Baionako agiria, eredugarria

Patxi Zabaleta eta Rebeka Ubera
2014ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Joan den urriaren 24an sinatu eta jakitera emandako Baionako Agiri edo Manifestua urrats guztiz garrantzitsua da Euskal Herriko bakegintzaren bidaian. Gernikako Akordioak, Aieteko Konferentziak, euskal preso eta iheslari politikoek emandako babesak, bake foroak eta, guztien gainetik, herriak eta herritarrek emandako urratsen jarraipena da. Baionako manifestuari buruz, emaitza eta edukia bezain garrantzitsua da egindako bidea.

Baionako manifestuak bitarteko bikaina eskaintzen digu bake eta elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan aurrera jarraitzeko. Manifestuaren edukia bikaina izateaz gain, eduki hori ahalbidetu duen alderdien arteko elkarlana, akordioetara iristeko jarrera pro-aktiboa eredugarria izango da datozen urteetan.

Edukiari dagokionez, Baionako manifestuan ez diete hitzei beldurrik eduki eta amnistiaz edo ETArekin egin beharreko elkarrizketaz aritu dira, Kolonbiako edo Irlandako bake prozesuetan egiten den antzera. Badirudi Hegoaldetik Iparraldea urruti ikusten dela. Halere, gure herriko egunerokotasun politikoa hobeki ikusten da maiz Iparraldeko talaia patxadatsutik, Hegoaldeko lehia politiko istilutsuetatik baino.

Kolore guztietako alderdien eskutik irekitako Iparraldeko bidea Hegoaldean ere jarraitu beharreko ibilbide moldea da. Gizarteak horretara bultzatzen gaitu eta gizartea askoz aurrerakoiago, eskuzabalago eta ausartagoa da alderdiok baino.

Ipar Euskal Herrian Bakearen aldeko Foroan egin dituzte urratsak azken urteotan alderdi desberdinek. Akordioak erdietsi dituzte banaka-banaka giza eskubide eta bakegintzaren norabidean; gauzak horrela, elkarbizitzaren eta normalkuntza politikoaren bidean sakondu dute. Orain sinaturiko manifestua ibilbide horren azken adibidea da. Frantziako Estatua mugiarazteko urrats ausart eta beharrezkoa; gizarte zibilari eta elkarrizketari dagokion aitzindaritza aitortzen diona. Espainiar Estatuko geldikeriari ere horrelako erronka bat jarri beharko litzaioke aurrean Hegoaldetik.

Baionako manifestuaren edukiei erreparatuz, berriz, giza eskubide guztietan oinarritutako konponbide osoa dago xedetzat; preso, iheslari eta biktima politiko guztiak aintzat hartzen dira, salbuespenik gabe. Elkarrizketa goraipatzen da, amnistia aldarrikatzen da, Gernikako Akordioa gogoratuz; errefuxiatu eta preso politikoen bergizarteratzea eta biktima guztien aitortza eta kitapena eta Ipar Euskal Herriari dagokion erakundetze berria aipatzen da elkarbizitzaren oinarri den heinean.

Horra nola konponbiderako osagai guztiak ehunduak dauden Baionako Agirian, kolore guztietako alderdien adostasun politikoaren ondorioz. Hegoaldetik txapela kendu eta poza adierazteaz gain, atera beharreko lehen irakaspenak zera izan beharko luke, eztabaida antzuak alde batera laga eta funtsezko akordioetan ezberdinen adostasunak bilatzen saiatzea. Kultura eta borondate politikoaren kontua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.