PISA proben emaitzen harira, guztion ahotan dago hezkuntzaren egoeraren inguruko eztabaida. Komunikabide eta alderdi politikoak haien interes politiko zein elektoraletarako ari dira baliatzen egoera eta hezkuntza-kontseilariek argudio arrazista eta klasistak baliatu dituzte emaitza kaxkarren zergatia justifikatzeko. Erantzukizuna teilatu batetik bestera bota nahian dabiltzan honetan, errazena ikasleengana bideratzea dela dirudi.
Kontrara, fokua hezkuntza-sistemaren porrotean jarri beharko litzatekeela uste dugu. Egungo hezkuntza-sistema ez da gai ikasleok errealki hezteko. Argi dago arazoa sistemaren dela, ez ikasleona. Baina zergatik diogu hori?
Sistemak porrot egin du, gastu publikoa murriztu dutelako. Aurrekontu militarra gora doan bitartean, hezkuntzarako sarbidea gero eta garestiagoa da, bazterketa sozial eta segregaziorako joeretan sakontzen ari da, eta zerbitzuen murrizketak nahiz horien kalitatearen okertzea etengabeak dira.
Sistemak porrot egin du, ikas-beharrei erantzuten ez dien digitalizazio masiboan inbertitzen dutelako, bide batez kontrol sozialerako ere baliatuz. Ikasleon premiak asetzeko tresna izatetik urrun, digitalizazioaren gorakadaren atzean mundu mailako milaka miloi euroko negozioa dago.
Sistemak porrot egin du, lan-merkatuaren beharren arabera diseinatutako konpetentzia-sistemaren aldeko apustua egin dutelako. Lan ezegonkor edo aldakorretara egokituko den ikasle-eredua ekoitzi nahi dute sistema honen bitartez, hezkuntza edukiz hustuz.
Sistemak porrot egin du, ikas-beharrei erantzuten ez dien digitalizazio masiboan inbertitzen dutelako, bide batez kontrol sozialerako ere baliatuz
Sistemak porrot egin du, hezkuntza-eredu hau ez delako gai belaunaldi berriak euskaldundu eta euskararekiko atxikipena indartzeko, lurralde askotan euskaraz ikasteko eskubidea ukatzeraino. Are gehiago, gainera, etengabeko erasoak jasaten ari den garaiotan, Voxen eraso judizialarekin ikusi moduan.
Ez gara ikasleok PISA proban huts egin dugunak. Huts egin duena hezkuntza kapitalaren beharretara azpiratzen duen sistema da. Hezkuntza-sistema kapitalismoaren behar produktibo, ekonomiko eta sozialen menpe dagoen bitartean, arazoak bere baitan jarraituko du. Horregatik, ezinbestekoa deritzogu egoera hau gainditzeko logika honetatik kanpo antolatuko den eta ikasle langileon interesetara egongo den hezkuntza-sistema berri bat eraikitzea, hezkuntza-sistema sozialista. Norabide horretan jardutea da gure egitekoa. Eta zu? Geldirik geratuko zara?