Asmatzen denean ere ikasten jakin behar da

2017ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
« Akatsetatik ikasten da», entzun dugu betidanik. Eta egia da. Baina asmatzen denean ere ikasten jakin behar da. Izan ere, batzuetan hanka sartzen dugu, eta, beste askotan, asmatu. Tamalez, akatsei bakarrik erreparatzeko joera izaten dugu gehienetan.

Bildu jaio zenetik sei urte bete direla, eta EH Bilduren lehen kongresuaren bezperan, ibilbide honetan ongi egindakoaz hitz egin nahi nuke nik. Esan bezala, akatsez gehiegi hitz egin dela uste dut eta.

Asmatu egin genuen Bildu sortzen. Sei urte hauetan denetarik egon da: eztabaida sutsuak, esfortzu zintzoak, momentu onak eta ez hain onak... emozioak azken finean. Bildu jaio zenean jakitun ginen ibilbide dinamikoa izango zuela, berritzailea, progresiboa, jende berriaren ekarpenei irekia. Eta hazkunde horretan EH Bildu jaio zen. Eta bai, jakitun ginen kritikatu eta irainduko gintuztela, gu gauzak aldatzeko jaio ginelako eta statu quoari ez zaiolako batere gustatzen inork gauzak aldatzea. Edonola ere, gogoangarria izan zen EH Bilduren jaiotza; zintzo jokatuz, diskurtso ausartak garatuz, amets egitera gonbidatuz.

Ezberdintasunen gainetik, batzen gintuenaren inguruan biltzea aukeratu genuen. Garrantzitsuena lehenetsi genuen: pertsonen eta herrien eskubideak defendatzea, politika kalean eta bulegoetatik kanpora egitea eta herritarrek behetik gora gobernatzea ahalbideratzea. Eta horrela egin dugu lan. Eta horretan asmatu egin dugu.

Asmatu egin genuen, zeren eta orain harro esan dezakegu pertsonen arteko diferentzien gainetik jendarte justuago baten aldeko borrokaren alaitasunak batzen gaituela: jendarte feminista, plurala, adeitsua, jakintsua, librea. Nik horrela bizi izan dut, eta horrela bizitzen jarraitzen dut.

Donostiako alkatea izateko ohorea izan nuen lau urtez. Urte zailak izan ziren, ez dut ukatuko, baina uste dut zenbait egoera kafkarraren aurrean irribarrez erantzun genuenean asmatu egin genuela. Hainbat jende ondradu, argi, borrokalari ezagutu nuen, indibidualismoaren aurrean komunaren defentsa egiten zuten hainbat lagunekin topo egin nuen... Denak merezi izan zuela uste dut.

Donostia eta Euskal Herria horrelako jendez beteta daude, eta sinetsita nago denok elkarrekin aritzeko aukera dugula. Eta ziur nago askoz era eraginkorragoa dela, geure ametsak eta helburuak lortzeko, denok batera jotzea. Gakoa ez da gure diskurtsoak onenak direla adieraztea edo desberdin pentsatzen duenari inposatzen saiatzea. Ez horixe! Guztiz kontrakoa. Nork bere iritzia izatea, horren alde argudiatzea eta bere posizioa defendatzea gustuko dut nik. Eta hori bezain gustukoa dut batzen gaituena bilatzeko ahalegina egitea. Hiri, herri edo jendarte eredu berri baten norabidean denok batera jotzen dugunean asmatu egiten dugu.

EH Bildu berritzen ari da. Horixe dagokigu orain. EH Bilduk beharrezkoa du etengabeko berrikuntza. Jasone Agirrek ideia hori ongi adierazten du metafora baten bidez: «Harri bat bezalakoa da EH Bildu, dabilen harri bat; batzuetan ur handiak datoz, beste batzuetan urik ez dago, baina uraren eraginez leunduz doa, forma hartuz». Ur horiek proiektu honetan sinesten duzuen guztiok zarete, zuek ematen diozue forma EH Bilduri.

Eta, ur jario horretan, hobetzeko zenbait gauza antzeman ditugu; ez da harritzekoa. Orain pertsonei protagonismoa emateko tenorea da, bakoitzaren abiapuntua edozein izanda ere; etorkizunean bide bat konpartitu nahi dutenak lehen planora ekarri behar ditugu. Aldi berean, erantzun azkarrak emateko gai diren egitura bizkorrak, autonomoak, eraikitzeko garaia da. Maddalen Iriartek dioen moduan —eta nik hau neure egiten dut—, denon etxebizitza eraikitzeko garaia da, gero denon artean antolatuko eta apainduko dugun etxea, alegia. Era formalago batean esanda: eragile politiko propio bat eraikitzeko garaia da. Bi ikuspegiak dira baliagarriak, nire ustez.

Donostiako alkatetzan aritu nintzen lau urteetan zerbait argi geratu zitzaidan ororen gainetik: gure hiria ederra dela, bai, baina herritarrek egiten dituztela gure paisaia eta bizimodua eder; bere inguruari begiratu eta pentsatzen hasten direnak, segituan diskurtso bat eraikitzen hasten direnak, eta berehala proposamenak eta ekarpenak egiten hasten direnak. Hiriarekin eta hiritarrekin etengabeko elkarrizketa izanda jarrera eraikitzailea erakusten duten pertsonez ari naiz. Haiek dira Donostiaren benetako potentziala, auzoetan eta herrietan dagoena. Eta pertsona horiekin guztiekin, eta gehiagorekin, etorkizuna konpartitu nahiko nuke, EH Bilduren baitan.

Asmatzen dugunean edo hanka sartzen dugunean, negar edota barre egiten dugunean, sufritu behar denean eta gozatzerakoan, gauza bat argi izango dugu beti: pausoz pauso, amesten dugun Donostiaren alde lanean jarraituko dugula.

Bukatzeko, gaurdanik, EH Bildu berria eraikitzeko prozesuan parte hartzeko deia egin nahi dizuet, denon artean asmatu egingo dugu eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.