Tasio Erkizia.
Ezker Abertzaleko militantea

Bigarren trantsiziorako aukerak?

2025eko abenduaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela egun gutxi ospatu dugu Francoren heriotzaren 50. urteurrena. Egun batzuetan ahotik ahora ibili den notizia izan da eta, egia esan, komunikabide gehienetan garrantzi berezia eman zaio. Notizia garatu da, baina eztabaida politikoa alboratuz. Gertaerari garrantzia eman zaio, baina klabe politikoak baztertuz. Datak aipatu dira, duten gaurkotasuna isilduz. Berriro ere aukera galdu da eztabaida politiko sakona egiteko eta izan zena zein izan zitekeena aurrez aurre jartzeko gaitasunik gabe. Nik dakidala behintzat, ez da eztabaida bakar bat ere egin ikusmolde desberdinak kontrastatzeko eta argitzeko. Eta oraindik ere beharrezkoagoa dena: ez da aztertu egungo egoera politikoak orduko erabakiekin duen lotura estua.

Francok dena lotuta eta ondo lotuta utzi zuen. Eta horrela, Trantsizioa deitu zen garaian, frankismoaren oinordekoek pausoz pauso bideratu zuten prozesua. Tirabirekin eta zenbait gorabehera tartean izan zituztelarik, baina marra gorriak aski ongi markatuz: nazio bakarra, Nafarroaren bazterketa eta merkatu librea oinarritzat harturik bideratu zuten. Bistan da Trantsizioan nortzuk markatu zituzten eman beharreko pausoak eta demokraziak errespetatu behar zituen mugak. Helburua, frankismoari jarraipena ematea ahalik eta aldaketa txikienak eginez.

Horren aurrean, Ezker Abertzaleak frankismoarekiko haustura demokratikoa eskatzen zuen, gure naziotasuna onartzen zigun autodeterminazio eskubidea eta Hego Euskal Herrirako lau herrialderen artean osaturiko Autonomi Estatutuaren bidez. Eta horrekin batera, Guardia Zibila zein Polizia espainolaren eta epaile frankisten baztertzea. Bakarrik borrokatu ginen. Han eta hemen, borroka molde batzuekin zein besteekin estatuari aurre egin genion. Halere, ahaleginak eta bi egin arren, ez genuen lortu haustura demokratikoa burutzea, eta frankismoa zuritzera mugatu ziren. Gainera, larrutik ordaindu genuen gure ausardia.

Beste alderdi politikoen aldetik —izan PSOE, PC, PNV, Kataluniako indar politikoak zein Galiziakoak— ez zuten iniziatiba politikorik hartu. Bakoitzak bere interesaren arabera, negoziatzera mugatu ziren; frankismo zurituari aurre egin ordez. Inoiz eta ezeren aurrean ez zuten herria mobilizazio zabaletara deitu, ezta bloke soziopolitiko baterako deialdi publikorik egin ere. Alderdi politiko horien aldetik ez zen proposatu alternatiba politiko zehatzik, ez zuten bultzatu askatasun demokratikoak borrokatzera, jarrera otzandua lehenetsita. Oraingo egoera ikusirik, ez dago zer hausnartzerik? Frankisten inpunitatea onartzeak ez du ondoriorik izan?

Gaur egun, norbaitek ukatu dezake estatu espainolak, berriro ere, krisi larria bizi duela? Ez al da egia togadun politikariek gerra deklaratu diotela Pedro Sanchez buru duen gobernuari? Dudarik ba al dago UCOren bidez Guardia Zibilak gobernuaren aurka hartu duen jarreraz? Epaileak gobernuaren aurka eta gobernua epaileen aurka mokoka ikusiz, jarrai dezakegu sinisten botereen arteko independentzian? Aznar presidente ohia aski argi mintzatu zen: «Quien pueda que haga» [Zerbait egin dezakeenak, egin dezala], eta epaileak oldartu dira gobernuaren aurka, bereziki Amnistiaren Legea jopuntuan jarriz. Eta berdin zaie Auzitegi Konstituzionalak hau edo bestea esan edo Europako Auzitegi Goreneko abokatuak Europako parametroen arabera guztiz legala dela aitortu.

Eskumak ez daki hauteskundeak galtzen. Ez du onartzen Europako estatu gehienetan eskuma egon arren, gobernatzeko Espainiako Estatuan ez diotela zenbakiak ematen. Presa du boterea lortzeko eta prest da edozein bide erabiltzeko helburua erdiesteko. Ez dute amore emango. Beraz, iraganeko denbora ilunetara itzultzeko arrisku bizia dago. Beraien asmoak garbiak dira, eta estrategia ere ez dute ezkutatzen: nazio eta hizkuntza bakarra; askatasun nazionala aldarrikatzen dutenentzat kaiola edo kartzela; emakumeentzat sumisioa; etorkinak, kanpora; langileentzat prekaritatea eta miseria...

Horren aurrean, zer? Epelkerian eta norberaren zilborrera begira jarrai dezakegu? Bidegurutze honetan estrategia argia edukitzea ezinbestekoa da: Felipe Gonzalezek edo erregeak esaten duten bezala, «recuperar la filosofia de la TransiciĂ³n», Trantsizioko filosofia berreskuratzea alegia, ala herrien eta pertsonen askatasun demokratikoak errespetatuko dituen aldaketaren aldeko apustu irmoa egitea. Atzera egin ala bigarren aukera aprobetxatu? Horra hor, begi aurrean agertzen zaigun erronka. Berriro huts egingo da, ala gai izango gara eraldaketa politiko eta sozialaren bidean indarrak bilduz ausardiaz jokatzeko?

Arnaldo Otegik, azaroaren 22ko Bilboko manifestazioan, argi jarri zituen oinarriak: EH Bildu prest dago indarrak biltzeko eta estrategia adosteko. Bidea ez da Euskal Herriaren eskubideak ukatzen dituzten PP bezalako alderdiekin paktuak egitea; estrategia eta urratsak adostu behar dira, bertako zein Espainiako beste nazioetako antifaxistak eta plurinazionalak diren indar politikoekin, eta ekin, ekin eta ekin. Bigarren aukera dugu, korapiloa askatzeko bidean, bultzada berriak emateko. Etorkizuna dugu eraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.