Irango Guardia Iraultzaileak esan du AEBen petroliontzi bati eraso diola
Iranek ukatu egin du Turkiara misil bat jaurti izana. Israelek Iranen eta Libanoren aurkako beste «erasoaldi masibo bat» hasi du.
* AEBek Iranen gerraontzi bat hondoratu dute Indiako ozeanoan
* Iranek ukatu egin du Turkiara misil bat jaurti izana.
Iranek eskualdeko herrialdeei eraso egiten jarraitzen du
Teheranek jarraitu egiten du eskualdeko herrialdeetako AEBen baseei eraso egiten. Bahreingo Defentsa Indarrek jakinarazi dute 75 misil eta 123 drone atzeman dituztela gerra hasi zenetik. Sei zauritu izan dira Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan, Abu Dhabin, drone bat atzeman ondoren erori diren hondakinengatik. Qatarko Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, herrialdeko aire defentsarako sistemek misil bidezko erasoak atzeman dituzte, eta Reuters berri agentziaren arabera, bonba hotsak entzuten dira hiriburuan, Dohan.
Iraken menpeko kurduen gobernuak adierazi du ez duela gerra hedatzen lagunduko
Iraken menpeko Kurdistango administrazioak ezeztatu egin du Iranen aurkako erasoetan parte hartuko duenik. «Ez gara izango gure herritarren bizitzak eta segurtasuna kaltetzen dituen gatazka edo eskalada militar baten parte », esan dio Nechirvan Barzani eskualdeko presidenteak Reuters berri agentziari.
Irango indarrek gaur goizean jakinarazi dute Iraken mepeko Kurdistango kurduen hainbat kuartel erasotu dituztela, misilen bitartez. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak lider kurduekin hitz egin duela adierazi du, «lankidetza indartzeko eta segurtasuna bermatzeko».
Rutte: «Trump babesten dugu, Iranen ahalmen nuklearrak ezabatzeko»
«Badakigu Iran gaitasun nuklearra eskuratzear zegoela: misilak sortzeko gaitasuna. Trump babesten dugu, Iranen ahalmen arriskutsu horiek ezabatzeko gaitasuna duelako» esan du Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak. Gaineratu du NATO ez dagoela zuzenean sartuta AEBen, Israelen eta Iranen arteko gerran, baina bai ari dela «funtsezko laguntza» ematen.
Azerbaijango Gobernuak Teherani egotzi dio Nakhitxevan enklabeko aireportuari eraso egitea
Azerbaijango Gobernuak Irani egotzi dio Nakhitxevan enklabeko aireportuari eraso egin izana. Bakuk jakinarazi du drone bidez egin diola Teheranek eraso Nakhitxevan enklabeko aireportuari. Iranekin mugan dago eremu horri. Azerbaijango Atzerri Gaietarako Ministerioak salatu egin du erasoa komunikatu batean: «Ekintza hauek nazioarteko zuzenbidearen aurkakoak dira, eta eskualdean tentsioa areagotzea eragiten dute». Oharrean gaineratu dute Azerbaijanek beharrezko ikusten dituen neurriak hartzeko eskubidea duela.
Israelek Beirut hegoaldea bonbardatu du
Beirut hegoaldeko zenbait auzo bonbardatu ditu Israelek goizaldean. NNA Libanoko berri agentziaren arabera, Israelek aire bidezko hainbat eraso egin ditu bertan. Hezbollah talde xiitaren gotorlekuetako bat da eremu hori. Avichay Adaree Israelgo Armadaren bozeramaileak X sare sozialean jakinarazi du Hezbollahk Beiruten dituen hainbat kuartelen aurkako erasoak izan direla. Gaineratu du talde xiitak Iranekin batera «borrokara batzeko» hautua egin duela, eta erabaki horren aurkako operazioa izan dela.
Aldi berean, Libanoko Osasun ministerioak adierazi du Tripoli hirian, Libanoko iparraldean, Israelek beste aire eraso bat egin duela, palestinar errefuxiatuen kanpaleku baten aurka. Bi lagun hil dira eraso horretan, NNAk jaso duenez.
Irango Guardia Iraultzaileak esan du AEBen petroliontzi bati eraso diola
Irango Guardia Iraultzailea indar militarrak komunikatu bat igorri du, eta jakinarazi du Persiar golkoko iparraldean zegoen AEBen petroliontzi bati eraso egin diola: «Gaur goizaldean atzeman dute Guarda Iraultzailearen itsas indarrek AEBen petroliontzia, Pertsiar golkoaren iparraldean, eta sua hartu du bertan». AEBek ez dute informazioa baieztatu.
Bonbardaketak izan dira Teheranen goizaldean
Irango hiriburua astindu dute bonbek Israelen, AEBen eta Iranen arteko gerraren seigarren egunean. Irango Tasnim berri agentziaren arabera, goizeko bostak aldera aktibatu dira Irango aire defentsak, eta hainbat eztanda entzun dira hiriburuan. Al-Jazeerak ere jakinarazi du gutxienez bi eraso egon direla Teheranen gaur. FDI Israelgo Defentsarako Indarrek ez dute eman erasoen berri, baina Iranen egindako zenbait bonbardaketen irudiak zabaldu dituzte, Teheranetik urrun egindakoak.