Emakumeek gero eta gehiago atzeratzen dute ama izateko adina askotariko arrazoiengatik

00:00 /

Berriketan podcastean amatasuna hartu dute hizpide; izan ere, gero eta gehiago berandutzen ari da ama izateko adina. Atzean arrazoi ekonomikoak, sozialak eta demografikoak daude.

Gaur egun, erditzeko batez besteko adina 33 urte inguruan da. Hamaika dira horren atzean dauden arrazoiak: dela egoera ekonomikoagatik, dela lan kontuengatik, dela etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunengatik... Iker Tubiak ama izateko adinaren atzeratzea izan du hizpide Berriketan saioaren atalean. Lehen baino beranduago izaten dira emakumeak ama, eta horren atzean dauden askotariko arrazoiei buruz mintzatzeko beste kazetari bat elkarrizketatu du: Maite Asensio Lozano feminismo gaiak jorratzen dituen kazetaria.

Asensiok datuei erreparatu die; izan ere, gaur egun gehiago dira lehenbiziko haurra 40 urte baino gehiagorekin duten emakumeak 25 urte baino gutxiagorekin dutenak baino: «Azken bi hamarkadetan agerian geratu da ama gazteen kopurua murriztu egin dela. Egun 30 urte baino gehiago dutenean izaten dira ama emakumeak, eta baita 40 urte baino gehiago dutenean ere. Hego Euskal Herrian %11 dira 40 urte baino gehiagoko amak».

Europa osoan ari da joera hori errotzen. Kazetariaren hitzetan, egoera oso orokortua da, oro har: «Soziologoek eta demografoek diotenez, aurreko mendeko 60 eta 70 hamarkadan hasi zen amatasuna atzeratzen, batez ere, emakumearen emantzipazioaren eraginez. Emakumeak goi mailako ikasketak egiten hasi ziren, lan merkatuan sartu ziren eta lan ibilbidean aurrera egiten hasi ziren, eta horrekin guztiarekin dago lotuta amatasunaren atzeratzea».

Aldaketa kulturalak

Dena den, bestelako faktore batzuk ere badaude. Asensiok, ildo horretan, aldaketa kulturalak aipatu ditu; izan ere, emakumeek gero eta eskubide gehiago bereganatu dituzte, eta horrek eragin zuzena izan du amatasunean: «Gure ugalkortasunari buruz erabakitzeko tresna gehiago daude, eta lege aldetik ere aurrerapausoak eman dira: abortatzeko eskubidea, edo, esaterako, banketxe batean kontu korrontea izateko eskubidea». 

Emakumeak, beraz, gero eta autonomia gehiago daukate eta, hortaz, askatasun gehiago dute erabakitzeko haurdun noiz geratu nahi duten. Asensioren iritziz, diskurtso feministari esker auzitanclosezalantzan jarri ahal izan da amatasunaren agindua: «Belaunaldi askorentzat amatasuna agindu bat izan da, eta orain emakumeek erabaki dezakete umerik ez izatea edo ama izan aurretik beste gauza batzuk egitea». Diskurtso feministaren anbibalentziariclosezerbaiten aurrean bi jarrera, emozio edo jokaera desberdinak izatea buruz ere mintzatu da. Noemi Lopez Trujillo kazetari feministaren hitzak ekarri ditu. «Lana inportantea da emakumeentzat, gure amek eta amonek sekulako menpekotasuna izan baitzuten senarrarekiko, askok etxean egin dute lan, eta bai, lana autonomiarako diru iturri bat izan den neurrian, bada, emakumeek lan ibilbidean garatu nahi izan dute, emakumeen ahalduntzearekin lotuta baitago, baina diskurtso feministak lanari gehiegizko garrantzia eman dio, eta, aldi berean, zaintzak mespretxatu ditu». Asensioren arabera, nolabait, penduluaren beste muturrera joan gara: «Emakume askok barneratu dute amatasuna askatasunaren hilobia balitz bezala, zeren noski amatasuna oraindik zigortuta dago gizartea patriarkal honetan».

Egiturazko arrazoiak

Gazteek egiturazko arrazoiak ere badituzte guraso izateko erabakia baldintzatzeko. BERRIAko kazetariaren arabera, gazteek egonkortasuna izateko dituzten zailtasunak ugariak dira: «Lan egonkorra izateko garaia atzeratzen ari da, baita gurasoen etxetik joan ahal izateko garaia ere. Gazteek emantzipatzeko benetako arazoak dituzte, etxebizitza eskuratzeko benetako arazoak, eta horrek guztiak eragiten du gurasotasuna bezalako bizi proiektu konplexu bat planteatzeko garaian». 

Biologia, bien bitartean, ezin da aldatu. Emakumeek 35 urtetik aurrera obulu gutxiago garatzen dituzte, eta, horregatik gero eta emakume gehiagok jotzen duten laguntza bidezko ugalketa tekniketara. Asensiok joera horren atzean sortzen diren eztabaidei erreparatu die: «Ernalkuntza lagundua oso pribatizatuta dago, eta negozio handia dago horren atzean. Obuluak izoztea ere oso kontu konplexua da; emakumeei lasaitasuna ematen die, baina aldi berean, ez da hain erraza; horrekin ere negozio handia dago, 3.000 eurotik gorako kostua baitauka, eta merkatuari interesatzen zaio. Arazoa sakona da; izan ere, kontua da emakume askok ezin dutela ama izan, hori nahi dutenean ez dituztelako baldintza sozial eta ekonomiko egokiak».

Jatorrizko artikuluak