Aner Peritz.

Gardentasun interesatua

2026ko otsailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteleheneko albistea da, egunkari honetan bertan. Donostiako Udalak erabaki du, gardentasunaren alde, Udaltzaingoak atxilotzen dituen pertsonen jatorriaren berri emango duela hemendik aurrera. Iazko urrian gauza bera jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzari zegokionez. Gardentasun interesatuak, ordea, gehiago du interesatutik gardenetik baino.

Datu asko ezkutatzen direnean batzuk erakustea ez da gardentasun ariketa xalo bat, arrazakeria-politika indartzen duen hautu zorrotz bat baizik. Noren interesei erantzuten die jatorriaren araberako sailkapenak? Zein diskurtso elikatzen du, nor jartzen du jopuntuan? Zein emaitza eta estatistika induzitu nahi dira? Zergatik egiten da publiko jatorria eta ez generoa, egoera ekonomikoa, adina, soldata, bizimodua?

Zein da erabakiaren helburu behinena: gaizkileak migranteak direla esatea (gaizkiletasun hori sortzen duten baldintzei begiratu gabe) integraziorik ezaren eta beldurraren zabor-diskurtsoa elikatu eta erregularizazioaren aurka eta deportazioen alde daudenei markoa osatzeko? Gaizkiletasuna, gainera, ez da neutroa, eta tranpa egitea litzateke hala kokatzea. Marko legala erregimen politikoak ezartzen du, eta hari komeni zaion bezalakoxea da. Gaizkilea da erroldatu gabe bizi den bizilaguna, eta ez hari errolda ukatzen dioten etxejabea eta funtzionarioa. Gaizkilea da poliziari euskaraz egiteagatik isuna jarri diotena, eta ez hizkuntza-eskubideak ukatu dizkion polizia. Gaizkilea da epai penaletik libratu den erasotzailea jo duena, eta ez erasotzailea bera. Gaizkilea da Mercadonan makillajea lapurtzen duen trabestia, eta ez Mercadonako jabea. Kolonialismo patriarkal kapitalista da ongia, eta gainerakoa gaizkia.

Analisi sinplista eta partzialak egiteko tresna bat sortu nahi du Donostiako Udalak, arazoen erroei begiratu gabe. Zein baldintzatan bizi dira Donostiako udaltzainek atxilotzen dituzten pertsonak? Zein bazterkeria-politikak behartu ditu legea haustera? Zein da lege hori eta zertarako existitzen da? Ez ditzagun legezkotasuna eta zilegitasuna nahastu, badakigu eta norenak diren legeak, zer sustatzen duten. Postalezko hirian etxebizitzarako eskubidea ukatzen duten berberak dira etxebizitza hutsetako okupak etxegabetzen dituztenak.

«Guztia daukanak ez du ezer lapurtu beharrik, baina lapurtu zuelako dauka guztia: gainbalioa langileei, erregularizatzeko aukera zaintzaileari, doako lan-indarra emazteari, baliabide material eta humanoak Hegoalde Globalari, etxebizitza eskubidea maizterrei»

Honek guztiak oinarri arrazista egituratu eta legeztatu baten gainean baino ez dauka zentzurik. Ez da ahaztu behar lapurreta txiki eta zuzenak seinalatzeko asmoari zeharkako lapurreta handi, demokratiko eta ezkutuen sare seinalaezin batek eusten diola. Guztia daukanak ez du ezer lapurtu beharrik, baina lapurtu zuelako dauka guztia: gainbalioa langileei, erregularizatzeko aukera zaintzaileari, doako lan-indarra emazteari, baliabide material eta humanoak Hegoalde Globalari, etxebizitza eskubidea maizterrei. Meritokrazia ez da existitzen, ez dago xumeki lan eginda aberastu den enprendedorerik, ezin da esplotatzailea eta jatorra izan.

Donostiako Udalak gardentasunaren alde egin nahi badu, has dadila datuak argitaratzen. Jakin egin nahi dugu Donostiako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zenbat pertsona jipoitzen dituzten hilero. Zein jatorritakoak diren, ehunekoetan, kaleko ausazko kontroletan geratzen dituztenak. Hiri bakoitzeko zein auzotan ibiltzen den polizia gehien eta zergatik diren auzo horiek gaizkile gehien dituztenak. Zein den kausa eta zein ondorioa. Zergatik erabakitzen duen poliziak zein auzotan egongo den gaizkile gehien. Zenbat pertsonari ukatzen zaien Donostian etxebizitzarako eskubidea, zein jatorritakoak diren eta zenbat jabetza huts dituen Donostiako Udalak. Zenbat hotel eta apartamentutako gela dauden Donostian eta zenbat pertsona bizi diren kalean. Zeren arabera erabakitzen den nor erroldatu eta nor ez. Zein den jatorria publiko egiteko erabakia hartu zutenen jatorria.

Okerrena da badakigula hau guztia ez dela gertatuko. Betaurreko gardenak alferrik dira begiratu nahi ez duenarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA