitea baita hein handi batean hain gaizki itzulita egotearen arrazoia»

ADRIAN ZELAIAAintzat mugimenduko kidea

Hainbat osasun zentrotan lanean ari dira jada, «euskarazko osasun arreta ezartzeko, ahoz eta idatziz», Zelaiak jakinarazi duenez. Horrenbestez, langile oro deitu du «egunerokoan paziente euskaldunei euskarazko arreta ematera».

«Argi adierazi nahi dugu osasun langileok, euskaltzaleok eta ikasleok, euskararen zein paziente euskaldunen biziraupenerako, kalitatezko osasungintzaren aldeko lanean jarraituko dugula, saretuz, antolatuz eta geure eskubideak zapaltzen dituzten neurri eta legediak desobedituz», amaitu dute eragileek.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA