Gaur 15 urte beteko dira Donostiako Bakearen aldeko Nazioarteko Konferentzia egin zenetik. 2011ko egun hartan, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko alderdi politikoen gehiengo zabala, sindikatuak, enpresaburuen erakundeak eta Elizaren eta gizarte zibilaren ordezkariak nazioarteko buruzagi talde batekin bildu ginen, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohi Kofi Annan buru zutela. Nazioarteko bitartekariak ere izan genituen gurekin, Brian Currin eta Nazioarteko Harreman Taldea, besteak beste, baita nazioarteko hainbat fundazioren babesa ere.
Han geunden pertsona guztiok uste sendo eta desio bera genuen. Etapa berri baten atarian geunden: indarkeria atzean utziko genuen, eta gure desadostasunak mehatxurik gabe konpondu ahal izango genituen, elkarrizketaren eta elkar ulertzearen bidez. Kofi Annanek «hasiera berri baterako itxaropen partekatua» aipatu zuen egun hartan. Aieteko Konferentzia posible izan zen erakunde, alderdi eta entitateen eskuzabaltasun handiari esker; izan ere, desadostasunen eta iraganeko zaurien gainetik, ahaleginak batu eta helburu komun baten alde elkarlanean aritu ziren. Lokarri batzeko balio duen hori izateko borondatearekin sortu zen. Egun hartan hain ideia desberdinak defendatzen zituzten pertsonak areto berean ikustea izan zen, beharbada, hainbeste urtez eraikitzen saiatu ginenaren adierazpenik onena.
Indarkeriaren biktima guztiak gogora ekarri nahi ditugu. Aieteko Konferentzia eta, hiru egun geroago, ETAren indarkeriaren amaieraren iragarpena berandu iritsi ziren, beranduegi. Jasandako mina eta sufrimendua konponezinak dira. Artikulu hau sinatzen dugunok sentitzen dugu gizarte honen parte garen aldetik inoiz kitatu ezin izango dugun zorra dugula haiekin. Ez ginen gai izan behar adina indar egiteko. Ez zen gure ardura bakarrik, baina deitoratzen dugu gehiago egiten asmatu ez izana, indarkeria eta giza eskubideen urraketak lehenago amai zitezen.
Aieteko Konferentzia urrats erabakigarria izan zen, baina bakea eta bizikidetza eraikitzeak askoz gehiago eskatu du. Urte hauetan zehar, imajinaezinak ziruditen aurrerapenak gertatu dira: ETAren armagabetzea eta desegitea, biktimei aitortza egiteko legeak, presoen hurbilketa, memoriaren aldeko erakundeen sorrera edo elkartzeko eta elkar ulertzeko tokiko ekimenak. Aurrerapen horiek ere erakunde eta entitate oso desberdinen eskuzabaltasunaren eta irmotasunaren fruitu izan dira.
Aietek irakaspen praktiko batzuk ere utzi zizkigun: beste era batera pentsatzen duenarekin esertzeak ez du esan nahi arrazoia ematea, solaskide gisa aitortzea baizik
Hamabost urte geroago, oraindik egiteke dugu indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen biktima guztiak aitortzea, babestea eta gogoratzea. Hori egitea gure betebeharra da, bere biktimak ahazten dituen gizarte batek ezin baitu esan indarkeria atzean utzi duela. Eta, gainera, ez gara gai izan gertatutakoa erabateko zintzotasunez eta irekitasunez kontatzeko, berriro ez errepikatzeko konpromisoarekin. Kontakizuna osatu gabe dago oraindik, eta ez litzateke bidezkoa izango hurrengo belaunaldiei horrela helaraztea.
Garai zailak bizi ditugu gure gizartean eta nazioartean. Polarizazioa, beldurra eta bestearen ukapena nagusi dira esparru politikoan. Aieteko Konferentzia posible egin zuten balioak aldarrikatu nahi ditugu. Lehenik eta behin, pertsona guztien duintasunarekiko errespetua, bizikidetzaren oinarri gisa. Baita gizakiaren onenean jarritako itxaropena eta konfiantza ere, elkarlanean aritzeko eta konponbideak aurkitzeko gai baita. Azkenik, konponbideek erakunde, entitate eta pertsona oso desberdinen parte hartzea eta ahalegina behar dituztela onartzeko eskuzabaltasuna eta apaltasuna.
Aietek irakaspen praktiko batzuk ere utzi zizkigun, eta bereziki baliagarriak iruditzen zaizkigu une hauetan. Beste era batera pentsatzen duenarekin esertzeak ez du esan nahi arrazoia ematea, solaskide gisa aitortzea baizik. Inork ez zien bere ideiei uko egin behar izan areto hartan egoteko. Partekatzen genuena indarkeria amaitzen laguntzeko eta bizikidetza eraikitzeko asmoa zen. Elkarlanean aritzea posible izan zen, aurretik gure desadostasun guztiak konpondu beharrik gabe.
Ikasi genuen, halaber, aldeak elkarrekin hitz egiteko gai ez direnean, entzuten duten eta zubiak eraikitzen dituzten hirugarrenen presentziak itxita ziruditen bideak ireki ditzakeela. Eta gizarte zibila, antolatzen denean eta ahaleginean irauten duenean, erakundeak eta alderdiak beren kabuz iristen ez diren lekuetara irits daitekeela. Baita konponbideek denbora, pazientzia eta urratsak egiteko prestasuna behar dituztela ere, arrakasta bermatuta ez dagoenean ere.
Hamabost urte geroago, errespetuaren, elkar ulertzearen eta lankidetzaren balio horiek berreskuratzeko deia egin nahi dugu. Uste dugu gure bizikidetza sendotzeko lanean jarraitzeko gida direla, eta gero eta polarizatuago dagoen munduaren erronkei aurre egiteko ere baliagarriak izan daitezkeela.
Duela hamabost urte, Aieten, oso ideia desberdinak defendatzen zituzten pertsonek, eta elkarrengan konfiantzarik ez izateko arrazoi ugari zituztenek elkarrekin esertzea eta partekatzen zutena bilatzea onartu zuten. Egun hartan ez zen dena konpondu, eta gaur egun ere badira egiteke dauden gaiak. Baina ikasi genuen bizikidetza ez dela berez iristen: egunero eraikitzen da, pazientziaz eta bestea aitortzeko borondatez. Berriro harresiak altxatzen eta aurkaria etsai bihurtzen ari den mundu batean, irakaspen hori ez da gurea bakarrik. Duela hogei urte baino gehiago, Jose Saramagok idatzi zuen gizateria «itxaropen agorrezina ere badela». Aietek erakutsi zigun itxaropen hori errealitate bihur daitekeela elkarrekin lan egiteko gai garenean. Jada gure artean ez daudenei zor diegu, eta gure atzetik datozenei ere bai.
SINATZAILEAK: Iñaki Arzak, Joxe Begiristain, Xanti Begiristain, Blanca Burusco, Jon Casado, Juanjo Espina, Aitor Etxebarria, Ana Elvira, Rosi Garrido, Maialen Lizarralde, Manolo Vilabrille