Baserritik dator berria

2017ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
La Via Campesina mundu mailako mugimenduak Derion egingo du bere VII. Nazioarteko. Konferentzia, Bizkaian. Ohitzen ari gara nazioarteko topaketak gurean izaten; askotan, ordea, esan daiteke ez diegula eskaintzen digutenaren neurriko arreta jartzen gure herriak behar dituen aurrerabideetan sakontzeko.

Konferentzia honen aurrean jokabide bat baino gehiago har daiteke. Izango da, besterik gabe, ruralismoaren aldarrikapena dela uste izanda arreta beste norabait eramango duena. Lerro hauek idazten dituenak, ordea, uste du lehen mailako gertaera izango dela. Gure herrian eta oro har munduan determinantea izango den ildo baten oinarrizko osagaiak ekarriko ditu konferentzia honek.

Zer dakarren ulertzeko, lagungarria gerta daiteke iraganari errepaso azkar bat ematea. Gure herrian, baserriak eta arrantzak lurraldea eta bizimodua ez eze, gure kultura, administrazioa, kohesio soziala, lurralde antolamendua eta identitatea ere markatu dituzte. Lurraren jabego komunala aberastasun eta ongizatearen oinarri izan zen; honen pribatizazioa, berriz, pobrezia eta liskar iturri. Halaber, landa eremuak euskal hiriak eta itsas abenturak elikatu zituen. Baina baserriaren eta arrantzaren atzerakada (eta, ondorioz, sistema sozial oso baten gainbehera eta beste baten nagusitzea) ez dira hautu kolektibo baten ondorioa izan, ez eta euskal organo legegile baten erabakia ere.

Egin dezagun ariketa txiki bat. Pentsa dezagun gure herria ez dutela Frantziak eta Espainiak menderatzen, ez ditugula frankismoaren garbiketa edo politika kolonialen exodoa nozitu, eta euskal estatu burujabe batek gobernatzen gaituela. Inork uste al du elikagaiak ekoizteko jakituria, teknologia, lurra eta honen jabego sistema edo finantzazio egiturak hutsaren ordainetan desegingo genituenik? Gurean, ordea, horixe gertatu zen denboraren joanean.

Gure herrian, ordea, ez genuen estatu burujaberik izan eta horren ordez bi sistema jakobino nozitu genituen, eta haiengandik ikasi zuten gure eliteek. Horrela, identitateari eta lurrari lotutako egiturak desegiteak berebiziko eginkizuna izan zuen nazio egitasmo berrian. Ez zen nolanahikoa izan baserritar eta laborari mugimenduari ezarritako errepresioa 36ko gerran ez eta modernitatearen izenean ezarritako gutxiespena ere, han eta hemen.

Baina horren guztiaren ordainetan zer jaso dugu? Elikatzeko mendekotasuna, metropolien inguruan kontzentratutako lurralde egitura landa eremu gero eta ahulagoen ondoan, jarduera ekonomiko maskulinizatuak industriaren eta laborantza industrializatuaren inguruan, emakume gazteen exodoa landa giroko herrietatik, lurraren eta uraren zaintzan kontrolik eza, komertzializazio sareen eraldaketa, eta abar. Elikaduran burujabe izatetik mendeko izatera pasarazi gintuzten.

Iraganeko gertaerak bai, baina gaur-gaurko erronkak. Bada gure artean ardurak denboran eta espazioan hurbilago ikusi nahi dituenik, eta ez du arrazoirik faltako hein batean, baina lehen sektorearen atzerakada prozesu luze baten ondorio da eta burujabetasun eza da gakoetako bat. Horrekin jabetu beharra dago arnasa luzeko egitasmoetan adostasun berriak eraikitzeko.

Honaino helduta, ondo dator gogoratzea zer-nolako eragina izan zuen Ipar Euskal Herrian Euskal Laborarien Batasunaren inguruan garatutako mugimenduak Hegoaldeko baserritarren mugimenduan, Kepa Enbeitak ongi gogorarazi digunez (JA Aldai, Baserri biziari eusteko lanak, Txalaparta Arg.). Ez alferrik, esku horretatik etorri dira euskal laborantzaren aurrerapauso politiko nagusiak (ELB sindikatua bera, Laborantza Ganbera, etxalde kooperatiboak, Lurzaindia eta etxaldeak gazteentzat gordetzeko lanak...). Aipatzekoak dira, halaber, bere protagonismoa herrigintzaren auzi garrantzitsuetan, hala nola Garapen Kontseilua eta herri elkargoaren aldeko lan politikoa,besteak beste. Horra hor laborantza ahaldunduaren eta ahulduaren arteko aldea, hego eta ipar, mugak bialde.

Ez da lehen aldia izango azken hamarkadetan gure herrian ezagumendu sakonak dituen sektore baten gainbehera ikusten duguna. Lehen aktibitatea eta enplegua zegoen lekuan orain higiezinekin lotutako jarduerak nagusitu dira, baina kanpoko elikagaiez aseak, nahiz eta inoizko hazkunde demografiko handiena bizi eta inoizko ekonomiarik indartsuena izan. Birmoldaketa, ordea, ezin da oinarrizko gaitasunen desegitea izan.

Gure geografia eta klimatologiak eskaintzen diguten inguru pribilegiatu honek beragan ditu XXI. mendeko herri bat elikatzeko behar diren ingurua, gaitasuna, teknologia, legedia, inteligentzia egiturak, sozializazio tresnak eta konpromisoak. Besterik da gure agendan zein lekutan jartzen dugun gai hau. Baina gurean landa eremua husten eta langabezia handitzen ari den honetan denbora alferrik galtzen uzten ari garela esan daiteke.

La Via Campesinaren konferentziak mahai gainean hainbat erronka jarriko dizkigu elikadura, lurraren kudeaketa, enplegu eta aberastasunaren banaketan. Honek guztiak, ordea, agenda propio bat dakar. Izan ere, gure herria mendebaldeko ekonomien ezaugarri nagusiak bere egin dituen aldetik, gero eta nabariagoak dira hainbat gabezia. Elikagaiak bertatik bertara ekoiztea zailtzen duen lurren artifizializazio handia bizi izan dugun azken hamarkadetan, aztertzekoa da nola gorde hirigune nagusien inguruan elikagaiak ekoizteko balio duten lur eremuak. Halaber, landa giroko udalerri txikienak eta bertan elikagaiak ekoiztera emandako sektorea zahartzen ari da, segidarik gabe gehienetan; beraz, eragin beharko da nolabait sektoreak gaztetzeko bide eraginkorra har dezan. Gure merkataritza sareetan oraindik minoritarioa da bertako produktuaren merkaturatze eta kontsumoa, izan freskoa zein elaboratua. Euskal masa kontsumitzailearen zaletasunak komertzializazio sare handien lehentasunetara makurtuta daude aspaldian. Zer egin?

Esan gabe doa egungo egitura ekonomikoa arras maskulinizatua dela eraginkortasun ekonomiko handieneko sektoreetan; maila horretan badu zer eskaini lehen sektoreak. Beraz, plan eraginkor baten beharrean gara elikagaien ekoizpen eta transformazioari lotutakojardueretan aukera berdintasuna eskaintzeko.

Esandakoagatik, azpimarratu nahi genuke La Via Campesinaren Derioko konferentziak Euskal Herriaren proiektuarentzat lehen mailako osagaiak dakartzala, ez dugula gertaera sektorial huts moduan hartzerik. Elikagai egitasmo osasuntsua herri osasuntsu batentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.