Insaustik eskatu du «ez politizatzeko» etxerik ez dutenen egoera

Donostiako alkateak udalaren harrera eredua defendatu du, argudiatuta sistema «ordenatua eta segurua» dela. KASekin dagoen «tentsioa apaltzeko» deia egin du; boluntario taldeak prentsaurrekoa egin du eguerdian.

Jon Insausti, Donostian, asteon. GORKA RUBIO / FOKU
Jon Insausti, Donostian, asteon. GORKA RUBIO / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko abuztuaren 14a
12:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxerik ez izatea, kalean bizitzea eta oinarrizko baliabiderik eskura ez izatea; funtsean, «etxegabezia» ez politizatzeko eskatu du Donostiako alkate Jon Insaustik, Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean. Bi aste igaro dira hark eta haren gobernu taldeak KAS debekatu zutenetik, baina, ordutik, bai boluntarioek bai herritar andanak salatu izan dute Insaustik proposatutako alternatiba ez dela «nahikoa». Halere, Insaustik Donostiako Udalaren harrera eredua defendatu du, argudiatuta sistema «ordenatua eta segurua» dela. 

Donostiako alkatearen arabera, «etxegabezia» ez litzateke nahastu behar politikarekin; alabaina, esan du kale gorrian daudenei «irtenbide bat» emateko bide bakarra «administrazioak neurri politiko jakin batzuk» jartzea dela.

KAS boluntarioek osatzen dute, eta, 2020ko azaroaz geroztik, Donostian kalean bizi diren eta baliabiderik ez duten herritarrei afaria eskaini diete gauero. Debekuaren ondoren, KASek behin baino gehiagotan esan du prest dagoela udalarekin lankidetzan aritzeko; Insaustik, ordea, beste aliantza batzuk hobetsi ditu. 

Hain justu, «laguntza falta» nabarmendu du Donostiako alkateak: «Donostiak ezin dio bakarrik aurre egin egoera honi». Hori dela eta, jakinarazi du irail hasieran herri mugakideetako agintariekin bilduko dela, «estrategia komun bat» osatzeko. KASen inguruan galdetuta, «tentsioa apaltzeko» deia egin du, iritzita KASeko boluntarioek eta udal taldeak gauza bera nahi dutela: irtenbide bat ematea. «Eztabaidatu dezakegu ereduaren inguruan, gehiago edo gutxiago gusta dakiguke, baina eztabaida hau da, eta hauxe da dagoena», gehitu du.  

Eredu «exijentea»

Eredu horren arabera, «gizarteratzeko eta lan egiteko asmoa» duten pertsonak artatuko dituzte. Eta baldintzetako bat da pertsona horien «izen-abizenen, iraganaren eta etorkizunerako planen» berri izatea. «Eredu hau humanista baina exijentea da», esan du Insaustik. KASek eredu hori kritikatu izan du, baita Donostiako Udalaren jarrera ere. Uztail amaierako bilkuraren ondoren, KASek salatu zuen udala ez dagoela «ezer aldatzeko prest»; are, haien jarduna debekatu zutenetik zenbait boluntariok «jazarpen poliziala» pairatu dutela ere salatu izan dute. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA