mikel elorza

Apolisiarenak

2025eko irailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaixotasuna dela esango nuke, eta gogorra eta iraunkorra izan daiteke.

Sistema kognitibo, enpatiko eta mekanikoari eragiten dio. Entzumena izugarri kentzen du, ez du apenas entzuten gaixoak, soilik frekuentzia oso zehatzetan. Ikusmenari ere erasaten dio: begietan ezer antzematen ez bada ere, estrabismo akutu bat nozitzen da, begi bien begirada norbere zilborrera bakarrik joango balitz bezala. Eta mugimendua ere baldintzatzen du: hezur eta giharrak ondo daude, baina ezinezkoa da ezeren alde, eta batez ere, kontra, mugitzea. Tira, alde bai, bera eta bere zirkunstantzien alde.

Apolisia da.

Eta pairatzen duena, apolitikoa. Eta kontuz. Zenbaitek egoera leun batean izaten baitute, ez larria, baina beste batzuekin erne demonio! Izan ere, gaiztoa da sistema, birus bat ezkuta dezakete lehen aipaturiko sintomek, kontserbadurismo latzenaren birusa, eta hori jota dagoena eremu guztiak astintzen hasten da, bidenabar zuek osotoro politizatuen erraiak agerian utziz.

Dena.

Euskara guztiona dela aldarrikatuko dizu, ez arma bat, ez nahasteko politikarekin. Zaindu beharreko ondarea dela, norberak nahi duenean erabiltzekoa, jakina, jakina, debekuen aurka dago apolitikoa, baina zu artatu behar zaituen ertzainari edo medikuari ez inposatu, faborez, azken batean gaztelaniaz denok dakigu, zer kostatzen zaizue; gainera, etxekalte, talentuz beteta datozen milaka horiei ateak ixten ari zarete (talenturik gabe esku hutsik datozenei egoera erregularrean etor daitezela eskatzen die apolitikoak).

Kirola ere, zer esango didazue kirolaz. Hori baino gauza sanoagorik? Pentsa zein sanoa behar duen, kirolari trebeenak, azkarrenak, indartsuenak medikurik onenak dauzkatenak direla!! Jardun neutro eta unibertsala, denok batzen gaituena (futbol zale kontrarioak besarkada ezin estuagoan lotu ohi ditu!), bada hori ere izorratu behar duzue aldarrikapen eta kristoekin. Eta protesta egitea onartuko dizue apolisiak jotakoa, nola ez, baina errespetuz, jarduera eten gabe.

Grebak egin, bai, baina ezer gelditu gabe, lana egin nahi duenari lana egiten utziz eta, jakina, zuek greban zeundeten bitartean soldata osorik jaso duenarekin zuen lorpenak partekatuz.

Apolitikoak Justiziak begien aurrean daukan benda defendituko du, eta leporatuko zuek betaurrekoak jarri nahia. Nahiz eta zuek ez dizkiozuen betaurrekoak jarri nahi, ez benda kendu: badakizue ez dela itsua, bendarena apaingarria dela, arazoa dela bista eta gorreria selektiboak dituela, nahi duena ikusi eta entzuten duela, nahi dutena ikusi eta entzuten duela. Arazoa da Justizia apolisiaren marmitan erori zela umetan.

Eta igualtsu denean: artearekin gertatzen da, eta kultur ekitaldiekin, politikaren gaitzetik libratu behar dira; industriarekin (CAFek trenak egiten ditu, ez bonbak! gogorarazi behar izan zaizue); hezkuntzarekin, hirigintza-egitasmoekin... Pentsa zuen dogmatismoa noraino iristen den, pertsonala ere politikoa dela aldarrikatzen hasi zaretela (feministek akuilatuta, bai, horiek, politizazioak pozoitutako horiek).

Zuek dena endredatu nahi duzue, dena lohitu; haiek dena aratz eta puru nahi dute. Apolitikoak dira... inon diren pertsona politikoenak.     

Eta hortaz, bizi dugun zilbor-aro betean, besaulkiko ekintzaile amorratua naizen hau, haien kolaboratzaile bihurtuko naiz: saiatuko naiz nire jardun-eremu guztietan politikaren presentzia hauspotzen. Beste batzuek kendu behar dela esan ahal izan dezaten, besterik ez bada.  

Eta hasteko hitz batzuekin amaituko dut, hitz xume intimo batzuk, malko erabat apolitiko batek lagunduak: Bihar hil nadinean / ez etorri negarrez / ez natza lurpean / askatasun haizea naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.