Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea

Aberri Eguna 2026: Etorkizuna eta itxaropena Euskal Herriarentzat

Argitxu Dufau, Iñaki Berhoicoirigoin, Xebax Christy, Mikel Irastorza
2026ko apirilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo Aberri Eguna apirilaren 5ean izanen da. Bagira prozesutik hona, laugarren urtez jarraian, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak elkarlanean eta manera bateratuan ospatuko du Euskal Herriaren aldeko eguna. Itsasu, Uztaritze eta Donibane Garaziren ondotik, 2026ko edizioa Baionan iraganen da.

Aberri Eguna mundu mailako testuinguru konplexu batean heldu da. Eskuin muturraren emendatzea eta herrien burujabetza zein etorkizuna arriskuan ezartzen ari den inperialismo garai ilunak ezagutzen ari gara. Halako garai historikoek potentzia nagusien arteko lehia, aberastasunaren metaketa, gerla eta herrien azpiratzea izaten dituzte ezaugarri nagusi.

Demokrazia eta nazioarteko zuzenbidea kolokan jartzen ari diren honetan, munduaren ordena aldatzera doa, gaur-gaurkoz norantz ez badakigu ere. Testuinguru honetan, non kokatzen da Euskal Herria?

Noraezean den Europar Batasunaren barneko bi estaturen artean gara. Frantzia eta Espainiaren menpe eta bi estatu horietan bizi den krisi politiko-instituzional sakonaren eraginpean. Parisen hartzen ari diren erabakiak Ipar Euskal Herriko instituzioak, eta oro har jendarteari kalte egiten ari dira, murrizketa fase gogor bat bizi dugulako. Ohartarazi nahi dugu azken urte luzeetan gai ezberdinetan elkarrekin egin ditugun urratsak arriskuan izan daitezkeela, hala nola euskara, ekologia edota laborantzaren arloetan. Horri gehitu behar diogu eskuin muturreranzko eta faxismoranzko lerratze kezkagarria, politika antisozial bezain ekozidak eta demokraziaren oinarrizko printzipioak arriskuan jartzen dituen oldarraldi betean gaudela.

Horregatik, inoiz baino gehiago, demokraziaren aldeko pario argi bat egin behar dugu. Hemen bere etorkizunaren jabe izan nahi duen nazio bat badela aldarrikatzea ezinbestekoa zaigu. Burujabetza politikoa eta burujabetza materiala, biak dira baitezpadakoak Euskal Herrian elkarbizitza sendotzeko, politika publiko propioak plantan ezartzeko eta gure errekurtso naturalen, ingurumenaren, ekonomiaren, lan baldintzen, etxebizitzen edota hizkuntzaren kudeaketa gure esku izateko.

Fronte zabal bat eratu eta herri gisa jarduteko deia luzatzen dugu. Erran nahi baita Euskal Herria kanpoko esku sartzeetatik babestu, agenda erreakzionarioari buru egin eta bere etorkizuna eraikitzeko adostasun eta mobilizazio fase bat irekitzeko tenorean dela. Urteetan zehar erakutsi dugu Euskal Herrian etorkizun berri bat eraikitzeko eta gauzak ezberdinki eta elkarrekin egiteko gai garela.

Gizarte eta demografia mailako aldaketa handiek markatutako garai honetan, herriko bozetan nabarmen hazi da ezkerreko abertzaleek parte hartu duten zerrenden aldeko bozka kopurua. Emaitza hauek gure lurraldean burujabetza eta justizia soziala indartzeko borondate gero eta handiagoaren seinale dira. Bestalde, euskararen aldeko herri mobilizazio handia den Korrikak, aurten Atharratzetik abiatu eta hamar egunez Euskal Herrian zehar milaka kilometro egin ondotik, argi erakutsi du gure hizkuntzaren bizitasuna eta gure herri gogoaren indarra.

Fronte zabal bat eratu eta herri gisa jarduteko deia luzatzen dugu. Erran nahi baita Euskal Herria kanpoko esku sartzeetatik babestu, agenda erreakzionarioari buru egin eta bere etorkizuna eraikitzeko adostasun eta mobilizazio fase bat irekitzeko tenorean dela

Iazko Aberri Egunaren ondotik, Batera plataformaren birsortzearekin, Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalaren inguruko eztabaida ireki da. Jendartearen gehiengoak gure lurraldeari burujabetza handiagoa emango dion instituzio berri bat nahi duela adierazten duen gisa berean, euskararentzat ere ezagupen ofiziala aldarrikatzen du.

Gure deia horixe da: oraindanik eraiki dezagun biharko Euskal Herriarentzat behar dugun lurralde proiektu erakargarri, demokratiko, euskaldun eta jasangarria. Itxaropena hemen egiten dugunak eta hemen elkarrekin aitzinatzen dugunak sortzen du. Hori da mundu hobeago bati egiten ahal diogun ekarpenik handiena. Inposatu nahi diguten garai ilun honetan, itxaropena Euskal Herria da.

Erran dugun bezala, aurten Baionak hartuko du Ipar Euskal Herriko Aberri Eguna. Jauzi bat suposatzen du, eta uste dugu egungo egoerari erantzun zabal bat emateko eta Euskal Herriaren alde indarrak metatzeko momentu garrantzitsua izanen dela, gure etorkizuna gure esku hartzeko eta Euskal Herriarena elkarrekin eraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA