Inaki Galdos

Parte-hartzeak eta inplikazioak

2026ko urriaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Meudon hirian izan zen, Parisko hegoaldean, 1939ko apirilean; gerra bukatu eta berehala, beraz. EAJko EBBko presidente Doroteo Ziaurretzek alderdiko jendea bildu zuen gertatutakoaren inguruko gogoeta egin eta aurrera begirako urratsak definitu eta adosteko. Orduan agertzen zaigu agian historiako Jose Antonio Agirre erradikalena Espainiarekiko. Berak eta bere inguruko gehienek agortutzat eman zituzten Espainiako Errepublikako Konstituzioa eta gobernua, eta aukera berriak ikusi zituzten abertzaleentzat. Adibide gisa, Ludger Meesek kontatzen digun moduan, Agirrek berak Paulino Gomez Beltran sozialista bilbotarrarekin izan zuen solasaldi baten berri eman zien bertaratuei: «Suposa dezagun aukera daukagula ez soilik autonomia, baizik eta baita independentzia ere lortzeko. Alde bateko zein besteko espainiarrak, orain elkarren kontra borrokatu direnak, gure kontra elkartuko dira espainiarrak ez garelako. Zer egingo zenukete zuek?». «Gu, zuekin» izan omen zen sozialistaren erantzuna.

Baiki, ordurako Manuel Irujo ez zen Espainiako Gobernuko kide (hurrengo hamarkadan itzuliko zen berriz) eta Eusko Jaurlaritzako kideei euskal obedientzia exijitzeko garaia iritsia zela uste zuen Meudoneko Agirrek, 1936ko emergentziazko egoeran ez zelako betarik izan gai honetan sakontzeko. 1939 hartatik 1945era gauza asko gertatu ziren. Batez ere Bigarren Mundu Gerra; eta Agirre lehendakariari, zehazki, Berlinekoa, labur dezagun horrela.

Orduan itzuli zen Jose Antonio Agirre paktista, gradualista, errealista. Baionako Hitzarmenaren ondoren (1945) sartu zen berriz Irujo Errepublikako erbesteko gobernuan, eta ordutik aurrera sekulako eragina izan zuen lehendakariak. Itzaletik bazen ere, gobernu haren kideen arteko pitzadurak josten ibili zen. Atzerri-politika ere jelkideek bideratzen zuten. Jakina da Diego Martinez Barrios presidenteak ere sarri eskatu ziola Agirreri erbesteko Espainiako gobernu hura gidatzeko.

Beharrezkoa da eskuin muturrari ateak ixtea, baina horrek ez du esan nahi presidente egolatra eta alderdi ustel baten gehiegikerien aurrean ezin dugunik zorrotzagoak izan. Katalunian irekia dago debatea independentismoak (edo dena delakoak) Madrilen izan behar duen inplikazioari buruz. Hemen, ez. Tamalez

Baina ez zen hura guztia gauzatu barne kritika eta errezelorik gabe garai hartako abertzalegoaren baitan, bai jelkideen artean, zer esanik ez hauen disidenteenean. Eztabaida klasikoa izan zen hamarkada luzez zer-nolakoa izan behar zen abertzaleen parte-hartzea eta inplikazioa Espainiako kontuetan. Egiatan, gerra aurretik ere bizi-bizi egon zen eztabaida. Elias Gallastegi, Gudari, eta Jagi-Jagiek, adibidez, garbi zeukaten ez zela batere harremanik egon behar; hona hemen 1935eko adibide batzuk: «Ez dizkigu Espainiako Gobernutik datorren ezerk gure arazoak konponduko» edota «ez badugu onartzen Espainiak gure gaietan muturrak sartzea, ez dugu onartzen euskal nazionalistek espainiarren gaietan parte hartzea».

Nazionalismo ofizialak ez bezala, talde hark garbi zeukan Madrilgo Gorteetan ez zela parte hartu behar, salbu Euskadiren independentzia aldarrikatzeko edota Espainiako lege guztien kontra egiteko. Hemen ere izan ziren duela ez hainbeste hamarkada antzerako jarrerak zituztenak erakundeetan parte hartzearen inguruan. Bukatzeko, Mendigoxale edo Jagi-Jagi haiek Gernikan bertan oihuz adierazi zuten 1936ko urriaren 7an ez zeudela Eusko Jaurlaritza haren alde, Espainiako alderdiek ere osatzen zutelako. Azken asteotan sarri galdetu diot neure buruari nola egiten duten askok bateragarri Agirreren gobernu haren inguruko mitifikazio antzerakoa eta, aldi berean, gobernuaren erabat kontra zeudenen oinordeko sentitu.

Eztabaida haiek aspaldi bukatu ziren. Batzuetan badirudi gaur egungo abertzaleen eztabaida dela ea nor den Espainiako Gobernuaren bazkide kuttunagoa. Argi dezadan ados nagoela parte-hartzearekin, ados nagoela Madrilen euskaldunentzat gauzak lortzearekin. Baina horrekin batera gero eta kezka handiagoarekin ikusten dut beste hainbat jarrera. Beharrezkoa da eskuin muturrari ateak ixtea, baina horrek ez du esan nahi presidente egolatra eta alderdi ustel baten gehiegikerien aurrean ezin dugunik zorrotzagoak izan. Katalunian irekia dago debatea independentismoak (edo dena delakoak) Madrilen izan behar duen inplikazioari buruz. Hemen, ez. Tamalez.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA