Trenaren maiztasuna handitzeko lanetan ari dira Errenterian eta Usurbilen

Euskal Trenbide Sarea tunel bat egiten ari da Altzolan, eta trenbidea bikoizten Itziarren.

Susana Garcia Chueca sailburua, Altzolako tunelaren lanak bisitatzen. IREKIA
Susana Garcia Chueca sailburua, Altzolako tunelaren lanak bisitatzen. IREKIA
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko azaroaren 20a
18:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako pasabide berria irekita ez dira Topoaren inguruko lanak bukatu. Gipuzkoako sarean maiztasuna handitzea da Euskotrenen helburua, eta, horretarako, martxan dira trenbidea bikoizteko eta lurpeko bilakatzeko beste lan batzuk.  

Errenterian, Galtzaraborda auzoko trenbidea estaltzeko obrak egiten ari dira gaur egun. Hori bukatu ondoren, herriaren erdiguneko geltokian ere lan egingo dute, oinezkoek eta autoek trenbidea zeharkatu behar ez izateko. Behin lan horiek bukatuta, Topoa 7,5 minutuan behin igaroko da herritik.

Usurbilen, berriz, Aginaga auzoan bi norabide izango dituen 1,3 kilometroko tunel bat egiten ari dira, gaur egungo ibilbidea laburtzeko eta trenbidea bikoizteko. Horri esker, Zarautz eta Donostia arteko maiztasuna handitu ahal izango da, eta hamabost minutuan behin izango da trena, —lehen, 30 minutuan behin izaten zen— . Usurbilgo geltokia aurten berritu dute.

Elgoibarren ere ETS lanean ari da, Altzola auzoan zehazki. Bostehun metroko tunel bat izango da bertan, eta martxan jartzen dutenean egungo ibilbidea laburtuko du, eta, ondorioz, bidaiaren denbora murriztu eta segurtasuna hobetuko du. Itziarren ere trenbidea bikoizten ari dira. 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana Garcia Chuecak azaldu du maiztasuna hobetzeko zenbait tren gurutzatu ahal izateko modua ematen duen sarea behar dutela. «Horrek inbertsio ekonomiko handia dakar, eta Gipuzkoan horretan ari gara». 

Donostian bertan lanak ez dira erabat bukatu. Amarako geltokia lurpeko bihurtuta, 21.000 metro koadroko eremu bat libre utziko du, eta inguru horretan, besteak beste, 480 etxebizitza eta kiroldegi bat egiteko asmoa daukate. Gainera, Artzain Onaren katedralaren parean, San Martin kalea oinezkoentzat izateko lanak egingo dituzte.

    Kazetaritza etikoaren arabera sortua

    Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA