Aspaldi neukan gai honi heltzeko gogoa, baina ez nekien nondik hasi. Datorren azaroaren 29ko hauteskundeak inguratzen dituen giro nahasiak, ostera, aitzakia bikaina eman didate horretarako. Eztabaida politikoaren polarizazioa ez da kontu berria, eta giro gaiztotu hori gurera ekartzeko saiakerak ere ohikoak izaten dira. Hala ere, diskurtsoetan espainiar ezker-eskuin dikotomia ardatz abertzaleari gainjartzeko batzuek hartu duten bidea bereziki deigarria egin zait. Euskadiri Kongresuko 23 eserleku dagozkio hauteskunde hauetan: EAEko 18 eta Nafarroako beste 5. Funtsean, euskal ordezkariak Madrilen zeintzuk izango diren aukeratu beharko dugu. Hori da jokoan dagoena, ez dezagun ahaztu.
Egoitza nagusia Ebrotik behera duten alderdiek ezker-eskuin logika sustatzea normala iruditzen zait. Azken batean, etxean jokatzen dute. Dena den, Estatuko alderdiak pluraltasun politikoa leialtasunen eta desleialtasunen erakustaldi zantar bihurtzen ari dira. Eta hori modu deliberatuan egin dute: desadostasunetatik lubakiak sortzen, aurkaria etsai egiten eta edozein erabaki bloke batekin edo bestearekin lerrokatzeko baliatuz. Estatua lehia politiko zentripetutik zentrifugora doan honetan, zer irakurketa egin behar dugu Euskal Herritik?Â
Abertzale modura, nik argi daukat frantziar eta espainiar Estatuak ez direla gure berezko joko-zelaiak. Gure herria eta bere ahalmenak defenditzea eta, ahal dela, horiek handitzea izan beharko litzateke alderdi abertzaleen papera Madrilen. Ez balizko gobernu bat edo beste bere horretan sostengatzea; ez estatu-logikako bloke batekin edo bestearekin bat egitea; ez PSOEren ezkerrera zaudela esatea. Alderdi abertzaleen abiapuntua eta helburua Euskadin egon behar du. Kontrakoa egiteak euskal politika obedientzia espainoleko alderdien sukurtsal-logikan murgiltzea dakar. Hauteskundeen ostean, diskurtsoen politikatik edukien politikara pasatzeko momentua helduko da, eta horregatik, blokeen politika guztiz antzua dela pentsatzen dut.Â
Abertzale modura, nik argi daukat frantziar eta espainiar Estatuak ez direla gure berezko joko-zelaiak. Gure herria eta bere ahalmenak defenditzea eta, ahal dela, horiek handitzea izan beharko litzateke alderdi abertzaleen papera
Madrilen gobernatzen duenak gobernatzen duela, euskal etxea tente eta martxan mantentzea dagokigu. Legealdi honetan, EAJ tarteko, euskal erakundeek 19 transferentzia bereganatu dituzte. Azkena, ikerketari eta berrikuntzari lotutakoa Nafarroan. Eta, zalantza barik, lortzen diren horien guztien atzean euskal herritarron ongizatea eta aurrerabidea daude. Espainiako konfrontazio-dinamikan sartzea ez da kaltegabeko erabakia, nazio eraikuntza bigarren maila batera alboratzen duelako. Hortaz, zertan dabil ezker abertzalea? Azken urteetan oso adeitsu ikusi dugu EH Bildu Pedro Sanchezen gobernuarekin. Ikusi dugu gure eskumenak zapaltzen dituen Estatuko etxebizitza legeari bide ematen, euskal selekzioen ofizialtasuna ahalbidetzeko legeari abstentzioa ematen, bere udaletako udaltzainak Intxaurrondon Guardia Zibilarekin trebatzen, Puente ministro ohiarekin leunkeriaz aritzen edo Euskal Herrian bizi ez den CUPeko militante bat bere barne-egituran sartzen. Egitate adierazgarriak guztiak. Bloke leialtasunaren morrontzan, aberrigintza ez beste gauza batera dagoen seinale.Â
Eta horren guztiaren artean arduragabekeria ere badago; izan ere, eztabaidaren markoa espainoltzeak polarizazioa ere gurean zabaltzeko arriskua areagotzen du. GBBko presidente Euge Arrizabalagak esan bezala, gure herriak ez ditu faxista urdinen probokazioei indarkeriaz erantzungo dieten faxista gorririk behar. Batzuetan sentitzen dut garai hauetan moderazioaren alde egitea alferrikako saiakera dela, baina blokeetatik haratago zentraltasun politikoa badago: baliagarria eta proiektu egingarriekin. Klabea ez da izango nork irabaziko duen Espainiako borroka politikoa, baizik eta azaroaren 30etik aurrera gure herri interesak defenditzeko zenbateko gaitasuna edukiko dugun.