Gizakiak Ilargia zapaldu zueneko misioek (NASAkoak militarrak dira) Apolo izena zeukatenez, greziar mitologiako jainkoaren arreba bikiaren izena hautatu dute orain: Artemisa. Bikitasuna gorabehera, izen egokia begitantzen zait, ehizaren jainkosa baita Artemisa. Eta zein da helburu nagusia, nasatarrena, pieza harrapatzea ez bada? Konkista hitza da misio hauen eta egun diren eta historian izan diren besteen esentzia hobekien gordetzen duena. Hitz doilorra, hitzetan doilorkeriarik bada, gure TBak arrakasta mediatikoaren oholtzara igoarazia.
Badakit nazioarteko tratatuen arabera Ilargiaren jabetza gizateriarena dela, baina Etxe Zuriko maizterrak nazioarteko legeriari dion errespetua kontuan hartuta, erne haien bandera birlandatzeaz batera this is America edo, zuzenago, property of USA ez ote duen aldarrikatuko.
Ilargiaren alde iluna ikusi dute astronautek, itzulia egin diote sateliteari eta bueltan dira. Ilargiaren alde iluna, gizakia iritsi den inoizko urrutienera iritsita. Lurraren alde iluna ikusteko ez dago hain urrutira joan beharrik, Lurraren alde argia da aspaldian ikusten zaila. Izan ere, zer espero daiteke publikoki «ireki itsasarte puta hori, sasikume eroak» esaten duelarik planetako tiporik boteretsuenak!
Iluntasunak, bestalde, matiz ilunagoak ere baditu, fisikak esaten duena gorabehera. Israelgo Parlamentuak heriotza-zigorra presoei, preso palestinarrei alegia, ezartzea eta exekutatzea onetsi du. Marka da, beste zerbait ez esatearren, 70.000 pertsona hil eta gero heriotza-zigorra onartu dutela entzun behar izatea! Gazakoei bonbak, epairik gabe; Zisjordaniakoei tiroak, armadarenak zein kolonoenak, epairik gabe; eta preso daudenei, aurrerantzean, epaiarekin. Justiziaberak, atzenean, israeldarrok.
Ez ahal zitzaion Europako bulego horietan dauden ezin hobekiago prestatutako buru burutsu horien artean inori okurrituko krisia pagaraztea krisia eragin duenari? Ez, noski. Kontrara, armagintzan gehiago gastatuz joko dute aurrera, armak eta teknologia erosiko dizkiegu AEBei eta Israeli
Eta hori alde ilunaren matiz oso beltza izanik, bestelako puntu ilun ozpinduak ageri dira. Aztoratu egin da Europako Batasuna, onartezina iruditzen zaio heriotza-zigorrarena, atzerapausoa balio demokratikoetan. Atzerapausoa diote, euren sudurren puntan genozidioa burutzen dihardutenengatik, helduionk horri!! Eskandalizatuta, orain arte hautsi ez duten akordio komertziala hautsiko ote duten hasi dira, ministro eta kolono batzuei zigorrak ezarriko ote dizkieten.
Arraioa, Europako Batasuna bizhozgabea piztu da, amorru bizian da!!! Dardara batean imajinatzen ditut ministro ultraortodoxoak. Gure hagintari kontinental kupidagabeek beste neurri bat ere badarabilte kaskoan: aparteko zerga bat ezartzea energia-enpresa erraldoiei, krisi honetan irabazten ari direna estatuei itzultzeko. Ados: enpresa erraldoiei zergak igotzea ez da txarra (nazionalizatzeaz ez dugu hitz egingo, bale); berez, bestelako motiborik gabe ere bai.
Baina ez ahal zitzaion Europako bulego horietan dauden ezin hobekiago prestatutako buru burutsu horien artean inori okurrituko krisia pagaraztea krisia eragin duenari? Ez, noski. Kontrara, armagintzan gehiago gastatuz joko dute aurrera, armak eta teknologia erosiko dizkiegu AEBei eta Israeli.
Ilargiak alde iluna eta argia dauzka. Lurra, nire ustez, partikularra da horretan: alde beltza eta alde zuria dauzka. Beltza nonahi, hondamendiaren sinonimo, suntsiketarena, gerrarena… eta zuria, bada hori, hori dena eragin eta ahalbideratzen dutenen zurikeriarena (eta gaur gaurkoz euren azalaren kolorearena, ukitu laranja eta guzti).
Mitologiarekin hasi gara, mitologiarekin amaitu. Zuriz mozorrotuta, zezen zuriz, bahitu zuen Zeusek, Apolo eta Artemisaren aitak (alegia NASAk, AEBetako Armadak), Europa gaztea; bahitu eta bortxatu. Mitoa baino, profezia dirudi. Areago: Europa feniziarra zen, merkatarien herrikoa, egun Israelek bonbapean daukan eremukoa.
Mitoaroa, hau ere.