Politologoa

Ageda eta Angela

Iker Laka Barandika
2026ko urriaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Domeketan amaren aldeko familiarekin bazkaltzeko ohiturari eusten diogu. Mañarian elkartzen gara, Bizkaian. Egun horietako batean, txakurra paseatzen ari ginela, herriko frontoiaren atzealdean dagoen horma-irudi paretik pasa ginen lehengusina eta biok. Lehendik ere bageneukan makina bat bider ikusita, baina bazter batean hainbat izen idatzita zeuzkala konturatu nintzen. Irakurtzen hasita, horietako batzuen abizenek gure familiakoekin bat egiten zutela jabetu ginen: Ageda Goiti Arteaga eta Angela Aldekoa Orozketa. 

Bertan bizi den izekoetako batek baieztatu zigun gerora biak senide genituela. Bide batez, duela urte gutxi udalak egindako dokumental baten DVDa eman zigun; horma-irudiaren gaiarekin lotutakoa, hain zuzen. Horrela jakin genuen frankistek kartzelan sartu zituztela biak 1937an; beste hamaika emakumerekin batera. Ageda eta Angela gure amama Errosaleren izeko ziren. Lehena, lau seme-alabaren ama eta Emakume Abertzale Batzako kidea. Ikurrinak josi eta frontean zeuden gizonek iraun zezaten ogia, jertseak eta berokiak egiten zizkieten, besteak beste. Bigarrena etxekoandre-laboraria, antza politikan sartuta ez, baina jeltzaleen aldekoa. Horrela azaltzen du Eufemik dokumentalean, amaren lehengusinak.

Herriko beste pertsona batzuen salaketek kondenatu zituen Mañariko hamahiru alaba haiek. Atzean laga behar izan zituzten euren seme-alabak eta, harrezkero, familia batzuek euskara galdu zuten hainbat belaunalditan zehar; beste batzuei, ordea, etxebizitza eta ondasun guztiak ostu zizkieten. Frankismoak beldurra behar zuen bere gizarte-eredua ezartzeko, eta atxiloketa haiek horretarako bitarteko perfektua izan ziren. Isiltasuna nagusitu zen herrian. Gertakizun honen beraren kontakizuna ere galduta geneukan askok. Kuriosoa da zelako bidetatik heltzen garen gure historia ezagutzera. Eta hain da beharrezkoa… Nortasuna sendotzeko, garena osatu eta berresteko. Horra hor memoria lantzeak dakarren irakaspena. 

Poza eragiten dit Ageda eta Angela moduko andre ausart eta jeltzaleren ondorengo izateak. Atzegoardiatik dena sostengatzen zuten emakume gudariak izan zirelako. Eurei esker ere, hemen gaude: izan zirelako gara, eta garelako izango dira

Lehen Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 90. urteurren hau abagune egokia da lanketa hori egiteko. Garai hartakoek, Agirre lehendakariaren gidaritzapean eta momentu latzenetan, argi izan zuten zein balio defenditu: Euskadiren askatasuna, demokrazia, giza eskubideak eta justizia soziala. Egia eta justizia behin eta berriro aldarrikatzen ditugun honetan, bidezkoa da demokrata guztiok gobernu haren pluraltasuna eta frankismoaren aurkako borroka partekatua aitortzea; baina gobernukide haien identitate politikoa lausotzeko saiakera egin barik. Uler dezaket ezker abertzalearentzat deserosoa dela momentu historiko hartako erreferente argirik ez edukitzea, baina horrek ez du justifikatzen zintzo ez jokatzea. 

Balio horiek oinarri dituen abertzaletasuna EAJ-PNVren eskutik bultzatu zen. Agirre lehendakaria jeltzalea zen, euzko gudariak eta Emakume Abertzale Batzakoak izan ziren bezalaxe. Ez da harrokeria, 90 urtetan zehar printzipio horiei tinko eutsi dien ibilbide politiko baten harrotasuna baizik. Gure aurrekoen legatua ezagutzea, koherentziaz aritzeko gaurko ekintzekin eta geroari begirako ikuspegiarekin. Iragana, oraina zein etorkizuna zentzuz josten dituen proiektu abertzalea. Niri, behintzat, poza eragiten dit Ageda eta Angela moduko andre ausart eta jeltzaleren ondorengo izateak. Atzegoardiatik dena sostengatzen zuten emakume gudariak izan zirelako. Eurei esker ere, hemen gaude: izan zirelako gara, eta garelako izango dira.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA