Aire kauserak

2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Hamaika ikusteko sortuak gara. Ukrainako gerra zela kausa, eta haren ondorio ekonomiko negatiboak arintzeko asmoz, Pedro Sanchezen gobernuak, zalaparta handiz, ordainketa bakarreko laguntza bat onetsi zuen, 200 euro urteko, diru-sarrera maila baxua zutenendako. Hori bai, eskaerak online egin behar ziren, ezinbertzean.

Gobernuak erran zuen 2,7 milioi pertsona izanen zirela onuradun,baina 1,3 milioi eskari izan dira, ez bertzerik (online formularioek propio eginak dirudite jendeak eskatzeari uko egin diezaion), eta horietarik erdiak bakarrik izan dira onetsiak. Hau da, gobernuak iragarritako laguntzen %23 bakarrik eman dituela eta %77 aurreztu dituela. Neurriak iragartzeko kanpaina mediatikoa merke atera zaio. Laguntzak aire kauserak ziren.

Behin eta berriz erraten digutepairatzen dugun krisia pandemiak, Ukrainako gerrak eta klima aldaketak eragin dutela. Horren arabera, irudi du kapitalismoak eta bere izugarrikeria maltzurrek ez dutela harekin deus ikustekorik. Dena den, a zer kasualitatea!, zerutik eroritako krisiak ez ditu goikoak (industria farmazeutikoak, energetikoak, banka...) kolpatu, urteak baitaramatzate eskandaluzko mozkinak edukitzen, beheko jendea baizik.

Lau multinazional farmazeutiko nagusietakoek —Pfizer, Moderna, BioNTech eta Sinovar— 90.000 milioi dolarreko mozkinak izan zituzten 2021ean eta 2022an. Txerto aunitz finantzaketa publiko eskuzabalari esker erdietsi baziren ere (noizko ikerketa, ekoizpen eta banaketa farmazeutikoa sustatuko dituen politika bat, horrelako mafiari azpijana egiteari utzita?), osasuneko merkatari horiek egoeraz baliatu dira eskandaluzko irabaziak lortzeko.

Egungo egoera sozial larria arintzeko gobernuak hartutako neurri garrantzizkoenetako batzuk (BEZaren murrizketak, erregaia erosteko laguntzak...) ia sinbolikoak baino ez dira izan. Gainera, egoeraz baliatu diren enpresa handien (bankuak, IBEX 35, elikadura kateak) eskandaluzko irabaziak arpilatu beharrean, laguntzak arka publikoen kargura finantzatu dira eta merkatu sakratuaren mekanismo maltzurrek xurgatu dituzte.

Joan den ekainean, Luis Planas Nekazaritzako ministroak honakoa adierazi zuen: «Nire ikuspegitik, elikadura katea ongi ari da, elikagaiak eta edariak bidezko prezioetan izatea lortu baitu». Hori erratean, ez zuen ezta kliskatu ere egin. Alabaina, kontsumitzaileen elkarteek (OCU, Facua-Consumidores en Acción...) kontrakoa diote. Azken horrek kalkulatu du ezen BEZaren murrizketaren eragina izan duten elikagaietatik ia-ia erdiak neurria onetsi aurretik baino gehiago kostatzen direla, eta gobernua salatu du ikuskaritza eta kontrolik ezagatik. Gainera, honakoa gehitu du: «Prezio igoerak ikusi ditugu espekulazioaren ondorioz, supermerkatuetako taldeen interesek eraginda, haien mozkin-marjinak mantendu edo areagotzeko»; eta, zehazki, Alcampo, Aldi, Carrefour, Día, Eroski, Lidl, Hipercor eta Mercadona seinalatu ditu.

CEOEko capo di capi Antonio Garamendik BEZa murrizteko neurriak txalotu ditu eta gaineratu du gobernuak elikagaien prezioak ezartzea «programazio sobietar hutsa» litzatekeela. Hau da, estatuak zerga murrizketen bidez dirua sartzeari uztea ongi dagoela, baina elikadura multinazionalek beren mozkinak murriztuak ikustea gaizki. Betikoa: estatua krisiaren pagaburua izan dadila baina haien merkatu askatasun sakratu eta zantarra inortxok ere ez dezala ukitu.

Horrelako zerbait gertatu da gasolinari emandako diru-laguntzarekin. Joan den urte bukaera arte iraun zuen, garraiolariendako izan ezik, horiek oraindik mantendua baitute. Baina azken asteotan ari gara ikusten prezioak izugarri igo direla, laguntzak eman aurreko egunetako zenbateko ia bertsuak dituztelarik. Eskema berbera da: estatuak aldi baterako diru-laguntzak banatzen dizkie kontsumitzaileei hasierako herri-haserrea saihesteko, baina multinazional energetikoen negozio esparruak ukiezina izaten jarraitzen du.

Eremu finantzarioan, EBZ Europako Banku Zentralak interes-tasak igotzearen ondorioz, hipoteken kostua izugarri emendatu da. Batez beste 1.000 euro hileko ordaintzen zutenek ia 1.400 ordaindu behar dute orain. Hortaz, ez gaitu harritu behar ikusteak 2022a azken urteetako onena izan dela bankarako, eta batzuendako—BBVA eta Santander— beren irabaziak haien historiako altuenak izan direla ere. Begi bistakoa da joan den urtean haien irabazi ezohikoen gainean ezarritako zerga onberak ez diela eragin handirik ekarri eta oso motz geratu dela.

Makroekonomiak eta bere zenbaki handiek zer ikusi gutxi izan ohi dute jende arruntaren mikroekonomiarekin. Etxeko ekonomietan erosketa-saskiak, hipotekek eta alokairuek, soldatek, arreta sanitarioak... agintzen dute. Eta ondorio horietarako ikusten dena ez da gobernuak azaltzen duen egoera edulkoratua. Aitzitik, eta nagusiki, elikagaien abusuzko igoerak (Espainiako Bankuak «prezioen dinamismoa» deitzen ditu), banku-interes izugarri altuak, soldata eta pentsioen erosteko ahalmenaren galera eta osasun publikoaren andeatzea. Baina goikoak kezkatzen dituzten zenbakiak ez dira supermerkatuko prezioak, ezta gasaren edo argiaren fakturenak ere, burtsako kotizazioak baizik.

2024a ari da hurbiltzen. Bisurtea da. Lanegun bat gehiago soldata berarengatik. Hori bakarrik balitz, ez legoke gaizki, baina abenduaren 31n josteta akituko da. Europako Batzordeak gastuaren euste neurriak hartuko ditu berriz, eta defizitari eta zor publikoari mugak ezarriko. Hau da, betiko portaeretara itzultzea. Murrizketak itzuliko dira. Ez da oso azkarra izan behar aurreikusteko murrizketa horiek ez dutela eraginik izanen aurrekontu militarretan (2023rako %25 emendatu ziren, eta 2024rako antzeko igoera aurreikusita dago), baizik eta kontu-sail sozialagoetan. Afari bat jokatu nahi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.