Astebete baino gehiago pasatu da Donostiako Udalak kaleko afari solidarioak debekatu zituenetik. Eta aste bakarra nahikoa izan da KAS Kaleko Afari Solidarioak ekinaldi boluntarioak ondoriorik suma dezan hirian. Ohar bat atera du gaur, salatzeko «hirian bizi diren pertsona migratzaile askoren egoera are larriagoa» dela orain. Hala, «leku finkorik gabe eta giza erantzukizunari jarraikiz», ogitartekoak banatzen hasi dira KASeko kideak, eta hauxe jaso dute bueltan: «Jazarpen poliziala».
Zehazkiago, salatu dute Udaltzaingoak KASeko zenbait boluntario atxiki eta identifikatu dituela ogitartekoak banatzen ari ziren bitartean, gibeletik joan zaizkiela jarraika, eta argazkiak egin dizkietela horretarako baimenik eduki gabe. «Onartezin deritzogu elkartasuna kriminalizatzeari, beren denbora eta dirua zaurgarritasun ezin handiagoa sufritzen dutenei laguntzeko erabiltzen dituztenak gaizkile gisa tratatuak izateari».
Migratzaileak identifikatu
Baina argazkiak ez dizkiete boluntarioei bakarrik atera, esplikatu dutenez: «Jakin dugu Udaltzaingoa gazte migratzaileak identifikatzen eta argazkiak ateratzen ari dela sistematikoki, argazki artxibo bat osatzeko, etorkizunean zerbait gertatzen bada identifikazioak errazte aldera». Jakin dutenaren arabera, pertsona horien itxura fisikoa aldatzen bada, eguneratu egiten dituzte argazkiak. «Gertakari horiek egiazkoak badira, zinez kezkagarria da praktika hori, kolektibo oso bat estigmatizatzen baitu izate hutsagatik, susmagarri iraunkor gisa tratatuz».
Donostiako Marruma tabernako langile batek pintxo bat atera zion «zaurgarritasun egoeran dagoen migratzaile bati», eta, kalera atera zenean, tabernariak bi udaltzain zeuzkan esperoan, identifika zedila eskatzeko.
Eta bertze gertakari bat dute salatzeko: Donostiako Marruma tabernako langile batek pintxo bat atera zion «zaurgarritasun egoeran dagoen migratzaile bati», eta, kalera atera zenean, tabernariak bi udaltzain zeuzkan esperoan, identifika zedila eskatzeko.
«Elkartasuna ezin daiteke izan jazarria izateko arrazoi», salatu du KASek. «Ez dugu onartuko elkartasunez aritzen direnak beldurtzea, ezta migratzaileak definizioz susmagarriak balira gisa seinalatuak izatea ere».