Etxerik ez izatea, kalean bizitzea eta oinarrizko baliabiderik eskura ez izatea; funtsean, «etxegabezia» ez politizatzeko eskatu du Donostiako alkate Jon Insaustik, Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean. Bi aste igaro dira hark eta haren gobernu taldeak KAS debekatu zutenetik, baina, ordutik, bai boluntarioek bai herritar andanak salatu izan dute Insaustik proposatutako alternatiba ez dela «nahikoa». Halere, Insaustik Donostiako Udalaren harrera eredua defendatu du, argudiatuta sistema «ordenatua eta segurua» dela.
Donostiako alkatearen arabera, «etxegabezia» ez litzateke nahastu behar politikarekin; alabaina, esan du kale gorrian daudenei «irtenbide bat» emateko bide bakarra «administrazioak neurri politiko jakin batzuk» jartzea dela.
KAS boluntarioek osatzen dute, eta, 2020ko azaroaz geroztik, Donostian kalean bizi diren eta baliabiderik ez duten herritarrei afaria eskaini diete gauero. Debekuaren ondoren, KASek behin baino gehiagotan esan du prest dagoela udalarekin lankidetzan aritzeko; Insaustik, ordea, beste aliantza batzuk hobetsi ditu.
Hain justu, «laguntza falta» nabarmendu du Donostiako alkateak: «Donostiak ezin dio bakarrik aurre egin egoera honi». Hori dela eta, jakinarazi du irail hasieran herri mugakideetako agintariekin bilduko dela, «estrategia komun bat» osatzeko. KASen inguruan galdetuta, «tentsioa apaltzeko» deia egin du, iritzita KASeko boluntarioek eta udal taldeak gauza bera nahi dutela: irtenbide bat ematea. «Eztabaidatu dezakegu ereduaren inguruan, gehiago edo gutxiago gusta dakiguke, baina eztabaida hau da, eta hauxe da dagoena», gehitu du.
Eredu «exijentea»
Eredu horren arabera, «gizarteratzeko eta lan egiteko asmoa» duten pertsonak artatuko dituzte. Eta baldintzetako bat da pertsona horien «izen-abizenen, iraganaren eta etorkizunerako planen» berri izatea. «Eredu hau humanista baina exijentea da», esan du Insaustik. KASek eredu hori kritikatu izan du, baita Donostiako Udalaren jarrera ere. Uztail amaierako bilkuraren ondoren, KASek salatu zuen udala ez dagoela «ezer aldatzeko prest»; are, haien jarduna debekatu zutenetik zenbait boluntariok «jazarpen poliziala» pairatu dutela ere salatu izan dute.