Bil Gaiten taldearen izenean

Aurrekontutik harago, proiektu bat Ipar Euskal Herriarentzat

Nicole Etxamendi eta Jean-Claude Mailharin
2024ko martxoaren 17a
05:00
Entzun

Gure iparrorratza: Ipar Euskal Herri mailako jendarte proiektu bat eraikitzea hemengo biztanleentzat. Helburu hori buruan, Euskal Hirigune Elkargoko aurrekontuetan fiskalitatearen emendaketa eztabaida horretarako parada da. Martxo honetan erabakiko dira 2024ko aurrekontu norabideak eta ez dituzte bakarrik politika publikoak diruztatuko. Izan ere, bozkatuko diren lau zerga emendaketek etorkizuneko bideak markatuko dituzte. Otsailaren 17ko batzarrean gogorarazi genuen 2021ean fiskalitatea emendatu zela eta erabaki zela «ez berriz egitea». 2021etik hiru urte pasatu dira eta hautetsiek proposamen bat trenkatu beharko dute. Orduan, zer egin?

Batzar orokorreko hautetsiei zergen emendaketa hori baitezpadako erabaki bezala aurkeztu zaie. Haatik, zifra eta politiken analisiaren ondotik Bil Gaiten taldeari ez zaio hain begi-bistakoa iduri. Horregatik, fiskalitatea emendatu gabeko arteko proposamen alternatibo baten alde jarri da. Eta horrek hiriguneak kudeatzen dituen proiektuetan ez luke eraginik. Alderantziz, gure instituzioaren indartzea dugu helburu.

Gure hitz hartzeen bidez beste gidoi bat plazaratu genuen. Fiskalitatearen emendaketa ez da baitezpadakoa, 2023an mandatu hastapenean baino ttipiagoa dugulako zorra kentzeko tasa (4,2 urte 2023an; 6,6 ziren 2020an). Inbertsioak egiteko gaitasuna badugu, eta are gehiago, gaitasun hori indartuko da! Inflazioa jasaten badugu ere, funtzionamenduari dagozkion karguak menperatu behar ditugu. Hiru urteko aurreikuspeneko proposamen alternatibo bat egiten dugu, beraz. Azken horrek inbertsioen maila berdina atxikiko luke: irabazteekin baikorrago izanez eta gastuak hobeki menperatuz. Ororen buru fiskalitatea emendatu gabe lortuko genuke gure aurrekontua orekatzen.

Zenbakietarik harago, Bil Gaiten-ek bi elementu dauzka gogoan. Alde batetik, hautetsiek duten rola betetzera eraman behar ditugu hautuak egiteko lekuan emanez. Egin-molde horrek bermatuko luke proiektuen leheneste prozesu bat: gure finantzen jabe izanez eta orain arteko interes partikularren metatze politikaren meneko izan gabe. Erronka ez da ttipia, ezen herri bakoitzari bere pastiza puska emateak ez baitu Ipar Euskal Herri mailako proiektu bat bermatzen. Bestalde, gure instituzioen indartzeko tenorea da, demokrazian sakonduz jendarte proiektu baten zerbitzuko. Horrek gobernantza egokitua eskatzen du, gure probintzien berezitasunak kontuan hartuz. Atera behar dugu aldebakarreko mekaniketatik eta hierarkietarik, hautetsiei eta herritarrei hitza itzuliz; hori, erabaki batzuk lurralde poloetara deszentralizatuz.

Sortze prozesutik hemen garenok parte hartu dugu erakunde honen eraikuntzan eta Elkargoaren garapena dugu xede. Gutako asko Batera plataforman geunden, gure lurraldearentzat erakunde bat sortzea helburu. Gure kezkak eta galderak partekatzeko nahikaria badugu. Orain hautetsiek dituzten proiektu guzien gauzatzeko estruktura berri bat behar ote dugu eskumen gehiago ukaiteko? Duguna behar ote dugu sendotu gure politika publikoak bururaino eramateko? Bi bide horiek ez dira kontrajarriak. Hain zuzen ere, hautetsiek paper bikoitza dute: hautuak egiteko ardura eta herritarren beharrei boza ematea. Ororen buru, gure gainetik den eta elikatzen gaituen proiektu baten zerbitzuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.