Euskal Herri osorako diseinatu daiteke, natur kontserbazioaren lege-markoa bera baita estatu frantziarrarentzat zein espainiarrentzat. Natura 2000 sarearen baitan, korridore ekologikoetan ardaztuta, ikuspegi nazionaletik diseinatu daiteke basoak berreskuratzeko estrategia, naturak ez ditu eta eskualde, lurralde eta estatuak mugatzen Euskal Herrian.
Estrategia hori, gainera, larritasunezko kontua da. Siku daude bazterrak; larre, soro eta mendiak. Lurzoruaren emankortasunari kalte larria egin dio beroak areagotutako lehorteak, eta, eguraldi kontuen adituek ohartu dutenez, El Niñoren eraginez udazken-neguan espero diren prezipitazioek egoera larriagotu dezakete. Lurzorua higatu dezaketen erauntsiak espero dira: lurzorua aseko duten euriteak baino, lurzoruaren harrera gaitasuna gainditu dezaketen prezipitazioak.
Ikuspegi nazionaletik diseinatu daiteke basoak berreskuratzeko estrategia, naturak ez ditu eta eskualde, lurralde eta estatuak mugatzen Euskal Herrian
Izan ere, milioika urtetan biodibertsitateak ondutako basoetako lurzoruak mendez mende ustiatu ostean nekazaritzarako, abeltzaintzarako, egurgintzarako, industriarako zein etxegintzarako, lurzoruen emankortasuna kaltetuta dago. Leku askotan betirako, zoru bihurtzeraino eraldatu ditugu eta: guztiz artifizializatutako eremu mortu zurrunak dira. Horietan urak irrist egiten du, erori bezala isurtzen da errekara, errekek gainez egiteko arriskua emendatuz. Baina, ez da hori lurzoru higatuen ondorio bakarra. Uda honetan, Aturri zein Ebroren hego-ekialdean argi ikusi dugu basoen ordez paisaian nagusi diren pinudiek suteen aurrean duten arriskua. Klima aldaketak areagotuta, teknologiaren bidez itzali ezinezkoak diren suteak ugaritzen ari dira, urtez urte, Europa osoan. Urak gelditzen baitu sua, eta zerutik erori ezean, lurrean bertan eta landaredian pilatutakoak baino ezin ditu gelditu suteak. Are gehiago haize zakarrak bultzatzen dituenean.
Lurzoru ondu eta aberatsetan garatutako baso helduak dira suteak makaltzeko eta, beraz, teknologia baliatzeko denbora irabazteko berme handiena eskaintzen duten zuhaiztiak. Baso helduetako landarediaren baitan gordetako hezetasuna da baso-suteak ez zabaltzeko baldintzarik eraginkorrena. Aldi berean, baso helduetako biodibertsitateak errazten eta azkartzen du erretako eremuen berreskurapena. Horregatik dira basoak, eta bereziki, baso helduak baso-suteen aurrean erresilientzia handiena erakusten duten eremuak, suhiltzaileek ez ezik, mendi ingeniariek ondo dakiten bezala.
Sute gehienen jatorria ez da beroa. Gehienak giza jardueren ondorioz pizten direnez, hori ekiditeko neurriak hartzeak du lehentasuna: alegia, giza jarduerak arautu eta mugatzeak
Hau guztia jakinda ere, aldundietako baso politikak zuhaitz espezie exotikoen monolaborantzan oinarritzen dira oraindik, bereziki, Gipuzkoan eta Bizkaian. Zoritxarrez, basoen berreskurapena eta baso helduen hedapena ez da Euskal Herri osoan, inon, lurraldearen planifikazioan lehenesten den helburu nagusia.
Kontrara. Europa osoan suteak itzaltzeko estrategia behinekoa zuhaiztien sinplifikazioa da, teknologiaren erabilera errazteko esku-hartzeen bidez: pistak irekiz, basoak soilduz, eta giza zein teknologia baliabideak emendatuz.
Mendia edo nahi bada, landa eremua ez dago zikina, ez dute txilardi, otadi eta sastrakadiek zikintzen. Kudeaketan dago arazoa. Landa eremua gaizki kudeatuta dago. Azken mendeetan uraren xurgapena eragotzi eta suteak elikatzen dituzten pinudien monolaborantza sustatu da (Europa osoan): hasiera batean lurraren higadura ekiditeko helburuarekin, baina, ondoren, landaketa horiek naturalizatzeko beharrezkoa zen zaintza eta leheneratze-lanak saihestuz. Basogintzan. Egurgintza biodibertsitatearen kaltetan lehenetsi izanaren ondorioak bizitzen ari gara orain.
Sute gehienen jatorria ez da beroa. Gehienak giza jardueren ondorioz pizten direnez, hori ekiditeko neurriak hartzeak du lehentasuna: alegia, giza jarduerak arautu eta mugatzeak. Aurre hartzeaz gain, ezinbestekoa da suteak laguntzen dituzten arriskuak saihestea eta, horregatik, erantzun beharreko galdera nagusiak hauxe izan beharko luke: nola berreskuratu basoa?
Lurraldea planifikatuz. Biodibertsitatea berreskuratzeko estrategia behar dugu Euskal Herri osoan, eta, aipatu bezala, Natura 2000 sarea izan daiteke horretarako erreminta. Dagoeneko babestuta dauden Garrantzi Bereziko Eremuetako baso-habitaten egoera ekologikoa hobetzeko kudeaketa-planak gauzatzetik hasita, eremu horien arteko korridore ekologikoak gauzatu (aurreikusita baitaude) eta horietarako kudeaketa-planak diseinatu behar dira, natura-ondarea kontserbatzeari buruzko legeak oinarri hartuta eta Mendien Foru Arauak helburu horretara lerratuta. Baso eremu babestuak (izendapen zehatzarekin) Lurralde Plan Partzialetan eta Hiri Antolaketarako Plan Orokorretan zehaztean legoke gakoa, behar izanez gero, lur-jabeentzat konpentsazio-neurriak sortuz.
Milaka urtetan kudeatutako basoen berezko izaera ez dugu guztiz ezagutzen. Badakigu eraldatutako zuhaiztiak ezagutu eta ezaugarritu ditugula. Baina naturak tema handiz erakusten digu ez den horrek nolakoa izan beharko lukeen. Basoak berreskuratzeko borondate politikoa da baldintza. Denbora agortzen ari zaigu.