Urteurren borobila biharkoa, azken hilabeteotan han-hemenka gogoratzen ari garena. Hala behar du gainera, gure historian mugarri garrantzitsua izan zelako 1936ko urriaren 7koa. Egun horretako Euzkadi egunkariko azalean bi ohar garrantzitsu: bata EAJ alderdiarena bere alkate eta zinegotziei agintzen lehendakarirako Jose Antonio Agirre Lekuberi eman ziezaiotela botoa. Bestea, Frente Popularreko alderdiek sinatua (komunistek, sozialistek, bi alderdi errepublikanoek eta EAEk) bere jendeari «aitzakiarik gabe» gauza bera egin zezatela manatzen, aho batez alderdi horien artean hartutako erabakiaren ondoren.
Bezperan azaldu zen hedabideetan nola antolatuko zen bozketa. Lau mahai jarriko ziren Bilboko lau eraikinetan: Gobernu Zibilean, Foru Aldundian, Udaletxean eta Auzitegian. Mahai bakoitzeko arduradunak ere izendatu zituzten. Herrietako ordezkariek goizeko hamarretan hasita botoa non eman beharko zuten ere argitu zen. Gehienak bizkaitarrak, normala denez; gipuzkoar dezente ere bai, baina hurrengo eguneko egunkarian bozkarioz idatzi zuen kazetariak 19 izan zirela Bilbon egotea lortu zuten hautetsi arabarrak. Kontaketa egin ondoren hona hau emaitza: Jose Antonio Agirrek 291.471 boto; Ramon Madariagak 100 boto mahai bakarrean. Bistan da bere barrutiko hautesle kopuruaren arabera zenbatu zirela hautetsi bakoitzaren bozak, horregatik eman zuten botoa ahoz.
Baina nor zen beste hautagai hori eta zer dela eta agertzen da hor, esan dugun bezala alderdi guztien aginduak garbiak baziren hautagai bakarraren alde? Ramon Madariaga Azkuenaga bilbotarra (1868-1940) legelari eta politikari errepublikanoa izan zen, estatutuaren alde lan handia egin zuena —adibidez erredakzioan—, Agirre lehendakariak berak garbi utzi zuenez. Ramonen biloba Julen Madariagak horrela kontatu zigun aitonaren pasarte hura bere autobiografian (Egiari zor. Erein 2014): «Gure aittitterekin batera zen jende horri iruditu zitzaion hautagai bakarra aurkeztea ez zela nahikoa izanen, edo ez hain demokratikoa… Hots, bertze hautagai batek bederen presentatu behar zuela. Ramoni galdegin zioten bertze hautagai hura bera izatea, eta hark baietz erran! Ehun bat boz lortu zituen arras symbolikoak, eta Agirrek, aldiz, kasik hirurehun mila. Beti irriz egoten naiz anekdota horri pentsatzean…».
Kontaketa egin ondoren hona hau emaitza: Jose Antonio Agirrek 291.471 boto; Ramon Madariagak 100 boto mahai bakarrean
Irriak irri, ez zaigu oso kontaera sendoa iruditzen. Boto kopurua ikusita (esan bezala, ehun) oso posible da Madariagaren alde botoa emandako hautetsia bakarra izatea. Bigarren mahaian agertu zen soilik bere izena, Bizkaiko herri askotako hautetsiek eman zuten bertan botoa eta Agirrek 84.498 boz jaso zituen mahai horretan. Iruditzen zaigu mugimendu antolatua izan balitz, Julenek aipatutako helburuarekin pentsatu eta prestatua, askoz ere bultzada handiagoa izango zuela ekimenak.
Bazegoen beste aukera erromantikoago batekin amets egiterik ere, baina hori ere ezinezkoa. Izan ere, Ramonen seme —beraz, Julenen aita— Nikolas Madariaga Astigarraga Bilboko zinegotzia zen orduan, 1931n Begoñako barrutian aukeratua EAE alderdiko kide gisa sozialista eta errepublikanoekin osatutako koalizio zabalago batean. Bada, lehendakariaren aukeraketan hartuko zuen parte agian bihar 90 urte, baina Bilboko zinegotzi gisa hirugarren mahaia zen berea eta hor ez zen aitaren arrastorik agertu (105.011 boz, denak Agirreren alde). Beraz, pentsatzekoa da Ramon Madariagarena outsider bakar bat(zu)en keinua izan zela, ez besterik. Irakurketa politikorik merezi ez duen bitxikeria.
Egun handia, bai, biharkoa. Hedabideak gaiaren inguruko ekarpen mamitsuz betetzen ari zaizkigun egun hauetan, zutabegile honi iruditu zaio arkupe honetara kontu honekin etortzea ez dela ideia aldrebesa, ez dela arinkeria, nahiz eta, agian, historiaren eta istorioen arteko muga lausoan kokatzen den.