Donostiako Udalak kaleko afari solidarioak debekatu ditu asteon, hirian «bizikidetza eta segurtasun arazoak» eragin dituztela iritzita, eta herritar ugariren haserrea piztu du erabaki horrek. Gaur goizean eginiko agerraldi batean, Jon Insausti alkateak «onkeria eta populismoa» albo batean uzteko eskatu die kaleko afari solidarioak debekatzeagatik kritikatu dutenei. Haren esanetan, udalak «demagogia» eta «asaldura» alde batera utzi eta «ekintza ordenatuen alde» egin du. «Ausartak izan behar dugu, eta alternatibak jarri».
Udaleko zenbait sailen txosten teknikoak aintzat hartuta galarazi dute janari banaketa: Espazio Publikoaren Erabilera Unitatea, Osasun Publikoko Saila eta Udaltzaingoa. Insaustiren hitzetan, «zaila» zen afari solidarioetan banatutako jakien «jarraipen zorrotza» egitea, eta Eusko Jaurlaritzarekin egindako «aliantzari esker» osatu dute afariak ordezkatzeko proposamena: milioi erdi euroko diru laguntza emango du Lakuak, Donostiako Udalak diseinatutako Otorduak programa handitzeko. Insaustik balioa eman dio gaurko agerraldian eredu horri, uste baitu KASeko kideek gaur arte egin duten lana ez zela nahikoa. «Egoera zaurgarrian daudenei laguntzea eta jarraipena egitea profesionalei dagokie, eta administrazioaren eskutik etorri behar du horrek. Hargatik, Donostiako Udalak erantzun zehatz bat eman dio arazo horri».
Programa horrek ez ditu bermatuko, ordea, KASek banatzen dituen otordu guztiak. Insaustik berak aitortu du ehun otordu gehiago eman ahal izango dituztela; haren arabera, orain arte udalak 316 otordu banatzen ditu egunero, eta horiei gehituko zaizkie beste ehunak. Dena den, migratzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte programa horretan parte hartu ahal izateko: hirian erroldatuta egon beharko dute, edo hirian gutxienez hiru hilabete bizi izan direla egiaztatu. Hala frogatuz gero, kode bat jasoko dute, eta kode hori hiriko jatetxe jakin batzuetan erabili ahal izango dute, trukean otordu bat jasotzeko. KASen arabera, Otorduak egitasmoak emango dituen baino afari gehiago eman dituzte hori egitea debekatu dieten arte, eta ohartarazi dute orain egunero 300 bat lagun afaldu gabe geratzeko arriskua dagoela.