elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Negar xuria

2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Ez nuen ezagutzen negar xuria hitz bikotea. Tipularen sehaska kanta dokumentalean topatu dut, Orbel taldearen Ama abestian: «Negar xuriak/ amets dolugarria» dio. Tipularen sehaska kanta dokumentala Argentinatik edo Txiletik baletorkigu, edo Europa iparraldeko herrialde zibilizatu horietakoren batetik, zinez ona irudituko litzaioke jende askori. Aldeko kritikak jasoko lituzke eta egunetan iraungo luke dokumentalak programatzera ausartzen diren zinema areto bakan horietan. Hori baino lehen, Giza Eskubideen Zinemalditik pasata egongo litzateke Donostian, eta hura sustatzen duen SSIF Zinemaldiaren ingurutikaipamenen bat jasota.

Baina ez, zirkuitu propioa betetzen ari da dokumentala, herriz herri; BERRIAk sartu du Interneten, eta dagoeneko ikusgai dago Youtuben. Kontua da filma hemen bertan egindakoa dela, eta Errenterian jaiotako zinegile batek zuzendu duela, Lander Garro idazleak, telebistan eskarmentu dezentekoa bera.

Askorentzat tabua izango den gaiari heldu dio Garrok: hainbat euskal preso politikok kartzeletan pairatu izan duten gaixotasun fisiko eta mentalen aferari, hain zuzen ere; espetxeko egonaldi luzeak eta bizi baldintzek—isolamendua barne— eragiten duten endekatze prozesuan zentratzen da. Horretarako preso ohiak, haien senitartekoak, lagunak, abokatuak eta osasungintzako profesionalak —medikuak eta psikologoak— jarri ditu hizketan zinegileak, nork bere esperientzia edota analisia azaleratu dezan. Dokumentala ez da kontsignaz betetako aldarria, ez; ez dago heroirik. Tipularen sehaska kanta urteak eta hamarkadak iraun dituen zigor prozesu kolektibo baten errelatoa da, hura lehen lerrotik bizi edota ezagutu duen hainbat jendek kontatuta.

Begiak busti bakarrik ez, zotinka ere jar dezake filmak ikuslea. Patxi Rey Urmenetak anaia bikiaren azken elkarrizketa falta du: Cadizeko Puerto III kartzelan bere buruaz beste egin zuen Xabier Rey Urmenetak 2018an; haren anaiaren eta gurasoen testigantzek barrua inarrosten dizute; eta, aldi berean, duintasun erabatekoaren eredu gertatzen da beren jarduna eta jarrera. Izan ere, ez dakit nola lortu duen Garrok izatez hain gogorrak diren gai, egoera eta gertaerak halako modu gizatiar eta sinesgarrian transmititzea, edertasunari ere tokia emanez. Esaterako, ama batek eta haren bi mutikoek Pirinioetan zehar egiten duten ibilia, senar/aita ezindua —kartzelan gaixotutako Ibon FernandezIradi— etxean utzi behar izanda. Edota Kepa Etxebarria preso ohiaren telefonozko elkarrizketa Aita Menni ospitalean dagoen Kepa Arronategi lagunarekin, preso ohia hura ere. Halako testigantza gordinen artean, urpekaritzako eszenak tartekatzen dira, arnasa emanez kontakizunari. Izan ere, filmaren alderdi estetikoa izugarri zaindu du Lander Garrok, eta estetika horrek protagonisten duintasuna azpimarratzen du.

Jakinekoa da osasunaren afera —osasun fisiko eta mentala— arma suntsigarri bihurtzen duela espetxe sistemak mundu zabalean. Hor daude Ameriketako Estatu Batuek Guantanamoko ziegetan lortzen dituzten emaitzak: bederatzi preso bertan hilak, horietatik zazpi beren buruaz beste eginda. Edo Abdullah Ocalan buruzagi kurduaren kasua, Turkiako Gobernuak 1999an atxilotu eta bizi guztirako kartzela zigorrera kondenatua; urtetan sufritu duen erabateko isolamendua arindu omen diote apur bat.

Espainiako —eta Frantziako— agintariek euskal presoei emandako tratuaren jitea eta harenondorioak azaleratu ditu Garrok Tipularen sehaska kanta dokumental bikainean. 1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poetaren olerkia gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.