Atzerriko hizkuntzaren ikaskuntza goiztiarra, onura ala kalte?

2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian ingelesaren ikaskuntza goiztiarra gero eta nabarmenagoa da. Euskal Autonomia Erkidegoan ingelesa 3 urtetik aurrera ezarriko da datorren ikasturtean, eta, hezkuntza legearen aurreproiektuaren arabera, ingeleseko orduak biderkatu egingo dira. Nafarroan, PAI ingelesez ikasteko programari hezkuntza-eredu izaera emateko foru dekretua onartuko da. Baina, ingelesaren ikaskuntza goiztiarrak bermatzen ote du konpetentzia linguistiko hobea erdiesten dutela gerora ikasleek?

Gaurkoan, zenbait ikerketa zientifikoren bidez, ikaskuntza goiztiar hori zalantzan ipiniko dut. Horretarako, hauek dira oinarri gisa hartu ditudan ikerketak:

Alde batetik, Harvard Unibertsitateko Three misconceptions about age and L2 learning ikerketa. Bestetik, Bartzelonako Unibertsitateko Carmen Muñoz filologoak egindakoa: Contrasting Effects of Starting Age and Input on the Oral Performance of Foreign Language Learners.

Bi ikerketek agerian utzi dute ikasle helduek atzerriko hizkuntzan maila oso altuan ikasteko gaitasuna dutela, eta haur oso txikiei atzerriko hizkuntzak sartzea ezin dela justifikatu hizkuntzak ikasteko prestutasun biologikoaren arabera.

Ikerketa hauek zalantzan jartzen dute historikoki neurobiologoek aipatutako aldi kritikoa ere. Aldi kritikoa da hizkuntzen jabekuntzarako hizkuntza bat ikastea nahiko erraza den eta normalean arrakasta handia izaten duen garaia. Aldi hori amaitutakoan, ikasleak aukera gutxiago izango du atzerriko hizkuntzan ama-hizkuntzaren pareko gaitasuna lortzeko. Psikolinguisten artean, oro har, onartua dago aldi kritiko bat badagoela lehenengo hizkuntzan (H1), baina eztabaida sortzen da aldi kritikoaren aldarrikapena bigarren hizkuntzara (H2) edo atzerriko hizkuntzaren ikaskuntzara zabaltzen denean.

Helduek atzerriko hizkuntzak menperatu ezin dituztela dioen uste okerra oso hedatuta dago. Horrek iradoki dezake haurrak azkarrak eta eraginkorrak direla atzerriko hizkuntza jasotzen, baina datuek argi uzten dute haurrek hizkuntza berriak poliki eta esfortzuz ikasten dituztela; nerabeek baino polikiago eta esfortzu handiagoarekin, gainera. Hizkuntza berria era eraginkorrean jasotzeko bide bakarra murgiltzea da.

Aurkikuntza hauek zalantzan jartzen dituzte atzerriko hizkuntzen programetan ikasle gazteen ustezko abantailak, eta frogatzen dute haur helduagoek edo nerabeek gazteagoek baino gehiago ikas dezaketela denbora-tarte berean.

Adinak eragina du hizkuntzaren ikaskuntzan, baina batez ere faktore sozialekin, psikologikoekin, hezkuntzakoekin eta bigarren hizkuntzari eragin diezaioketen beste faktore batzuekin lotuta dagoelako, eta ez helduek hizkuntza ikasteko aukera mugatzen duen aldi kritikoaren ondorioz. Gardnerrek, 1997an, 30 motibazio-aldagai baino gehiagoren garrantzia nabarmendu zuen, eta horietako batzuk (hizkuntza antsietatea, motibazioa eta autokonfiantza) oso lotuta daude atzerriko hizkuntzaren gaitasunarekin.

Bestalde, atzerriko hizkuntzen irakaskuntza Lehen Hezkuntzako hasierako mailetan sartzeko erabakiak, eskola-planeko beste alderdi batzuen kostuen aurrean aztertu behar dira. Izan ere, Collierrek (1992) haur elebidunen ikasketak interpretatu zituen lehen mailetan, eta lehen hizkuntzaren irakaspena azken alfabetatzerako bigarren hizkuntzaren irakaspena baino garrantzitsuagoa dela adierazi zuen. Horrez gain, dakigunez, ez dago atzerriko hizkuntzen irakaskuntzak matematikan, zientzietan, musikan edo arte irakaskuntzan inbertitutako denbora gehigarriak baino gehiago balio duela erakusten duen ikerketa onik.

Ikerketa hauen emaitza esanguratsuak ikusita, agintari politikoek atzerriko hizkuntzen ikaskuntza goiztiarraren inguruko hausnarketa sakona egin beharko lukete. Eta atzerriko hizkuntza horren goiz txertatzean tematu ordez, irakasgai hori emateko exijentzia maila igo (B2tik C1era), horretarako formazio gehiago eta testuinguru aproposak sortuz (ikerketetan aipatzen da irakaslegoa eta testuingurua zein garrantzitsuak diren).

Gainera, aipatutako guztiak euskararen irakaspena bultzatuko luke, eta baita gerora atzerriko hizkuntzen konpetentzia maila igo ere. Presak ez dira inoiz onak izan. Ezta hizkuntzen jabekuntza prozesuetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.