Orreagako kidea

Abuztuak 15, askatasunaren eguna

2025eko abuztuaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten ere, Pasai Donibanen egingo dugu ekitaldi politikoa abuztuaren 15ean. «Estatu okupatua gara, ez estaturik gabeko nazioa. Gora Euskal Estatua!», izango da mezu nagusia.

2025ean, Joseba Ariznabarreta eta Kepa Anabitarte joan zaizkigu, abertzale zintzo nekaezinak, gure herriaren askatasuna lortzeko bidean ezinbestekoak izan ditugunak, bizitza osoa borrokari eman diotenak eta gure iraupenerako berme izan direnak.

Mezu eta ideia asko eta indartsuak utzi dizkigute biek gurekin izan diren artean. Doakiela, beraz, gure esker ona eta miresmena. Aukeraketa oso zaila izanik ere, haien bina esaldi azalduko ditut artikulu honetan.

Hona hemen Joseba Ariznabarretarenak:

«Nire atzetik norbait etorriko da; erakunde bat, esango nuke, gure herriaren askatasuna lortzeko beharrezkoa den erakunde bat. Eta nik egin dezakedana da berari bidea pixka bat prestatu edo erraztu. (...) Berak jakingo du batzen, independentista guztien indarrak batzen, eta herri honen indar horiek ondo kudeatzen, hainbeste amestu duen askatasuna lortzeko».

«Arerioak ‘inguru’ bat sortzen du, ‘zirkunstantzia’ batzuk, eta guk, azkenean, pentsatzen dugu hor libreki egiten dugula egiten duguna. Baina beharturik egiten dugu, zeren eta guri komeni ez zaigun gidaritza aukeratzen baitugu edo guri komeni ez zaigun bideari jarraitzen baitiogu. Uste dugu guk libreki aukeratutako gidaritza eta bidea direla, baina arerioak jarritako ‘inguruan’ egiten dugu aukera hori. Ez bagara horretaz jabetzen, ‘zirkunstantzia’ horiek eginarazten digutena egingo dugu, beti».

Eta hauek Kepa Anabitarterenak:

«Ez da Espainiako Parlamentua gure ahotsak entzunarazi behar diren lekua; barre-algara edo mespretxua probokatzen dute hor. Hemen, gure herrian aldeztu behar dira ekintza sendoak, estrategia eraginkor baten barruan. Horretarako, organo nazional propioa sortzeko gai den masa sozial independentista lortu behar da. Oso garrantzitsua da indarrak metatzeko prozesu hori batez ere Espainiako estatu-egituretatik edo tokiko sukurtsaletatik kanpo funtzionatzen duten gizataldeen artean garatzea». (Esan gabe doa Espainiaren aipamenak Frantziarena duela aldamenean beti).

«Maila estrategikoa da gizarte-harremanak aldatzen dituena eta erabakien zentralitatea desplazatzen duena. Horiek dira erabat baliozkoa den estrategia baten ezaugarri nagusiak. Inperialismoari eta faxismoari oposizio estrategikoarekin bakarrik egiten zaie aurre. Ezin bada edo ez bada lortu nahi, orduan, ez da ezerekin borrokatuko haien kontra».

Esaldi horiek eta beste asko entzungo ditugu ekitaldi politikoan. Baina gure asmoa ez da oroitzapenetan eta teorian geratzea, teoriatik praktikara igarotzea baizik. Bi politikari handi horien helburu eta ideiei jarraikiz, zertan ari garen ere aipatuko dugu, garatzen ari garen ekimenak azaldu; Joseba Ariznabarretak aipatzen zuen erakunde horri, beharrezkoa den horri, bidea pixka bat prestatzen edo errazten ari garela, alegia.

Kepa Anabitartek esandakoa ere betetzen saiatzen ari gara, masa sozial independentista lortzeko indar metaketa indarrez ezarrita dagoen sistematik kanpo antolatzen.

Oso argi daukagu ezinbesteko bi gizon handi haiek ez zirela teorian geratu: bizitza osoan saiatu ziren teoria praktikarekin uztartzen. Haiengandik ikasitakoa praktikan jartzen saiatzen ari gara gu ere.

Zatoz Pasai Donibanera abuztuaren 15ean, eta konpartitu gurekin Joseba Ariznabarretak eta Kepa Anabitartek erakutsitako kemena eta indarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.