Naomi Watts aktoreak Zinemaldiaren Donostia Saria jasoko du

Irailaren 19an emango diote saria, Ben Shirinian zuzendariaren 'The Housewife' emango duten galan.

Naomi Watts, 2009an Donostiako Zinemaldian izan zenean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Naomi Watts, 2009an Donostiako Zinemaldian izan zenean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
mikel lizarralde
2026ko abuztuaren 31
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako 74. Zinemaldiak Donostia Saria emango dio Naomi Watts aktore ingelesari, irailaren 19an, larunbatez, Kursaalean egingo den gala batean. Ekitaldi horretan, aktoreak The Housewife film luzea aurkeztuko du, Ben Shirinian zinemagile kanadarrak zuzendu duen estreinako filma.

Ospe handiko aktorea da Watts, hala egile-zinemako lanetan nola ekoizpen handietan parte hartu duena, eta bi aldiz egon da Oscar sarietarako hautagaien artean. Aurrenekoz Alejandro Gonzalez Iñarrituren 21 grams (2003) filmean egindako lanagatik izendatu zuten, eta ondoren J.A. Bayonaren The Impossible (2012) lanagatik. 

Nazioarteko ospea David Lynchen Mulholland Drive (2001) filmari esker iritsi zitzaion Wattsi, eta orduz geroztik, besteak beste, Peter Jackson, David Cronenberg, Clint Eastwood, Michael Haneke, Audrey Diwan, Noah Baumbach eta Rodrigo Garcia zinemagileekin lan egin du. Hain zuzen ere, 2009an, Donostian izan zen Watts, Garciaren Mother & Child filma aurkezten.

Naomi Ellen Wattsek (Shoreham, Ingalaterra, 1968) Australiako telebistan hasi zuen ibilbide profesionala 1980ko hamarkadaren amaieran —hara joan zen bizitzera nerabe zela—, eta herrialde hartako zinema ekoizpenetan ere lan egin zuen, XXI. mendearen hasieran Hollywoodera jauzi egin zuen arte. Hain zuzen ere, Lynchek eman zion aukera hori Mullholland Drive-ko protagonista nagusia izatea proposatu zionean —hasiera batean telesail baten atal pilotoa izan behar zuen, baina gerora film gisa aurkeztu zuten—. Film harekin bere lehenengo sariak eskuratu zituen Wattsek.

'Mulholland Drive' filma
Naomi Watts eta Laura Harring Mulholland Drive filmean.

Wattsek interpretazio dramatikoak eta estudio handietako ekoizpenak uztartu ditu bere ibilbide luzean. Hona hemen zineman egindako lan ugarietako nabarmenetako batzuk: Peter Jacksonen King Kong, Gore Verbinskiren The Ring eta The Ring 2, David Cronenbergen Eastern Promises, Michael Hanekeren Funny Games, Doug Limanen Fair Game, Clint Eastwooden J. Edgar; eta Noah Baumbachen While We're Young. Orain dela bi urte Audrey Diwan zinemagile frantziarrak Donostiako Zinemaldiko lehian aurkeztutako Emmanuelle filmean ere parte hartu zuen.

Telebistan ere egin du lan, eta hainbat rol protagonista izan ditu: The Watcher, The Loudest Voice, Twin Peaks: The Return, Gypsy eta BoJack Horseman.

Aktore ez ezik, ekoizlea ere bada Watts, eta hainbat proiektutan parte hartu du: The Painted Veil, We Don't Live Here Anymore, Funny Games, Adore, 3 Generations, The Wolf Hour eta Penguin Bloom.

Ikus-entzunezkoen mundutik kanpo, Watts emakumeen osasunaren eta menopausiaren inguruko sentsibilizazioaren aldeko aktibista konprometitua ere bada. 2022an, Stripes Beauty sortu zuen, menopausiari buruzko elkarrizketa normalizatzeko helburua duen enpresa.

The Housewife, Donostian aurkeztuko duen eta sari emanaldiaren galan erakutsiko duten filma, Ben Shirinian zuzendariaren lehen pelikula luzea da, eta Naomi Wattsez gain, Tye Sheridan, Luke Evans, Michael Imperioli eta Lena Olin ditu protagonista. 1964an girotuta eta benetako gertaera batean oinarrituta dago filma, eta kazetari gazte baten istorioa kontatzen du. Protagonistak ustezko nazi bat New Yorken ezkutatuta bizi dela jakingo du, eta susmagarri nagusiaren emazte maitagarriaren adiskide egingo da. Film luze hau zuzendu aurretik, zinemagile kanadarrak Lost in Motion (2012), Lost in Motion 2 (2013) eta Josef et Aimée (2015) film laburrak egin ditu.

Sarreren salmenta eta galak

Bihar (irailaren 1a), 10:00etan, irailaren 18ko inaugurazio ekitaldirako sarrerak jarriko ditu salgai Donostiako Zinemaldiak —Werner Herzog zuzendari alemaniarrak Donostia Saria jasoko du bertan—, baita amaiera ekitaldirako eta Naomi Wattsi Donostia Saria emateko ekitaldirako sarrerak ere. Hiru saio horiek Kursaaleko auditoriumean izango dira. 

Lehendabizikoz, Fer Perez gidoigile eta zinemagile espainiarrak idatzi eta zuzenduko ditu Donostiako Zinemaldiko galak. Gainera, Los justos aurkeztuko du aurten Made in Spain sailean, fikziozko bere lehen film luzea dena eta Jorge A. Lararekin batera zuzendu duena.

Fariba Sheikhan eta Mariona Teres aktoreek aurkeztuko dute inaugurazio ekitaldia (20:30ean), Cayetana Guillen-Cuervoren laguntzarekin. Ekitaldian, Werner Herzog zuzendari, gidoigile, ekoizle eta aktoreari Donostia Saria emango diote, Fipresci Sari Nagusia entregatzeaz gainera. Galan bertan aurkeztuko dute epaimahai ofiziala izango dena, Fatih Akinen Geister / Ghost Song filmaren emanaldiaren aurretik. 

Hurrengo egunean —irailaren 19an (larunbata)—, Naomi Wattsek Donostia Saria jasoko du 22:15ean hasiko den ekitaldian. Ondoren, The Housewife filmaren emanaldia egongo da.

Azkenik, irailaren 26an (larunbata), 20:30ean, amaierako ekitaldia egingo da, Barbara Goenaga eta Fernando Guallar aktoreek aurkeztuta. Galan Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioko sariak banatuko dituzte eta Michael R. Roskam zuzendariaren Le Faux Soir filma proiektatuko dute, aurtengo edizioko Sail Ofizialari lehiaz kanpo amaiera emango dion pelikula.

Ohi bezala, Belodromoak amaierako galaren zuzeneko emanaldia eta amaierako filmaren emanaldia ere hartuko ditu. Zeremoniaren aurretik, 18:00etan, Juste une illusion filmak amaiera emango dio, lehiaz kanpo, Perlak sailari. Film luze hori eman eta zeremoniaren emanaldiaren ondoren, Sail Ofiziala lehiaz kanpo ixten duen Le Faux Soir filma proiektatuko dute Belodromoan.

Saio horietarako guztietarako sarrerak bihar (irailaren 1a) jarriko dira salgai, 10:00etatik aurrera, Donostiako Zinemaldiaren (sansebastianfestival.janto.es) eta Kutxabanken (tickets.kutxabank.es) webguneen bitartez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA