Euskaltzalea

Anduezaren gezurra lan egiteko eskubidea dela eta

2025eko uztailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

PSOEko Andueza jaunak adierazi zuen eskubide linguistikoaren eta lan egiteko eskubidearen artean aukeratzerakoan egiten duen planteamenduan bigarrenaren alde jotzen duela, eta gezur borobila dela frogatzen saiatuko naiz.

Jakina da epaitegi bat baino gehiago sistematikoki euskararen aurkako epai asko ematen ari direla azkeneko urteotan, erakunde publikoetan langile batzuei euskara maila bat edo beste eskatzen zaielako, besteak beste. Andueza jaunari gogoratu beharko zaio Euskal Herrian lan egiteko eskubidea izateko gaztelania (Hegoaldean) zein frantsesa (Iparraldean) jakin behar dela nahi eta nahi ez. Beraz, lan egiteko eskubidea erabat lotuta dago gaztelania jakitearekin Hegoaldean eta frantsesa jakitearekin Iparraldean. Beraz, Hegoaldean, egun, ez badakizu gaztelaniaz hitz egiten, ez duzu inon lan egingo. Eta beste horrenbeste gertatzen da Iparraldean frantsesarekin.

Baieztapen hori frogatzako adibideak milaka izan daitezke. Hala ere, bakar batzuk aipatuko ditut.

Demagun Europa ekialdetik pertsona bat Hego Euskal Herrira iritsi dela lanaren bidez etorkizun hobea lortzeko asmoz. Pertsona hori, lan egin ahal izateko, gaztelania ikasten hasiko da (gaztelania irakasten duten eskola batera joanda edo joan gabe). Pertsona horri lan kontratu bat egiten dioten arte hilabete asko pasatu daitezke. Momenturen baten gaztelania maila komunikatibo bat eduki beharko luke administrazioarekin harremanak izan ahal izateko, eta bere egoera legeztatzeko hainbat pauso eman daitezen.

Beste adibide bat dugu ondokoa. Euskal Herrian etxean euskaraz bizi den familia bat. Demagun familia horretako kide gazteenak enpresa pribatu batean lana bilatu nahi duela. Pertsona horrek nahi eta nahi ez gaztelania jakin behar du Hegoaldean eta frantsesa Iparraldean. Kontu bera gertatzen da pertsona horrek administrazio publikoan lan egin nahiko balu.

Adibide horiekin frogatuta dago lan egiteko eskubidea ez dela zerbait abstraktua, zerbait neutroa, inolako identitate kutsurik ez duena. Norbaitek horri buruz zalantzarik balu, gogoratu behar da Espainiako Konstituzioaren zale amorratuek Espainia deitzen dioten Euskal Herriko Hegoaldean bizi garenok legez behartuta gaudela gaztelaniaz jakitera. Aipatu dudan hori, adibidez, oso garbi ikusten da Nortasun Agiri Nazionala delakoa egitera edo berritzera joaten garenean gertatzen denarekin. Joan zaitezte bulego horietara bakarrik euskaraz hitz egiten, ohartuko zarete zein herritar mota izango zareten haientzat! Ez hori bakarrik, ez baduzu euskaraz bakarrik hitz eginez karnet hori lortzen, karnet hori ez edukitzeak eskubiderik ez izatea ekarriko dizu. Izan ere, ezingo zenuke Osakidetzaren edo Osasunbidearen txartela eduki, ezta lan kontratu bat eduki ere. Beraz, Andueza jauna, zure planteamendua gezur hutsa da.

Hala ere, hainbat erdaldun elebakarri Andueza bezala pentsatzen duten beste hainbat politikarik ziria sartu ahalko diete. Engainatuta dauden pertsona kopuru nabarmen bat lortzeko eta engainu hori iraunkorki mantentzeko, lehen aipatutako legeaz gainera, badituzte beste zenbait tresna ere. Iaz PSE-PSOEk eta EAJk onartu zuten EAEko Hezkuntza Publikorako legea. Legea aprobatu baino egun batzuk lehenago, (beraz, esan dezagun, azken momentuan) lege horren edukian erantsi zuten aipamen garbi bat, non esaten den A eredua ez zela kentzen Derrigorrezko Hezkuntzatik. Ondorioz A ereduan matrikulatuko diren umeek, denok dakigun bezala, Derrigorrezko Hezkuntza bukatutakoan ez dute euskaraz jakingo. Beraz, EAEn aurrerantzean ere egongo dira euskara ez dakiten gazteak, eta, beraz, beren sasi argudioari edo gezurrari eutsiko diote horrela, alegia euskaraz ez dakiten pertsonak ezin direla diskriminatu erakunde publiko batzuetan lan egiteko euskaraz ez jakiteagatik.

Haien maltzurkeria izugarri handia da, ederki asko baitakite bi hizkuntza ofizialak ikasteko hezkuntza eredu hoberena D eredua dela, eta, hala ere, A eredua bultzatzen segitzen dute Derrigorrezko Hezkuntzan.

Jakina da D ereduko ikasle batzuek erdiesten duten euskara maila oso baxua dela. Horrek eskatzen du bestelako neurriak hartzea eta bai eskola barruan eta bai eskolatik kanpo ikasleak murgiltzen diren tokietan gauzatzen dituzten jarduerak zein aktibitateak euskaraz eskaintzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.