Donostiako 74. Zinemaldiak Naomi Watts aktore ingelesari emango dio Donostia saria, irailaren 19an, larunbatean, Kursaalean egingo den gala batean. Ekitaldi horretan, aktoreak The Housewife film luzea aurkeztuko du, Ben Shirinian zinemagile kanadarrak zuzendu duen estreinako filma.
Ospe handiko aktorea da Watts, hala egile zinemako lanetan nola ekoizpen handietan parte hartu duena, eta bi aldiz egon da Oscar sarietarako hautagaien artean. Alejandro Gonzalez Iñarrituren 21 grams (2003) filmean egindako lanagatik izendatu zuten aurrenekoz, eta J.A. Bayonaren The Impossible (2012) lanagatik gero.Â
Nazioarteko ospea David Lynchen Mulholland Drive (2001) filmari esker iritsi zitzaion Wattsi, eta, orduz geroztik, besteak beste, Peter Jackson, David Cronenberg, Clint Eastwood, Michael Haneke, Audrey Diwan, Noah Baumbach eta Rodrigo Garcia zinemagileekin lan egin du. Hain zuzen ere, Watts Donostian izan zen 2009an, Garciaren Mother & Child filma aurkezten.
Naomi Ellen Wattsek (Shoreham, Ingalaterra, 1968) Australiako telebistan hasi zuen ibilbide profesionala, 1980ko hamarkadaren amaieran —hara joan zen bizitzera nerabe zela—, eta herrialde hartako zinema ekoizpenetan ere lan egin zuen, harik eta XXI. mendearen hasieran Hollywoodera jauzi egin zuen arte. Hain zuzen ere, Lynchek eman zion horretarako aukera, Mulholland Drive-ko protagonista nagusia izatea proposatu zionean —hasieran telesail baten atal pilotua izan behar zuen, baina gerora film gisa aurkeztu zuten—. Wattsek film hari esker eskuratu zituen lehenengo sariak.

Wattsek interpretazio dramatikoak eta estudio handietako ekoizpenak uztartu ditu bere ibilbide luzean. Hona zineman egin dituen lan ugarietarien arteko nabarmenetako batzuk: Peter Jacksonen King Kong, Gore Verbinskiren The Ring eta The Ring 2, David Cronenbergen Eastern Promises, Michael Hanekeren Funny Games, Doug Limanen Fair Game, Clint Eastwooden J. Edgar; eta Noah Baumbachen While We're Young. Orain dela bi urte Audrey Diwan zinemagile frantziarrak Donostiako Zinemaldiko lehian aurkeztutako Emmanuelle filmean ere parte hartu zuen.
Telebistan ere egin du lan, eta hainbatetan protagonistaren rolean: The Watcher; The Loudest Voice; Twin Peaks; The Return; Gypsy eta BoJack Horseman.
Aktorea ez ezik, ekoizlea ere bada Watts, eta hainbat proiektutan parte hartu du: The Painted Veil; We Don't Live Here Anymore; Funny Games; Adore; 3 Generations; The Wolf Hour eta Penguin Bloom.
Ikus-entzunezkoen mundutik kanpo, Watts emakumeen osasunaren eta menopausiaren inguruko sentsibilizazioaren aldeko aktibista konprometitua ere bada. 2022an, Stripes Beauty sortu zuen, menopausiari buruzko elkarrizketak normalizatzeko helburua duen enpresa.
Saria jasotzeaz gainera, The Housewife aurkezten ere izango da Donostian. Saria emateko galan bertan erakutsiko dute filma. Lanak, Wattsez gain, Tye Sheridan, Luke Evans, Michael Imperioli eta Lena Olin ditu protagonista, eta Ben Shirinian zuzendariaren lehen pelikula luzea da. 1964an girotuta eta benetako gertaera batean oinarrituta dago, eta kazetari gazte baten istorioa kontatzen du. Protagonistak jakingo du ustezko nazi bat New Yorken ezkutatuta bizi dela, eta susmagarri nagusiaren emazte maitagarriaren adiskide egingo da. Film luze hau zuzendu aurretik, zinemagile kanadarrak Lost in Motion (2012), Lost in Motion 2 (2013) eta Josef et Aimée (2015) film laburrak egin ditu.
Sarreren salmenta eta galak
Bihar jarriko dituzte salgai jaialdiko hiru ekitaldi nagusitarako sarrerak. Irailaren 1ean, alegia, 10:00etan hasita. Hala, irailaren 18ko inaugurazio ekitaldirako txartelak jarriko dituzte eskuragarri. Eta, horietaz gain, amaiera ekitaldirako sarrerak —irailaren 26an izango da— eta Naomi Wattsi Donostia saria emateko ekitaldirakoak ere eskuratu ahalko dira —irailaren 19an izango da gala—. Hiru saio horiek Kursaaleko auditoriumean egingo dituzte.Â
Lehendabizikoz, Fer Perez gidoigile eta zinemagile espainiarrak idatzi eta zuzenduko ditu Donostiako Zinemaldiko galak. Gainera, Los justos aurkeztuko du aurten Made in Spain sailean, fikziozko bere lehen film luzea, Jorge A. Lararekin batera zuzendua.
Fariba Sheikhan eta Mariona Teres aktoreek aurkeztuko dute inaugurazio ekitaldia, Cayetana Guillen-Cuervoren laguntzarekin. Irailaren 18an izango da hori, 20:30ean. Ekitaldian, Donostia saria emango diote Werner Herzog zuzendari, gidoigile, ekoizle eta aktoreari, Fipresci Sari Nagusia entregatzeaz gainera. Galan bertan aurkeztuko dute epaimahai ofiziala, Fatih Akinen Geister / Ghost Song filmaren emanaldiaren aurretik.Â
Biharamunean —irailaren 19an (larunbata)—, Wattsek jasoko du Donostia saria; ekitaldia 22:15ean hasiko da. Gero, The Housewife filmaren emanaldia egingo dute.
Azkenik, irailaren 26an (larunbata) amaierako ekitaldia egingo da, 20:30ean hasita eta Barbara Goenaga eta Fernando Guallar aktoreek aurkeztuta. Galan Donostiako Zinemaldiaren 74. aldiko sariak banatuko dituzte, eta Michael R. Roskam zuzendariaren Le Faux Soir filma proiektatu, aurtengo Sail Ofizialari lehiaz kanpo amaiera emango dion pelikula.
Ohi bezala, Belodromoak amaierako galaren zuzeneko emanaldia eta amaierako filmaren emanaldia ere hartuko ditu. Zeremoniaren aurretik, 18:00etan, Juste une illusion filmak amaiera emango dio, lehiaz kanpo, Perlak sailari. Film luze hori proiektatu eta zeremonia eman ondoren, Sail Ofiziala lehiaz kanpo ixten duen Le Faux Soir filma proiektatuko dute Belodromoan.
Saio horietarako guztietarako sarrerak ere bihar jarriko dira salgai, irailaren 1ean, 10:00etatik aurrera, Donostiako Zinemaldiaren (sansebastianfestival.janto.es) eta Kutxabanken (tickets.kutxabank.es) webguneen bitartez.