Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Leiho hautsi bat

2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Joan den mendeko kontuak eta pasadizoak bart gauekoak baino hobeto gogoratzen dituen horietakoa naiz. Memoria gaitasun bikaina dela dio adiskide batek (edo bere hitzetan, «abantaila konpetitiboa»), baina ni ez nago horren seguru. Memoria ez baita soilik gogoratu nahi duguna behin eta berriro bizitzara ekartzeko ahalmena; bada, horrez gain, ahaztu ezin duguna gainetik kendu ezin izatearen madarikazioa ere.

Joan den mendearen hondarretan, 1998. urtean, Kontseilua Martin Ugalderen izena hartuko zuen euskararen industria eta ekintzailetzaren parkera mugitu zen. Esan gabe doa oso prekarioa izan zela etxe-aldaketa. Behin-behineko egoitza izango zela uste genuen eta negua bertan igarotzearekin konformatzen ginen. Artean, Bai Euskarari kanpaina amesten hasi berriak ginen eta nahikoa genuen jende-andana kabitzeko moduko toki bat izatearekin. Hala uste genuen, behintzat. Ate nagusia herdoilduta zegoen, altzari zaharrak pipiak janda eta leihoetako kristalak hautsita zeuden nonahi. Bertara sartu ginen lehen egunean metafora bat iruditu zitzaidan: zerbait berria egin nahi genuela esaten genion gure buruari, baina bagenekien askoz lehenagotik egindako beste zerbait eraberritzea zegokigula.

Ez zen tokirik onena izango, baina lehen egunetik pentsatu nuen huraxe zela gure tokia. Izan ere, gure eraikin zaharraren hegal batean beste etxe bat zegoen, gure egoitza baino dezentez hobeto apainduta ordurako, eta alderik alde, Euskaldunon Egunkaria zioen kartela. Hura bai zela zerbait berria: lehen aldiz egunkari bat genuen, geurea, euskaldunok. Egunkari bat bere buruarekin zintzoki hitz egiten duen herria dela esan zuen Arthur Miller kazetariak eta, kostata, gure herri honek bazuen euskaratik eta euskaraz hitz egiteko tresna.

Huraxe izan zen urte pare batez hautsitako leiho horietatik ikusten nuena, goizean goizetik lanera sartzerakoan eta baita desordutan ateratzen ginenean ere. Hura izan zen tarte batez munduari begiratzeko nire tokia: leiho zahar batzuk, zerbait berriaren aurrean.

Ez genekien handik oso denbora gutxira kartel hori desagertuko zenik eta inondik ere ez nukeen asmatuko nola desagerraraziko zuten. Guardia Zibilak kartela eta bertan goizero ekoizten zen amets edo mirari zoro hura bortxaz akabatu zituenerako jadanik ez nengoen bertan, baina hara joan nintzen, beste asko bezala, begi hutsez ikusteko, sinistu ezinda. Ez ninduten sartzen utzi.

Handik oso gutxira, berriro, beste zerbait berria sortu zen, BERRIA. Eta denborarekin, eraikin zaharrak zeuden tokian bulego-saldo dotore askoak altxatzen ikusi dut, altzari moderno eta leiho berriak dituztenak. Hori ez da ausaz gertatu, jende askoren etengabeko kemen, profesionaltasun eta konpromisoari esker baizik. Tamalez, lorpen horiek guztiak aurrien gainean ere eraiki ditugu eta sakrifizio pertsonal eta kolektiboa uzten dute, inoiz onartu behar ez zena.

Hogei urte igaro dira hori guztia gertatu zenetik, eta orain, BERRIAk berrikuntza iragarri du, beste behin ere, oraingoan «aldi hau kontatzeko». Ez dago hau baino une egokiagorik nire leiho zahar hau ixteko. Hamabostean behin zirrikitu honetatik begiratu diot munduari zer ikusten nuen zuei kontatzeko eta zinez eskertzen dut eskuzabaltasunez eman didazuen aukera. Aldi berri honek begirada berriak behar ditu, askoz lehenagotik beste askok egina utzi digutena eraberrituz, beti berria izateko.

Nonbait, baina, egongo da oraindik leiho hautsiren bat edo hala pentsatu nahi dut. Ezinbestekoa baita ahaztu behar ez duguna etengabe gogoratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.