Iñigo Martinez Peña.

Pobrezia gardena

2026ko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Familia batzuen bizitza erabat publiko egiten dute; aldiz, pribatua da etxebizitzaren merkatua. Ez luke alderantziz izan beharko? Lotsarik gabe zabaldu ziren hainbat komunikabidetan Gasteizko Santsomendi auzoan desjabetutako familiaren inguruko datuak (faltsuak, gainera) etxetik bota eta hurrengo egunean (tartean adin txikiko pertsonak zeudela jakinda ere). «Ez al dakite guraso horiek daukaten dirua ondo kudeatzen? Zertarako dauzkate hainbeste ume? Zer egiten dute asteburuetan edo oporretan?». Erraz epaitzen ditugu ezagutu gabe (edo, hain justu, horregatik) besteen bizitzak. Nahiz eta badagoen etxebizitzaren merkatuari mugak jartzeko kezka politikoa, familia baten bizimodua moralki zalantzan jartzera bideratu nahi izan da eztabaida, prekaritate ekonomikoa bizi duten pertsonak susmagarri eta mespretxagarri bilakatu nahian.

Tamalez, ez da estrategia berria: horren inguruko ikerketa egin zuen Matias Marchantek Txilen, 2014an. Huamachuco IIko Renca auzoan bizi izandako esperientzian, deskubritu zuen bertako biztanleek garden erakutsi behar izaten dituztela gizarte zerbitzuen aurrean beraien iragana, egungo bizimodua eta etxeak. Dirulaguntzak lortzeko biluztera behartuta daude: etxeko ateak parez pare zabaltzera, inongo konfidentzialtasunik gabe. Eta informazio horren filtrazio maltzurrak egiten dituzte gero prentsan! «Sartu eta ikusi», esaten diete etxeko biztanleek gainbegiratzera eta ebaluatzera hurbildutako gizarte-langile, psikologo edo poliziei: armairuak eta tiraderak zabaldu, komuna erakutsi… Deigarria egin zitzaion Marchanti bisitariekiko erresistentzia falta. Familiek oso modu otzanean ezagutarazten dituzte euren bizitzen inguruko gauzak, voyeurismo burokratikoaren aurrean. Badirudi denak gardena behar duela izan, ezin dela itzalik edo sekreturik egon. Badirudi ez dituztela, jada, esparru publikoa eta pribatua bereizten. Hala ere, gizarte-langileen gehiegizko jarraipena salatzen zuen guraso batek. Lanetik irten eta garagardo bat edaten zegoela berarengana hurbildu ziren, azalpen eske: «Zer egiten duzu hemen?». Garagardo bat edatea arduragabekeriaren sintoma bilakatzen dute. Pobreziari duintasuna ere kendu diote. Horregatik, auzotarrekin bestelako elkarrizketak proposatu zituen Marchantek, sekretuak eta kontatu nahi ez zituztenak onartuz. Beren istorioak entzun, haien bizitzen lekukoa izan, ebaluatzaile eta epaile bihurtu gabe. Pertsonen ilusioak, itxaropenak, esfortzuak edo maitasun istorioak gogoratzeko, eta agian ahazteko edo ez esateko, aukera eman nahi zien. Intimitatea gorde nahi izatea ez delako zertan delinkuentziarekin lotu.

Erraz epaitzen ditugu ezagutu gabe besteen bizitzak. Nahiz eta badagoen etxebizitzaren merkatuari mugak jartzeko kezka politikoa, familia baten bizimodua moralki zalantzan jartzera bideratu nahi izan da eztabaida, prekaritate ekonomikoa bizi duten pertsonak susmagarri eta mespretxagarri bilakatu nahian

Era berean, Alana Moraes brasildar aktibistak salatu zuen moduan, pobreen aurka fokalizatu zuen Bolsonarok 2018an irabazitako hauteskunde kanpaina. Etxerik gabeko pertsonen kontra tiro egiteko aukera eman zion Brasilgo poliziari, segurtasunaren izenean. Estatu mailan ere, egun, ez al da antzekoa eskumaren estrategia politikoa? Faxismo hipermodernoa eta merkatu-arrazakeria, finean, mundua merkatuaren logikara erabat makurtzeko saiakera direlako. Merkatuaren logikak, hala ere, etorkizunerako aukera izateari utzi dio miseria baino ez duelako sortzen. Duintasun oro ezabatzen du. Kontrakoak dira, izan ere, Byung-Chul Han pentsalariak Errespeturik gabe liburuan dioen moduan, estatus ekonomikoa eta errespetua kontzeptuak.

Eskerrak, dena den, merkatuaren logikatik kanpo elkartasuna bultzatzen dela, besteak beste, Abendaño eta Miguel de Unamuno eskolako guraso elkarteetatik (ikastetxe horietan daudelako etxegabetutako familiaren seme-alabak). Elkartasun horretan datza etorkizun posible bat? Iluna da algoritmoen funtzionamendua, ilunak munduko ondasun handien iruzurrak zergetan… pobreziak, aldiz, gardena izan behar du. Non jarri nahi dugu fokua?

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA