Inaki Galdos

Fokuak eta orekak

2025eko urriaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Testuingurua beste bat zen, zehazki COVID-19aren garaian Donostiako Aste Nagusiko ez-festen bueltan —horrela deitzen genien (ia) ospatzen ez ziren jaiei— astebete inguru iraun zuten istiluei buruz ari gara. Boteprontoan hura gogoratzen dut Ezker Abertzalearen eta orduan nahiko sortu berria zen Mugimendu Sozialistaren arteko lehen eztabaida publiko gisa, garai berrietako kale istiluen inguruan. Gogora dezagun 2021eko abuztua zela eta sekulakoak izan zirela iskanbilak, denda batzuetako erakusleihoen txikitze eta lapurretak tartean.

EH Bilduk irmoki arbuiatu zituen ekintza bandaliko haiek (hitzez hitz jasotako esaldia da). Bere inguruko pertsona ezagunen batzuek ere gogor jo zuten. Adibidez, Iñaki Egañak  Naiz-en argitaratutako artikulu gogorrean, Biolentzia poligoneroa lerroburua jarri ziona. Bere esanetan, helburu politikorik gabeko biolentzia zen hura, helburu indibidualistekin egina, besteak beste sare sozialetan protagonismoa lortzeko. Alkohola, kokaina eta metanfetaminak ere aipatu zituen historialari donostiarrak bere arrazoibidean.

Mugimendu Sozialistako kide ezagunenetako bat den Paul Beitiak, berriz, beste era batera ikusi zuen hura guztia, BERRIA egunkarian idatzitako gogoetan. Bere hitzetan, EH Bilduk gazte langileak kriminalizatu eta Zara zein Adolfo Dominguez arropa markekin enpatizatu zuen bere kritikarekin. Pobrezia eta desesperantza besterik ikusten ez dutenen alternatiba politiko erreal baten falta ere azpimarratu zuen zarauztarrak artikuluan zehar, oso izenburu iradokitzailea zuena, bide batez esana: Kristal hautsiak.

Esan bezala testuinguru ezberdinetan bada ere, azken urteetan zehar izan dira horrelako beste hainbat eztabaida aipatutako sektoreen artean, sakonean kontu baten jira-bueltan dabiltzanak: Nola atera kalera protestatzera. Gaur egun, ez behinola. Bost urteko jauzia emango dugu, 2025eko Errenteriara. Vox alderdiak otsailaren 22rako zuen iragarria herrian agertuko zela. Horren aurrean, EH Bilduko Aizpea Otaegik gidatutako udalak ohikoa ez den lorpen bat izan zuen, ordezkaritza duten alderdi guztien (PP barne) adierazpen instituzional bat adostu baitzen, bere hirugarren puntuan probokazioari erantzuteko moduari buruz hau zioena: herritar guztiei dei egitea hutsunearen bidez agerian uzteko Voxek herrian duen babes falta. Bezperan manifestazio jendetsua izan zen Errenterian eta egunean zehar tentsio uneak izan ziren. Baina egun haietan ere ahotsak izan ziren, eta ez gutxi, haserre aldarrikatu zutenak hutsunearen bidez ezin zaiela aurre egin faxistei.

Gasteizen pasa den urriaren 12an gertatutakoan kokatzen gaitu hurrengo geltokiak. Izandako istiluen ondoren hiriko EH Bilduk lau puntuko oharra kaleratu zuen. Hirugarrena egin zitzaigun bereziki interesgarria. Bertan, faxismoa geldiarazi behar dela onartzen zuen alderdiak, jakina. Baina, horrekin batera, faxisten probokazioa elikatzea eragotzi behar dela, azkenean ondorioak herritarrek, hiriko saltokiek eta ostalaritzak ordaindu ez ditzaten. Kritika zaparrada handia jaso zuen alderdiak irakurketa horregatik, bereziki Mugimendu Sozialistaren bueltan dabilen jendeak botatakoak, baina baita ezker abertzaletik urruti ez dabilen zenbaitena ere. Horregatik aldatu zuen fokuaren norabidea berehala eta, hasierako gogoeta hura baztertuta, Falangeren kontzentrazioko baimenera eta Ertzaintzaren jokaerara begira jarri. Askoz ere erosoago egongo zen euren jendea horrela.

Jakina, zilegi da horiek salatzea, baimenarena eta poliziarena. Urte gutxitan hainbeste boto berri erakarri duen (erakartzen ari den) alderdi batentzat ere ulergarria da orekak egin beharra, ziabogarekin uzkur samar sumatzen duen jendea gehiegi asaldatu ez dadin, besteak beste. Baina aginte makilak hartzetik zenbat eta gertuago egon —Gasteiz bertakoa adibidez— orduan eta garbiago azaldu beharko dituzte beste hainbat iritzi, lausotasunak alde batera utzita. Ohar hartan egindako gogoeta urrats ausarta izan zen; gogoetari ordu gutxi batzuetako iraungitzea jartzea, kontrakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.