Euskara irakaslea

Birritan datorrena, hirutan ere laster

2025eko abuztuaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezkerrak beti ausiki ezkerrari. Zer dugu gustukoago ezkerreko norbanakook, gogaidearen oina zapaltzea baino? Hala doakigu, eta, tamalez, hala jarraituko dugu. Batasunik ezean, badakigu, ederki jakin ere, zer etorriko zaigun datorren zikloan: eskuina, eskuina, eta azkenburu, eskuina ostera ere. Hain da zaila aurrerakoi guztiok, gure desakordio eta ezberdintasunen despit, elkar hartu eta bat egitea, arerio erkide dugun gaitz bat saihesteko sikiera? Bada, bai, arras zaila da.

Gabriel Rufiaan Esquerra Republicana de Catalunyako diputatuak proposamen estrategikoa helarazi die berriki Estatuko indar progresista gehienei. PP eta VOX bilduko dituen gobernuaren beldurrak mugidatuta, deiera egin die Podemos, EH Bildu, BNG, Compromiis eta bestelako alderdi eta indar politikoei, bloke bakarrean sartu eta hautagaitza komuna prestatzeko. Zoritxarrez berarentzat, badirudi bakarrik gelditu dela, basamortuan predikatzaile. Junquerasek berak adierazi du garbi: «Eskuinari irabaztea inportantea da, baina lehenik Katalunia eta gero gerokoak».

Eta ez bakarrik bere alderdiko inork ez duelako horrelakorik nahi: Podemosek, Rufianen ekimenaren berri izan orduko, atea itxi dio muturren parean. Logikoa, kontuan hartzen badugu Podemosen programa eta ideiak, alde batetik, eta ERC, EH Bildu eta BNGrenak bestetik, sano diferenteak direla. Batik bat afera jakin batzuei dagokienez: Estatuko nazio periferikoen ikuspegia, hizkuntza-politika, hezkuntza publikoaren eta pribatuaren arteko gatazka...

Rufianek Compromis koalizioko valentziarrei ere zabaldu die atea, eurak ere bere ametsetako aliantza ezkertiarrean sar daitezen. Batasunak indarra dakarrelakoan, agidanean. Ahantzi omen zaio Esquerrako bozeramaileari Compromis hiru alderdiz osatuta dagoela, EH Bilduren antzera, eta koalizioko partidu nagusiak, Mes-Compromisek, oso jarrera mukerra duela kataluniar kupoari dagokiolarik. Izan ere, Baldovi erreferente duen indar aurrerakoi horrek ez du begi onez ikusten gobernu zentralak lehentasuna eman izana kataluniar kupoari, Valentziako Erkidegoaren finantzaketa alde batera utzita. Horregatik, eta Sumarrek egiten dion jaramon eskasagatik, sartu da Agueda Mico Mes-Compromiseko diputatu bakarra Kongresuko talde mistoan. Hortaz, Rufianen eta Micoren interesak kontrajarriak direla kontuan harturik, zaila dirudi inoiz biak hautagaitza berberean ikustea.

Eta, Agueda Micoren kasura itzuliz, gogoratu behar dugu zer gertatu zaion Sumar koalizioari. Hasiera batean, hamabost bat alderdik fronte zabal aurrerakoia eratu zuten, ultraeskuinaren gorakadari aurre egiteko. Hauteskundeen biharamunean, kanpainan zehar ostendu nahi izan zituzten arazo eta ausiabartzak azaleratu ziren, eta, apurka-apurka, ezkerreko aliantza estrategikoa deseginez joan zen: Podemos talde mistora igaro zen, Compromisek gauza bertsua egin zuen arestian, Chunta Aragonesistak eta Mes per Mallorcak autonomia handiagoa galdatu zuten... Bakoitzak berea defendatu nahian, azkenean, Sumar koalizioa atomizatu egin da.

Santa Colomako zinegotzi ohiak proposatu duena ez da, berez, ideia berria, ezta txarra ere. Alabaina, Estatuko ezkerreko alderdien proiektuak, helburuak eta pretentsioak ezberdinak dira oro. Beraz, fronte komunak hauteskundeetan emaitza hobeak erdiesteko balioko luke, baina, bozen biharamunean, alderdi bakoitzak bere bidea hartuko luke, batasun estrategikorik gabe. Endemas, ezkerrak jada badu nahiko historia tamalgarria bat-egiteez bezainbatean. Unidos Podemosen haustura traumatikoa dugu gogoan denok, 2019ko hasieran jazoa, Errejonek eta bere korrontekoek ihesaldi masiboa prestatu eta gauzatu zutenean. Orain, Sumarren desintegrazioaren lekuko ari gara izaten. Birritan datorrena, hirutan ere laster.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.