Haira Aizpurua

Poz konpartitu hori

2026ko azaroaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udazkenak eta Baztanek bat egiten duten lekua erromantizatzen harrapatu dut ene burua. Saihesten saiatzen naiz, egiazki, baina loriatzen naiz bazter eder horietarik pasatzen naizen aldiro. Dantxarineako autolerroek galarazi pazientzia berreskuratzeko balio izan dit. Bada aspaldi ez nuela ene urtaro preziatuena hurbiletik bizi.

Gure lera gorrian elurretan lerratzean sentitzen nuen begi-dirdira berarekin jaitsi dut Otxondoko lepoa. Mini krisi existentzial batek zeharkatu nau: zelai xuritu hauetan ibiltzen nintzen ttikitan anaiarekin. Nik gidatzen dut kotxea orain eta anaia egun pare batez ez dut ikusiko.

Bide nafarretan noa, Bidenabar taldearen disko aurkezpena da gaur.

Ametsak ukatea ezinezkoa zaigunontzat, badira amets batzuk amets bihurtzen direnak behin iragan ondoan. Hori gertatu zitzaidan aurreko larunbatean. 

Elkartean sartu eta segidan sumatu dut poz hori. Jende gutti ezagutzen dut, baina badakit poz hori bera partekatzen dugula. Jende ezezagunaren artean ibili arren, ez naiz anitz lotsatu, giro goxo eta erosoan naizen seinale. Gure lagunek lehen diskoa aurkeztuko dute eta elkarrekin bazkalduko dugu, elkarrekin partekatuko ditugu soinu probak eta elkarrekin ospatuko dugu denek partekatzen dugun ilusio hori. 

Bidenabarren diskoaren diseinua, bideoklipak (ikusiii, bikainak dira), jantziak, argazkiak, musikariak, koroak, letrak eta musika tresnak lagunartean saretutako oihal bihurtu dira. Oihal xuri-gorri bat. Arrunt hunkitzen nau horrek. 

Afruskeriaren geruza metatuen artean, ederra izan da ia fosilizatzera utzia genuen poz konpartitu horren atzematea

Sortzeko denbora behar da, sortzeko denbora hartu behar da. Sorkuntza jardun prekario eta desegonkorra izanik gehienendako, iraultzatto bat da bere horretan, engaiamenduan ardazten den heinean, sorkuntzarako denbora hartzea. 

Inon eta inoiz baino gehiago sentitu nuen sormen kolektiboaren indarra. 

Teknikaria prest, bi gitarra eta hiru ahots. Musikari eta koro lagun bakoitza igo da oholtzara, dagokion kanta entseatzera. Gelako atean salto ttikitan aritu naiz, batbihiru eta batbihiru eta batbihiru. Dena prest dago. Hirukote urduria arropak kanbiatzera joan da. Beldurrak erantzi eta elegantziaz janztera eskapatu diren artean, jende andana hurbiltzen hasi da Zapatillerara. Mukuru bete da garaje hotza, ezin izan dira denak sartu. Mateletaraino igo zaigu jendearen epela. 

Nigar eta irriak ipar, bihar, kontzertuak utzi arrastoaren gerizan esnatuko ginela pentsatu dugu anitzek. Iragan da, arrunt giro goxoan, zoragarria izan da, jende maitagarriaren eskutik jasotako kontzertua. Arno-kopak eskuetan eta odol goxatua zainetan, atera da jendea. Geroz eta guttiago geratu gara zirkuluan. Saltoka ari gara. Mugitu gaituen guzia mugimenduan jarri dugu. 

Erdira eta ertzetara eta erdira eta ertzetara, eta irriak eta pozak eta argia eta magia eta dena da eder. 

Poz konpartitu horiek dira tunel beltzak argitzen dizkiguten girlandak. Afruskeriaren geruza metatuen artean, ederra izan da ia fosilizatzera utzia genuen poz konpartitu horren atzematea. 

Zerua zangopean (Bidenabar) sentituko ez dugun arren, ez ahal gaude akituak arnasa betiko moduan hartzeaz? Estropezuka ibiltzera eramaten gaituzten bikaintasunaren baladak dantza ditzagun, elkar zapaldu gabe dantzatu daitekeela erakutsi diezaiogun elkarri. Amebak putzuetatik kanpo jarri eta goazen zango zola harrien kontra, apoxauliak eta uraren joana behatzera.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA