Jonan Fernandez.

Azkenean, Elkarri-k gauza bakarra lortu zuen

2012ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Gaur Elkarri-k 20 urte beteko ditu. Horrelako oroitzapenak ekintza gogoangarriak eta lorpenak zerrendatzen dituzten gorazarreetatik gertu egoten dira. Ez da hori nire asmoa. 14 urtez Elkarri-ko koordinatzailea izateko aukera izan nuen, eta bi edo hiru gauza baino ez ditut azpimarratu nahi, urte haietan geneukan ikuspegia perspektibarekin begiratuta eta esperientzia hark gaur egun eskaintzen duen atzera begirakoa kontuan hartuta.

Autokritika batekin hasiko naiz. Elkarri-n berandu jabetu ginen biktimen gaiak zeukan garrantzi errealaz. Berandu iritsi ginen, eta iraganaren berrikuspen kritikoa egitea komeni den denbora honetan, hori aitortu egin behar dugu. Aurreiritziek eta mesfidantzek batere laguntzen ez zuten arren, galdutako denbora berreskuratzen saiatu ginen. Arlo honetan, geure ekarri zehatzena eta korrontez kontrakoa biktima guztiak aintzat hartzeko premia azpimarratzea izan zen, giza eskubideen inongo urraketarik baztertu, nahastu eta parekatu gabe.

Aldi berean, nire iritziz, Elkarri-ren erabaki onena izan zena azpimarratu nahiko nuke: desegiten jakitea. Eta ez bakarrik (hori ere baden arren) bere amaieran Lokarri eta Baketik sortu zirelako, baizik eta batez ere beste arrazoi bategatik: bitartekoa helburu ez bilakatzea. Hain zuzen ere, Elkarri horregatik desagertu zen, 13 urteren ondoren. Mugimendu hura tresna sozial ona izan zen ordura arte, eta bere xede nagusia betea zuen: elkarrizketaren ideia gizartean eta politikan nagusitzen laguntzea indarkeriaren eta inkomunikazioaren aurrean. Zalantzarik gabe, lorpenekin eta konpondu gabeko arazoekin. Bere arrakasta luzatzea modu artifiziotsuan tentaldi egingarria zen. Nolanahi ere, bere zikloa amaitutzat ematea erabaki genuen, Elkarri, besterik gabe, beti izan behar zuena izan zedin: bitartekoa, eta ez helburua.

Bidaia haren paisaiaren parte izan ginenontzat bizitzaren eskola izugarria izan zen Elkarri. Oso ideia samurrak defendatu zituen; garrantzitsuena elkarrizketa gatazkak konpontzeko metodo eta indarkeriaren alternatiba gisa. Apustu hau zintzoa baldin bada eta pertsonalizatzen baldin bada, egiaren bilaketa partekatzearen baliokidea da, jakinda norbera ez dela bere jabea. Nola defenda daiteke horrela elkarrizketa bizitza pertsonalean, familian edo sinesmen soziopolitikoetan izango dituen ondorio praktiko guztiengatik interpelatua sentitu gabe. Askotan esan izan dugu gu ez ginela izan Elkarri egin genuenak, Elkarri-k gu egin gintuela baizik.

Elkarri-rekin ikasi genuen guztiaren artean irakaskuntza nabarmen bat dago. Helburu baten alde borrokatzen garenean ezin gara borrokatu lortuko dugun espektatibarekin. Hori espektatiba faltsua da. Gizakion izaera mugatuaren neurrira egindako espektatiba bakarra baldintzak sortzea da. Bakearen aldeko geure borroka horrela begiratzeak etsipenean ez erortzeko eta «insistentzialismoa» garatzeko aukera eman zigun.

Orain esatera noana oso subjektiboa da, baina ezin dut esan gabe utzi: Elkarri-n jende miresgarria elkartu zen. Noizean behin ikusten dugu elkar edozein aitzakiarekin edo «abenduaren hogeietan». Geuregan utzi zuen aztarna sakona izan zen, eta guztiok aitortzen dugu hori, adierazteko aukera dugun bakoitzean.

Niretzat garrantzitsuena den ideia batekin amaituko dut. Argiekin eta itzalekin, errealitatea horrela delako beti, azkenean, 14 urteko lanaren ostean, Elkarri-k gauza bakarra lortu zuen. Orduan ez genekien hori izango zenik lortu behar genuena. Beste burutazio batzuk eginak geneuzkan, baina azkenean horixe izan zen emaitza.

Elkarri-k eragina izatea lortu zuen soilik. Bakearentzat eta geure gizartearentzat eragin sozial eta politiko positiboa, batez ere. Denborarekin ikasi dut hau dela eduki daitekeen itxaropenik altuena: eragin ona izatea lortzea.

Oharra: Elkarri-ko abentura osatu zuten eta ondoren Lokarri-koa edo Baketik-ekoa osatzen ari diren pertsona guztiei eta bakoitzari esker on hunkitua adierazteko idazten dut artikulu hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.