Joseba Azkarraga.

Adiorik ez, lehendakari

2026ko maiatzaren 4a
22:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garaikoetxearen heriotzak bete-betean hunkitu gaitu aspaldidanik harekin tratua izan dugunok, haren ondoan gure herriaren alde aritu garenok, eta hark utzitako guztiak interpelatu egingo gaitu aurrerantzean ere.

1975ean ezagutu nuen Carlos Garaikoetxea. Donostiako Ramon Maria Lili kalean ezagutu ere, hantxe baitzeukan klandestinitateko EAJ hark lokal txikitxo bat, eta han biltzen baikinen.

Handik aurrera, gure harremana bizi-bizia izan da; gaur agur esan beharra gogorra zaigu beti haren leialtasuna, adiskidetasuna eta herriarekiko konpromisoa estimatu ditugunoi.

Euskal Herriaren parte horrek zera zor dio bere lehenbiziko lehendakariari, egitura instituzionalaren eraikitzaile aritu izana denen aurretik; orobat, hortik abiaturik Estatutua onartu eta Kontzertu Ekonomikoa berreskuratu izana, gure industria berrosatu izana, herri nortasuna berreskuratu izana hari zor zaio, haren kemenari eta erabakitasunari.

Garaikoetxea lagun izango dugu beti arlo pertsonalean, elkarrekin igarotako denboran: politikan, adiskidetasunean eta bizi izandako guztian.

Badago gogora ekarri nahi dudan alor bat. Sare herritar mugimenduan, laguntza eskatu genion guzti-guztietan prest egon zen babesa emateko euskal presoen eskubideen alde. Indarkeria mota guztien biktimen mina ezin sakonago errespetaturik aritzen zen horretan ere, baina bazekien, era berean, premiazkoa zela bizikidetzaren alde aurrera egiten segitzea Euskal Herrian, haren ahalegin eta maitasun guztia beretu zuen Euskal Herri honetan.

Ez dut nahi gaurkoa agur eguna izatea. Niretzat, oroimen bizi-biziz beteriko egun bat da, aitortza zintzoa egitekoa, barren-barrenetik eskerrak ematekoa.

Mila esker, lehendakari eta adiskide.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA