Garazi Kamio Anduaga.

Ezetz asmatu

2026ko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira bizitzan oso garrantzitsutzat hartzen ditugun ekintza txikiak; izan litezke ohiturazkoak, arropa berria lanegun batean ez estreinatzea bezala. Ez digute euro bakarreko beherapena egingo erosketan, baina ez da gauza bera begiz jota zenuen hori astelehen buruzuri batean lehen aldiz janztea edo dutxaren errituala luzatu eta presaren zantzuak uxatzen dituzun asteburuan edo oporraldian egitea.

Auzotarrek betetzen dituzten taberna txikietan ere, esaterako, badira erritual txikiak, astero-astero egiten direnak: A4 tamainako orri batean eskuz, zazpi egunetik behin idazten diren futbol partiden emaitzak asmatzea, esaterako. Halakoa da egoera gure etxe pareko tabernan: futbol denboraldiaren hasieran, tabernan jartzen den zerrendan izena eman eta astero-astero euro bat jokatu behar duzu noizbait ditxosozko porra-ren zakua eraman nahi baduzu, behinik behin. Zerrenda luzea da, gainera, eta boligrafoa eskuan, jokalariek euren baitan ezkutatzen den entrenatzaileari galdetzen diote ea zer egingo duen Realak, Athleticek edo Osasunak.

Hitz gehitxo daramatzat idatzita eta ez dut aurtengo berrikuntzaren berri eman: aurrez aipatu ditudan talde horiek guztiak gizonezkoenak diren arren, aurten Realaren emakumezko taldearen emaitza ere asmatu behar da saria eraman ahal izateko. Eta azken esaldiarekin, uste dut iritsi naizela auzoko apustuzaleren baten zapatan bueltaka ari den hartxintxarrera.

Feminismoa ahoan kabitu ezinda daramagun hitza da zenbaitetan, eta hara, auzoan ere emakumezko bat oldartu da eta hortzen artetik bota du berba, aspaldiko garaiak gurera gozo-gozo ekarrita: ez omen da zilegi emakumeen futbola ere apusturako erabiltzea. Bere ustez, batek daki zein emaitza erdietsiko duten, emakumeek gorabehera asko izaten baitituzte emaitzetan, eta gizonezkoena eta emakumezkoena alderatzea, finean, ezinezkoa delako.

Pasa den astean, tabernan egunero saltzen den Gipuzkoako egunkari salduenaren Realaren buletinak, berak sortutako sariak banatu zituen: pasa den denboraldian Realeko gizonezko zein emakumezko jokalari onenei ematen zaizkien sariak izan ziren. Irabazleei ere egin zieten elkarrizketa, noski, baina bi errealitate desberdin azaleratu ziren: Gonçalo Guedesi buruzko titularretan kafezale amorratua dela eta partidetatik kanpo dagoen gauzarik ederrena taldekideekin afaritxoak direla irakur zitekeen; Aiara Agirrezabalak irabazi zuen emakumezko onenaren saria, eta bere esanak azpimarratzean, ikasle bikaina dela, apunte artean dabilela eta gidabaimena lortu nahi duela esan zuten.

Aurrez aipatu ditudan talde horiek guztiak gizonezkoenak diren arren, aurten Realaren emakumezko taldearen emaitza ere asmatu behar da saria eraman ahal izateko

Arrazoi zuen auzoko emakumeak: kontuak ez dira berdin ikusten gizonezkoen taldean eta emakumezkoenean. Agian sari-banaketa ekitaldiaren ondorengo elkarrizketak neurtu beharko lituzkete kazetariek eurek ere, ustez eredugarri diren futbolarien islek oinarri sendoa izan dezaten. Baina ez, ez da hortik sagarrik bilduko.

Zorionez, tabernaren jabeek ez diote jaramonik egin hartxintxarra zapata barruan zuen emakumeari eta oraindik ere emakumezkoen taldearen emaitza asmatu behar da. Esan gabe doa, agian norberak bilatu behar duela emaitzekin asmatu ahal izateko orakulua: futbola ikusi, behatu eta irakurri behar da. Baina agian nagiak jota ibiltzen gara emakumeak protagonista direnean.

Gaurko egunaren mugarria kontuan hartuta, irudimenean egoera anker bat sortu dut. Tabernari apustu berri bat gehitu diot: asmatzea ea urtean zenbat emakume hilko dituzten euren bikotekideek. Ez dakit inor ausartuko litzatekeen emaitzaren bat idaztera, ausaz jarriko luketen zenbakiren bat ala hankako hartxintxarrari men egin eta zerbait egingo zuten gehituko ote liokeen bakarren batek.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA