«Irmoa da debekua; udala ez dago ezer aldatzeko prest». Bilkura izan dute goizean KAS Kaleko Afari Solidarioak ekinaldiko boluntarioek eta Jon Insausti Donostiako alkateak, afari solidarioen debekuen gainean solastatzeko eta alternatiba bat eskatzeko. Atzo egin zion KASek biltzeko eskaera alkateari, «debekua bertan behera uzteko eskatzeko, behintzat, alternatiba bat indarrean jarri bitartean».
Bada, atera dira bileratik, baina ez, bereziki, albiste onekin: «Emaitza ez da positiboa», aurreratu dute KASeko kideek. «Prestutasuna eta jarrera irekia erakutsi dugu adosteko afariak ematen jarraitu ahal izateko zer neurri eta zer baldintza bete beharko diren, udalak nabarmendu duen segurtasun egoera kontuan hartuta». Baina ez dago adostasunik, ez dago erdibiderik: «Gaur eta hemen, Donostiako Udalak kaleko afari solidarioak debekatu ditu. Ez du aldatzeko intentziorik».
Debekatzeak erran nahi du, gainera, hirurehun lagun inguru otordurik gabe geldituko direla. Berez, Donostiako Udalak diseinatutako Otorduak programa handitzea da alkatearen plana, baina KASek salatu du pertsona guztiak ez direla programa horretan sartzen, hura handituta ere. «Alkateak ez digu beste bilera bat egiteko aukerarik eman, ezta beste alternatiba batzuk zehaztekoa ere».
Izan ere, eta alkateak azken egunetan erran duenez, udalak alternatiba sendoago bat eman nahi dio auziari, baina KASek ez du ikusi horretarako prestutasunik duenik. «Saiatu gara, eta ekarri dugu elkarrizketaren erdigunera arazo egoera erreal eta konplexu batean afariak ematen jarraitu ahal izateko neurriak eta baldintzak zehaztu behar genituela». Izan ere, orain arte kaleko afari solidarioetara joaten ziren gehienak gaur-gaurkoz ez daude Otorduak programan, eta gehienek otordu bakarra dute eguneko. «Ez du jarrera irekirik erakutsi egoera lantzeko, eta ez dute inolako aukerarik ireki. Donostiako Udalari elkarren artean soluzio bat ematea proposatu nahi genion, baina ez dute halakorik nahi», salatu dute boluntarioek.
Alternatiba, abuztuan
Donostiako Udalak «bere kabuz» jarri nahi du martxan alternatiba, eta, beraz, epeen inguruan galdetu diote gaurko bileran; «ikusteko egoera honek zenbat iraungo duen». Erantzun bat eman die alkateak, eta harrituta azaldu dituzte haren hitzak KASeko kideek: «Lekuak bilatzeko zailtasunak egoten dira, eta administratiboki lan asko egin behar da. Esan digu dokumentu bakarraren esperoan direla, eta abuztuan bertan lortuko dutela alternatiba aplikatu ahal izatea». Ez dute ulertzen: «Gustatuko litzaiguke sinestea, baina ezin dugu».
Gaur arratsaldean bilduko dira KASekoak, eta bileran aipatutako kontu denak baloratuko dituzte. «Gero erabaki batzuk hartu beharko ditugu, eta jendeari helarazi».
Zupiriaren babesa
Euskadi Irratiko Faktoria saioan elkarrizketa bat egin diote Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, eta, beste kontu batzuen artean, Insaustiren erabakia babesteko probestu du. Are gehiago, udalaren ebazpenarekin bat egiten duela esan du. «Segurtasun arazoak, osasun publikoa —edonori ezin zaio utzi kalean janaria ematen— eta espazio publikoaren okupazioa dira hemen dauden aferak». Gainera, esan du Donostiak neurri horiek hartzea ulergarria dela, «ez dagokion karga bat» hartzen duela eta: «Inguruko herrietako etxegabeak Donostiara etortzen dira».
Horiek horrela, adierazi du etxegabeen afera «guztiei» dagokien zerbait dela. Hortaz, ezin da «goitik behera» erabaki; hau da, Eusko Jaurlaritzak ezin du zuzenean esku hartu. Etxegabeena «zerbait berria» dela esan du, baina konponbidea «azkar» topatu behar dutela gaineratu: «Orain konpondu ezean, etorkizunean askoz larriagoa izango da».
Sustraiak bertan ez errotzea. Irudi horri tiraka, lehenik sustraiak dituztenak artatu behar direla esan zuen Insaustik. Eta gaur ere agertu da ideia hori. Afariak ematea «ondo» dagoela esan du Zupiriak, baina erakundeak nolabait erantzutera bultzatu behar dituela horrek. «Kanpotik etorri eta bertan sustrairik lortu ez dutenen egoera ezin dugu bakarrik segurtasunetik tratatu», gaineratu du sailburuak. Hala ere, nabarmendu du «arauak betetzen ez dituztenekin gogorrak izateko» eskatu dietela herritarrek.
Horiek horrela, KASen jarrera gaitzetsi du, eta otorduak eta bestelako laguntza «ondo antolatutako» erakundeen bitartez eman behar dela azpimarratu; izan ere, argudiatu du erakunde horiek, otorduak emateaz gain, pertsonen egoeraren jarraipena egiten dutela.