Mobilizazioetan murgilduta daude azken hilabeteetan Frantzian, Italian, Portugalen, Albanian... Murrizketak salatzen dituzte zerbitzu publikoetan, hezkuntzan, osasun zerbitzuetan eta pentsioetan. Murrizketa horiek gertatzen ari dira NATOko estatu kideek gastu militarra handitzen duten bitartean. Gastu militarraren igoera justifikatzeko esaten dute Errusiarekiko gerra hurbil bat egon daitekeela.
Frantzian protesta sozialak kalean gertatzen dira. Protesta horien buru dira ikasleak, sindikatuak, Jaka Horiak eta beste hainbat eragile. Hedatu diren irudiek jendarmeekin talka gogorrak erakusten dituzte leku ezagunetan, hala nola Bastillan. Halaber, ikasleak ikusten dira ikastetxeak okupatzen, sarbideak blokeatzen eta eskuin muturreko paramilitarrak haiei erasotzera joaten. Protesta horiek jarrera erradikala eta irmoa hartu dute kalean. Hedabideek eta kapitalaren jabeek indarkeria deitzen diote horri.
Gertatzen den kaosaren erdian, arpilaketa batzuk ere egon dira marka ezagunen dendetan eta bitxi dendetan. Hori erabiltzen du erreakzioak Frantziako kasuan ekintza zuzena darabilten protestak seinalatzeko eta kriminalizatzeko, eta hala fokua kaleko aldarrikapen politikoetatik urruntzeko. Horrela, bizi dugun une honetan, Europako matxinada sozialekin batera poliziaren hedapen handia etorri da. Zenbait tokitan manifestazioak debekatu dituzte eta etxeratze agindua ezarri dute, langile masak kalean mobilizazio erradikala defendatzen duen bitartean. Hau guztia Italian ere gertatzen hasi zen, non Meloniren gobernuak armada bidali zuen zerbitzu publikoen murrizketen aurkako protesten aurrean.
Espainiako Estatuan duela aste batzuk ikusi genuen nola hasi ziren sare sozialetan zabaltzen adimen artifizialarekin egindako deialdi batzuk. Horietako batean, Bartzelonan, denda batzuk arpilatzera deitzen zuten, eta aldarrikapen batzuk egiten zituzten. Eguna heldu zen, eta gazte askok marka handietako saltokiak arpilatu zituzten. Ondoren, komunikabideek han gertatutako horri etengabeko zabalkundea nola eman dioten ikusi dugu. Horrek baztertu egin du azken asteetan etxebizitzari, hezkuntzari eta osasunari buruz sortzen ari zen eztabaida politiko eta soziala. Gainera, hedabideek fenomeno hori Frantziako Estatuan gertatu zenarekin lotu dute.
Giro mental eta errepresibo bat sortzen ari dira, hezkuntzaren, osasunaren eta pentsioen murrizketen aurkako protesta legitimoak kriminalizatzeko
Frantziako kaleak protesta politiko argiz betetzen ari ziren bitartean, eta arpilatze batzuk ere gertatzen ari ziren bitartean, Blocus izeneko esperimentu soziala aurkeztu digute protesta modu bat balitz bezala.
Estatuek aurrea hartu nahi dute eztanda sozialaren eta matxinadaren beldurraren aurrean, gertu dagoen greba orokorraren aurrean eta langile klaseak plazetan eta kalean mobilizatuz eta antolatuz hitz egiten duen bitartean. Horretarako giro mental eta errepresibo bat sortzen ari dira, hezkuntzaren, osasunaren eta pentsioen murrizketen aurkako protesta legitimoak kriminalizatzeko. Baita etxebizitzaren arazoaren aurkako mobilizazioak ere, protesta horiek erradikalizatzen direnerako, dirua NATOren eta AEBren interesetara bideratzen ari diren bitartean.
Euskal Herrian aztiari trikimailua ikusi zaio. Vito Quilesen presentziarekin saiatu ziren, eta fenomenoa puztu nahi izan zuten. Baina ez zuten pentsatu Euskal Herrian askotariko herri mugimendua dagoela Blocus izan daitekeen horren ingurutik urrun. Azkenean, azukre koxkor bat bezala desegin da dena. Aipatzeko da, ordea, El Correo bezalako komunikabideen jarrera, gertakari horiek ETArekin eta Jardun edo GKS bezalako erakundeekin lotzen dituzten artikuluak argitaratu baitituzte. Telebista kate batzuen jarrera ere agerian geratu da, baita polizia sindikatuena ere, material errepresibo gehiago eskatzeko, kontrol soziala handitzeko eta kriminalizazioan sakontzeko aprobetxatu baitute.
Ehunka gazte klase erakundeetatik urruntzen ari dira. Ez genituzke lumpen gisa bakarrik izendatu behar. Pentsatu behar da nola erakar genitzakeen erakunde iraultzaileetako kide izan daitezen eta ez dezaten amaitu erreakzioaren tresnak izaten.
Borroka garaiak datoz kalean, eta baita militarizazio garaiak ere. Geure buruari kalte gehiago egin aurretik, begira diezaiogun aztiaren trikimailuari, matxinada soziala zabal dadin, Blocusen esperimentu sozialaren inposaketa onartu gabe.